Abiatu da Euskal Herriko Eskolarteko Bat-bateko Txapelketa

Iazko finaleko argazkia./XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA
Iazko finaleko argazkia. / XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA

Lurralde goiztiarrena Gipuzkoa izan da: atzo egin zen lehen saioa Zestoan, eta apirilaren 20an jokatuko da finala Lasturren

Herrialde guztietako bertsolari gazteenek data bera dute begiz jota: ekainaren 9a. Egun horretan amaituko du hain zuzen bidea bidea, Saran jokatuko den finalarekin, 2018ko Euskal Herriko Eskolarteko Bat-bateko Txapelketak. Finalerainoko ibilbideak, baina, desberdinak izango dira lurraldeen arabera. Gipuzkoa izan da goiztiarrena, ostiralean, otsailak 16, abiatu baitzen Txapelketa Zestoan. Ostiralero egingo dira Gipuzkoan kanporaketa saioak martxoaren 16ra arte, Oñatin (otsailak 23), Orion (martxoak 2), Ereñotzun (martxoak 9) eta Anoetan (martxoak 16). Finala apirilaren 20an egingo da, Lasturren.

Gogoratu behar da Eskolartekoak barne hartzen dituen ekintzak Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dituztela, elkarlanean. Egitasmo ezagunena 15-18 urte bitarteko gazteek parte hartzen duten bat-bateko txapelketa izan arren, bada bestelako ekimenik, hala nola bertso-merenduak gaztetxoenentzat edi idatzizko txapelketa. Azken horretan zortzi saio egingo dira Gipuzkoan, eskualdeka, martxoaren 6tik 16ra.

Bat-batekora itzulita, Bizkaian ere, Gipuzkoan bezala, kanporaketa saioak egingo dira: apirilaren 19an egingo da lehena eta apirilaren 23tik 25era artean hurrengo hiru saioak. Euskal Herriko finalera sailkatuko diren bertsolariak maiatzaren 6an ezagutuko dira, Balmasedan egingo den finalean. Egun horretan egingo da idatzizko saioa ere.

Araban, Nafarroan eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan, berriz, saio bana egingo da: apirilaren 20an egingo dute nafarrek Iruñean; maiatzaren 12an egingo da Arabakoa Legution; eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoari dagokionez, maiatzaren 19an izango da saioa Hazparnen. Bestalde, Araban bat-bateko bigarren saio bat egingo da gaztetxoenentzat: maiatzaren 26an Gasteizen haurrek bat-batean aritzeko aukera izango dute, idatzizko txapelketako saioarekin batera.

Horiek amaituta, lurralde bakoitzean sailkatutakoek parte hartuko dute Euskal Herriko Eskolarteko Bat-bateko Txapelketako finalean. Iazko tokia errepikatu eta Saran izango da ekainaren 9an. Finalera sailkatutakoek, besteak beste, Mintzola Ahozko Lantegiak beste erakunde eta elkarte batzuekin sustatutako Ahots Baten sormen egonaldian parte hartzeko tokia izango dute.

Zenbait lurraldetan Bertso Eskolen Eguna Eskolarteko finalarekin bat etorriko da. Hala izango da Bizkaiaren eta Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoaren kasuetan; Balmasedako eta Hazparneko hitzorduetan egingo dute ospakizuna. Gipuzkoan eta Nafarroan, aldiz, Eskolarteko finala apirilaren 20an egingo badute ere, Bertso Eskolen Egunak maiatzaren 6an egingo dituzte bi kasuetan; Tolosan izango da, esate baterako, Gipuzkoakoa. Araban, berriz, Bertsoa Bizi Gazte Eguna ospatzen da, espresuki Araban bertsolaritza gazteen artean sustatzeko egin ohi den egitasmoa. Legution gauzatuko den Eskolarteko bat-bateko finalarekin batera egingo da, maiatzaren 12an.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos