60.000 parte-hartzaile izan ditu Pirineos Sur jaialdiak

René Pérez 'Residente'-ren kontzertua Lanuzako ur gaineko agertokian.
René Pérez 'Residente'-ren kontzertua Lanuzako ur gaineko agertokian. / Javier Cebollada/EFE

Agertoki nagusia Huescako Lanuza herrian daukan nazioarteko kulturen jaialdiko antolatzaileak, bereziki pozik publiko berria erakartzea lortu dutelako

Oso pozik itxi dute 26. edizioa Huescan egiten den Pirineos Sur Nazioarteko Kulturen jaialdiko arduradunek, inoiz baino zabalagoa izan baita parte-hartzea. Igandean amaitu zen jaialdiaren aurreneko balantzearen arabera, horrek iraun duen bitartean antolatu diren 72 ekitaldietan 60.000 lagunek hartu dute parte. Arduradunek azpimarratu dute, halaber, aurtengo edizioan oso egonkorra izan dela parte-hartzaileen kopurua 17 egunetan zehar, eta ez dela egon aurreko edizio batzuetako hutsunerik.

Pirinioetako musika jaialdi erraldoia Sallent de Gállegon egiten da, gune nagusia Lanuzan duela. Eta Lanuza ez da herri arrunta. Pirinioetako beste herri txiki asko bezala, Gállego ibaiko urak bildu nahi zituen pantano batek arriskuan jarri zuen Tenako Ibarraren bihotzean kokatutako herrixka. Pantanoak etxe asko irentsi zituen, baina herritarrek, lan eta inbertsio askoren ondoren, lehorrean gelditu zirenak berreskuratzea lortu zuten, eta herria berpiztu egin zen. Aniztasunaren jaialdia ere esaten zaion Pirineos Sur-en agertoki nagusia, hain zuzen, Lanuzako urtegian jartzen dute, ur gainean, anfiteatro natural moduko bat egokituz.

Lanuzako kontzertuak izan ohi dira jaialdia sortu zenez geroztik erakargarri nagusia, baina aurtengo edizioak eman duena aztertzean arduradunek azpimarratu dute Sallent de Gállegon bertan antolatu diren jarduerek izan duten arrakasta. Era berean, gaueko jaialdia izan beharran egun osoko proposamena izateko ahaleginetan dabiltza antolatzaileak azken urteetan, eta horretarako era guztietako jarduerak antolatzen dituzte, batez ere familiei zuzenduak.

Aurreneko balorazioen arabera, bete-betean asmatu dutela dirudi. Huescako Diputazioko Kultura arduradun Berta Fernándezek adierazi duenez, "edizio honek publiko berriak eta jende gaztea erakartzeko gaitasuna izan du. Familiak bereziki garrantzitsuak izan dira alde horretatik, eta sekulako arrakasta izan dute Días de Sur programazioaren baitako ekitaldiek".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos