Ia 3.000 gaztek parte hartuko dute Galtzagorriren book trailer lehiaketan

Aurten 25 ikastetxek eman dute izena lehiaketan, guztira, 2.945 ikaslek / EPA

12 eta 16 urte bitarteko gazteen irakurtzeko zaletasuna sustatzea da helburua

Galtzagorri Elkarteak Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketaren seigarren edizioa jarri du martxan. Aurten 25 ikastetxek eman dute izena lehiaketan eta, guztira, 2.945 ikasle ariko dira liburuak irakurri eta haiei buruzko book trailerrak egiten datozen hilabeteetan. Iaz baino 1.000 gazte gehiagok hartuko du parte 12 eta 16 urte bitarteko gazteen irakurtzeko zaletasuna sustatzeko helburuarekin, horretarako teknologia berriak erabiliz.

Galtzagorrik jakinarazi duenez, lehiaketan parte hartzen duten guztien egitekoa honakoa da: maila bakoitzerako proposatutako liburua irakurtzea eta horri buruzko book trailerra egitea, liburu horren irakurketa sustatzeko. Ikastetxetatik kanpo norbanakoen kategoria ere badago lehiaketan, eta parte hartu nahi dutenek nahikoa dute azken eguna baino lehen (2018ko martxoaren 9a) book trailerra webgunera igotzea.

Ikasturte honetan, iaz bezala, parte hartzaileek book trailerrak nola egin eta lehiaketan nola parte hartu azaltzen duen bideo tutorial interaktibo bat dute Liburu Gaztea webgunean ikusgai, Oreka Interactive enpresa donostiarrak sortutakoa. Urtero bezala, egitasmoan parte hartzen duten irakasleentzako formakuntza saioa eskainiko du Galtzagorri Elkarteak ikasturte hasieran, eta aurten book trailerrak egiteko teknika desberdinak azalduko dizkie.

Sariak epaimahai batek erabakiko ditu. Ikastetxeen kategorian, DBH1-DBH2 eta DBH3-DBH4 mailetan sari berdina banatuko da: abentura txangoa lau lagunentzat eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonua ikasgelarentzat. Norbanakoen kategorian, e-reader bat eta 100 euroko bonua liburu eta diskotan gastatzeko banatuko dira. Publikoaren saria ere izango da, Ikastetxeen zein Norbanakoen kategorian (200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko). Bestalde, bozketan parte hartu dutenen artean e-reader bat zozkatuko da. Gainera, 2017-2018 ikasturteko Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako irabazleek (Ikastetxeak kategorian, DBH3-4), hurrengo edizioko promozio bideoa egiteko aukera izango dute. Hain zuzen ere, aurtengo iragarkia iazko edizioan sari hori irabazi zuen Nuestra Señora de Aranzazu ikastetxeko ikasleek burutu dute.

Irakurri daitezkeen liburuak

Ikasturte honetako Liburu Gaztea lehiaketarako irakurgaiak dagoeneko webgunean daude. Horrela, DBH 1-2 mailan (12-14 urte), irakurgaiak 'Jon eta Mirka' (Gregorio Muro) eta 'Ina, nire ama afrikarra' (Gilles Riviere) izango dira, eta DBH 3-4 mailan (14-16 urte), 'Ez da konprenitzen ahal gerra!'(Begoña Durruty) eta 'Tximeletaren oihua' (Jordi Sierra i Fabra).

Hortaz, DBHko ziklo bakoitzerako iaz argitaratutako bina liburu proposatu zaizkie ikastetxeei irakurgai moduan. Horrez gain, orain arte bezala, "ezinbestekoen zerrendatik" ere hartu ahal izango da irakurgaia, eta maila bakoitzak ikasleen adinari dagokion libururen bat hautatu ahal izango du zerrenda horretatik.

"Ezinbestekoen zerrenda" zenbait literatur adituk osatutako zerrenda da, eta gazteentzat orain arte euskaraz argitaratu diren libururik gomendagarrienak biltzen ditu. Beraz, parte hartzaileek nobedadeen artean edo betiko irakurgai onen artean egin ahal izango dute irakurgaien hautua.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos