Oholtza gaineko abenturarako prest da Martin Zalakain

Sei dantza taldetako kideak ariko dira oholtzan./
Sei dantza taldetako kideak ariko dira oholtzan.

Juan Antonio Urbeltzen koreografia, Ander Lipusen antzerkia eta Harkaitz Canoren hitzak biltzen dituen 'Martin Zalakain' ikuskizuna Arriaga antzokian estreinatuko da larunbatean. Donostiara abenduan helduko da

Pio Baroja idazle donostiarraren 'Zalacaín el aventurero' eleberrian oinarritutako 'Martin Zalakain' lana Bilboko Arriaga antzokian estreinatuko da larunbatean, azaroaren 11n. Juan Antonio Urbeltzen koreografia, Ander Lipusen antzerkia eta Harkaitz Canoren hitzak dituen ikuskizuna "dantza eta antzerkiaz haratago" doa, arduradunek obra aurkezteko egindako agerraldian nabarmendu dutenez. Donostian abenduaren 16 eta 17an aurkeztuko da, Victoria Eugenia antzokian,

1908an kaleratutako 'Zalacaín el aventurero' eleberriak 'Tierras vascas' trilogia ixten du, 'La casa de Aitzgorri' (1900) eta 'El mayorazgo de Labraz'-en (1903) ondotik. Euskarara Koro Navarrok ekarri zuen 2006 urtean, Literatura Unibertsala bilduman, 'Zalakain abenturazalea' izenburuarekin . Lehendik ere irtendakoa da Zalakain liburutik; zinemara, esate baterako, pare bat aldiz...

Oraingo honetan, ordea, oso bestelakoa da hurbilketa Erronka handia ere bai. "Aurrerapauso bat da, gure herri dantzaren alorrean lehen aldiz gertatuko den erronka", azaldu dute.

'Martin Zalakain' Argia konpainiaren egitasmoa da, Juan Antonio Urbeltz bultzatzaile duela. Euskal dantza tradizional garaikidean lengoaia eta dantzaera molde berri bat proposatzea eta ikusleei emozioen bidez gozatzeko moduko ikuskizun bat sortzea dira helburuak. Halere, proposamena "dantza eta antzerkia baino gehiago" dela azpimarrratu dute, adierazpen artistiko ugari erakutsiko baitira taula gainean. "Garai baten erretratu bikaina izan zen eta belaunaldi oso bat literaturara erakartzeko balio izan zuen Pio Barojaren nobela hura berreskuratu eta beste ertz batetik interpretatzeko proposamen paregabea da", ziurtatu dute.

Iturriak, "anitzak eta aberatsak"

Argia konpainiak argumentu dramatikoarekin egindako dantzari heldu dio lan honetan. Dantza teknikan zehaztasuna, adierazpen dramatikoa eta emozio bidezko komunikazioa uztartuko ditu obrak. Lana hezurmamitzeko inspirazio eta eduki iturriak "anitzak eta aberatsak" izan dira, eta Europa osoan azken bost mendeetan izandako dantzaren, antzerkiaren eta arte draman dute oinarria. Era berean, ikuskizunean pausu berriak proposatuko dituzte, dantzaeraren ikusgarritasunean arreta jarrita.

Dantzaren interpretazioa sei taldek egingo dute, Donostiako Argia konpainiari beste bost batuko zaizkiolako eszenatoki gainean: Eibarko Kezka, Elgoibarko Haritz, Iruñeako Duguna, Miarritzeko Maritzuli eta Portugaleteko Elai-Alai.

Dantzariez gain, Ander Lipus aktorea izango da, On Pio maisuki antzeztuz, eta musikak ere berebiziko garrantzia izango du. Musikaren sorkuntza lanetan Marian Arregi eta Mikel Urbeltz izan dira, eta biak ere taula gainean izango dira, beste hainbat musikarirekin batera: Marian Arregi (akordeoia), Mikel Urbeltz (arrabita), Arantzazu Mujika (arrabita), Maider Urbeltz (arpa), Dugunako Musikariak (txistua, haize tresnak eta perkusioa), Ezpelur (dultzaina) eta Plectro (soka tresnak).

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos