Haurren artean euskarazko zinema sustatzeko hitzarmena berritu dute

Bingen Zupiriak eta Maite Iturbek sinatu dute akordioa./IREKIA
Bingen Zupiriak eta Maite Iturbek sinatu dute akordioa. / IREKIA

Zinema Euskaraz egitasmoan lankide izaten jarraituko dute 2018an Eusko Jaurlaritzak eta EiTBk

Nick Park zinemagilearen 'Harpetarra' filmaren aurrestreinaldiaren aurretik, 2018an Zinema Euskaraz proiektuari jarraipena emango dion akordioa sinatu dute larunbat honetan Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Maite Iturbe EiTBko zuzendariak Bilbon.

Sailburuak gogora ekarri du aurretik Zineuskadik emandako datu esanguratsua. Programa horren barruan 2016tik 2017ra 60.000 haurrek izan dutela alegia beraien adinari egokitutako filmak -nazioartekoan arrakasta lortutako lanak, gehienak- ikusteko aukera, aurreko ikasturtean baino 20.000 gehiagok. 2017an, hain zuzen, 12 film estreinatu dira larunbat honetan berritu den lankidetzari esker.

Bingen Zupiriak programa horrek kalitatezko euskarazko filmak gazteenei hurbiltzeko duen garrantzia azpimarratu du. "Haur eta gazteen artean interes handiena pizten duten hainbat estreinaldi euskaraz dira gaur egun, eta egoera horretara ohitu gara. Familiek oso natural bizi dute animaziozko zinemaren eta gure hizkuntzaren arteko lotura hori. Hala ere, ez da beti hala izan, Zinema Euskaraz programari esker etorri da hori, eta horregatik aurrera jarraituko dugu programa arrakastatsu honekin", adierazi du.

Maite Iturbe EiTBko zuzendariak azpimarratu du proiektuaren koherentzia EiTBren ardatzekin. "Zinema, euskara eta umeak EiTBren hiru ardatz garrantzitsu dira, eta itun honek horiek batzen ditu. Gaurko ekitaldia hiru oinarriok sendotzera dator", adierazi du.

EiTBrekin sinatutako akordioaren arabera, haurrei zuzendutako HIRU3ko bazkideek hainbat abantaila izango dituzte 2018 urtean zehar (sarrerak, merchandisinga, eta abar) Zinema Euskaraz programaren eskutik antolatuko diren estreinaldietan parte hartu ahal izateko. 2017an zehar, 6.595 bazkidek hartu zuten parte HIRU3k antolatutako zozketetan eta, aurten, ildo beretik, txikientzat estreinaldi bereziak ere jarriko dira abian, tartean Zinegabonak ekimena, baita beste zenbait jarduera berritzaile ere.

Zinema Euskaraz programa Zineuskadi ikus-entzunezko sektoreko plataforma publikoaren bitartez kudeatzen da eta 2012an abiarazi zen zinema-areto komertzial eta alternatiboetara euskaraz bikoiztutako film sorta zabala eramateko asmoz. Programa horren bidez, dozena bat nazioarteko estreinaldi sustatzen dira urtero-urtero, gehienak animaziozkoak, eta horien bitartez euskarazko zinema milaka hiritarrengana hurbiltzen da. Eusko Jaurlaritzak 335.000 euro inbertituko ditu aurten programa horretan; horrez gain, Filmazpit azpi-programa laguntzen du 40.000 euroren bitartez.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos