«Adinean aurrera joan ahala, landareen begirada geldi eta zabal hori hartu dut»

Juan Kruz Igerabide, herenegun Donostiako Parte Zaharrean, eskuan liburu bat duela
Juan Kruz Igerabide, herenegun Donostiako Parte Zaharrean, eskuan liburu bat duela / Unanue

EHUko lanetik erretiratu da, aforismo-liburu bat atera du orain, bere hirugarrena, eta umeentzako abezedario poetiko bat egiten ari da

Félix Ibargutxi
FÉLIX IBARGUTXI

Juan Kruz Igerabidek 'Labur txintan' aforismo-liburua plazaratu du. Genero honetako hirugarren emaitza du, aurretik 'Herrenaren arrastoan' (1998) eta 'Egia hezur' (2004) atera zituelarik. Uste du hiru liburuok badutela gauza bat komunean: «bizitzari begiratzeko jarrera».

-Bizitzari begiratzeko modu bat ageri da liburuan, beraz.

-Munduan izan diren pentsalari handi batzuen pentsamenduaren hariari tiraka sortutako aforismoak dira. Baina egunerokotasunaren ikuspegitik jorratu ditut haien esanak, eta baita ere distantzia pixka bat hartuz, bai pentsalari haiekiko, bai norberaren buruarekiko. Etengabeko ironia dago hasieratik bukaera arte.

-Zein ditugu pentsalari horiek?

-Diseinatzaileak liburuaren azalean ipini ditu izen horietako batzuk: geroketatik hasita -Hipokrates, Parmenides, Heraklito...- Hobbes bat, Kierkegaard bat, Canetti, Spinoza, Pascal, Freud, Cioran... Horien babesa bilatu dut, baina aldi berean horien seme bihurri bihurtu naiz.

-Horrelako autoreen irakurle saiatua izan zara, hortaz.

-Irakurle, baina ez sistematikoa, non eta ez nuen egin behar lanen bat unibertsitaterako edo hitzaldi baterako. Mokoka egin izan ditut irakurketok, pentsalari batetik bestera saltoka; zokomiran, esan genezake.

«Askotan kontrastearen bidez azpimarratu dut edukia. Adibidez: 'Logikan sinestea logikoa al da?'»

-Esan ohi dute aforismoak egiten hasi eta adikzioa sortzen dutela. Horrelako zerbait entzun nion Karlos Linazasorori, adibidez.

-Bai, urte hauetan nahiko sarri landutako generoa izan dut. Material ugari atera zait, eta hortik egindako entresaka da liburu honetan datorrena. Esango dizut liburuko atal batzuk: lehenengoa, 'Giza-legearen koaderno ausazkoa', gizarte-gaiei buruzkoa; gero 'Educatio non petita', heziketari buruzkoa, nik hor urte asko eman ditut eta. Azken atalak 'Umorez gerotik gerora' eta 'Landareen patxada' dira.

-Landareen patxada? Bai gauza deigarria!

-Horko aforismoak ez dira espiritualak, erlijioaren ikuspegitik, baina espiritualista dei daitezkeen gogoetak dira. Neure buruarekin autoindagazioan jardun naiz. Ironia erabili dut, baina ozpina bezala, tanta batzuk besterik ez. Saiatu naiz gauzak ez garrazten. Ez da ironia leuna, baina ez da sarkasmora iristen.

-Landareei patxada ikusten diezu?

-Landareak poliiiiki hazten dira eta bizi guztia toki bakar batean ematen dute, eta begirada ere bakarra dute. Nik, adinean aurrera joan ahala, esango nuke landareen begirada geldiago eta zabalago hori hartzen joan naizela; eta beste gizakiei antzera ez ote zaien gertatzen... Pixkanaka-pixkanaka landareen patxada hartzen ote goazen.

-Esan nahi duzu urteen poderioz, azkenean ikasten dugula ingurua kontenplatzen?

-Hori da!

-Aforismo batzuek hitz-jokoa izaten dute. Zure hauetan hortik asko al dago?

-Hitz-joko bat edo beste badago, baina saiatu naiz beti edukiari lehentasuna ematen. Askotan, kontrastearen bidez azpimarratu dut edukia. Adibidez: «Koherentzia egoskorkeriaren aldaera bat da». Edota: «Logikan sinestea logikoa al da?»

-Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle-lanetik erretiratuta zaude, ezta?

-Bai. Laboa Katedran laguntzaile nago orain, eta gainontzeko unibertsitate-lanetatik erretiratuta, bai.

«Laboa Katedran artistak ezagutzeko aukera izan dut, baina buruhauste burokratikoak ere bai»

-Horrek esan nahi du orain idazketari emanago bizi zarela?

-Hasiera honetan, gutxiago idazten ari naiz lehen baino. Gauzak patxada gehiagorekin hartzen ditut: lehen, bainatzera joaten banintzen, di-da egiten nuen, orain denbora gehiago ematen dut. Ez nau horrek batere kezkatzen. Material asko daukat idatzitakoa eta inongo presarik ezer argitaratzeko.

-Zein izan dituzu liburu salduenak?

-Helduen alorrean, 'Hauts bihurtu zineten', dudarik gabe. Eta umeenean, gaztelaniaz '¡Agua va!', Edebe argitaletxekoa; euskaraz, paretsu, 'Jonas eta hozkailu beldurtia' eta 'Egunez parke batean'.

-'Hauts bihurtu zineten' horrek, Euskal Herriko historia hurbilari lotutako istorioa zelako lortuko zuen beharbada arrakasta.

-Inoiz ez da jakiten. Nik idatzi ditudan hiru nobelak, hirurak dira errealitate hurbilarekin konexioa dutenak. Baina idazmolde klasikoagoa erabili nuen 'Hauts bihurtu zineten'-en. Besteak esperimentalagoak ziren.

-Zer eman dizu Mikel Laboa Katedrako zuzendari izateak?

-Batetik, izugarri miresten nuen artista batengana hurbiltzeko modua izan dut, eta hori izugarria izan da. Gero, bestetik, artearen alorreko jende-mota askorekin harremana izateko aukera eman dit. Eta, azkenik, buruhauste burokratikoak ere eman dizkit; orain gutxien axola zaidana da, hala ere.

-Orain zer idazten ari zara?

-Haurrentzako abezedario bat, Denonartean argitaletxearekin aterako dudana. Hitzen formarekin poema batzuk osatu ditut. S bat, adibidez, zisne batean ikus dezakezu; eta B bat haurdun bat haurdun dagoen emakume batengan... Marrazkiak, Granadan bizi den margolari irundar batek egin ditu: Elena Laurak. Ikusita zer egin duen, esan dut nirekiko: psikoanalista da, nire barruan sartuta ibili da!

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos