Diario Vasco

Organo-bilduma aberatsa zaintzeko eta zabaltzeko akordioa

Donostiako Santa María basilikako organoaren artxiboko argazkia.
Donostiako Santa María basilikako organoaren artxiboko argazkia. / JOSÉ MARI LÓPEZ
  • Elkarrekin babestuko dituzte Foru Aldundiak eta Donostiako Elizbarrutiak Gipuzkoako elizetan gordetzen diren balio handiko organoak

Europako organo-kolekzio garrantzitsuenetako bat du Gipuzkoak, 150 harribitxiz osatua. Horien artean nabarmendu daitezke, esaterako, organo erromantiko frantziarrak, nagusiki Aristide Cavaillé-Collek eta haren konpetentzia zuzena izandako Stoltzen ondorengoek jarriak. Organo erromantikoen bilduma izen handiko beste organogile frantziar eta alemaniar batzuek jarritakoek osatzen dute.

Aurreko garaietakoak ere badaude interes handikoak, hala nola Lorenzo Arrazolak 1761ean eraikitako Ataungo organo barroko hispaniar bikaina. Eta ondorengoak ere bai, 1940era arte eutsi baitzitzaion erromantizismoaren eraginpean sortutako organoak jartzeari. Data horretatik aurrera, baina, izan ziren organogintzan jarraitu zuten konpainiak, hala nola Azpeitian finkatu zen Organería Española Sociedad Anónima enpresa. Enpresa horrek Espainiako organo neoklasikorik handiena jarri zuen Donostiako Artzain Onaren katedralean, 1953an; organo horrek eskuzko bost teklatu, pedalezko teklatu bat eta 125 erregistro zituen.

Organo-bilduma zabal eta kalitate goreneko hori interes bereziko ondarea denez, horien zaintza eta zabalkundea ahalbidetzeko lankidetzan jardungo dira aurrerantzean Foru Aldundia eta Donostiako Elizbarrutia. Horretarako, Foru Aldundiak ohar baten bidez argitu berri duen bezala, erabaki dute «Donostiako Elizbarrutiaren jabetzako Organoak eta Harmoniumak Zaindu eta Zaharberritzeko Batzordea sortzea, baita batzorde tekniko bat ere lehenengoari aholkularitza eskaintzeko Gipuzkoako organoak zaharberritu, zaindu eta horien zabalkundea egiteko gaien inguruan, eta lan teknikoak lehenbailehen hasteko».

Xedea lurraldeko organo eta harmonium guztiak zaintzea bada ere, biri eskainiko diete hasiera batean arreta berezia: Donostiako San Maria basilikako eta Bergarako San Pedro parrokiako organoei, laster baitira hastekoak bi horien zaharberritze lanak. Izan ere, akordioa laster aurkeztuko da Santa Maria basilikan, bertako organoan egingo den esku-hartzea azaltzeko.

Epe ertainera, Batzordeak Gipuzkoako organo eta harmoniumen kontserbazio egoerari buruzko azterlan-diagnostiko bat gauzatuko du epe ertainera, mota honetako ondarearen gaineko esku hartzeak planifikatu ahal izateko. Batzorde teknikoa, berriz, kontzertista eta Musikeneko irakasle den Esteban Landartek koordinatuko du, eta diziplina askotarikoa izango da. Organo ondarearekin zerikusia duten diziplinetako adituek, organo jotzaileek, organo egileek eta abarrek osatuko dute; baita Elizbarrutiko, organoaren jabe den parrokiako eta organoa kokatuta dagoen herriko ordezkariek ere. Aholkularitza emango dio Batzordeari erabakitzeko beharrezkoa ote den edozein esku hartze mota egitea, eta instrumentuaren azterketa oso bat egingo du.

Bi aurrenekoak

Esan bezala, bi organo enblematikorekin abiatuko da ekimena: Santa Maria basilikakoarekin eta Bergarako Bergarako San Pedro parrokiakoarekin. Santa Mariako organoa 1863ko Cavaillé-Coll bat da. Adituek diote organo erromantikoaren prototipoa dela, Cesar Franken musika interpretatzeko aparta. 1899an hil zen organogile ospetsuak eraikitako azken instrumentua da, gainera. Organoa instalatzeko lanak Vincent Cavaillé-Collen, Aristide organogile ospetsuaren anaiaren, zuzendaritzapen egin ziren. Koruaren ezker aldean kokatuta dago, presbiteriora begira, aurreko organo barrokoaren kokalekua errespetatuz. Eskuzko hiru teklatu dauzka, 56na notakoak, 30 notako bat pedalerako, eta guztira 40 sorta.

Bergarako San Pedro parrokiako organoa.

Bergarako San Pedro parrokiako organoa.

Arreta berezia jasoko duen beste organoa, esan bezala, Bergarako San Pedro parrokiakoa da, eta bada bien arteko loturarik, nahiz eta ez izan egile berarenak. Bergarakoa Stoltz Frères enpresak egina da, baina biak pertsona berak harmonizatu zituen, Fernand Princek. Jean-Baptiste Stoltz organogile famatuaren semeen enpresak organo ugari jarri zituen Gipuzkoan, eta haietako zenbait Princek harmonizatu zituen, besteak beste Bergarako parrokiakoa.

1889ko organo hori izango da hain zuzen zaharberrituko den hurrengoa. Jatorrizko egoeran gordetzen den instrumentu erromantiko garrantzitsua da, gero Cavaillé-Coll etxearentzat lan egitera pasa zen Fernand Princek harmonizatua. Prince, aurrerago, organogile bihurtu zen eta bere lana funtsezkoa izan zen Gipuzkoako eta Euskal Herri osoko organo erromantikoen mantenimendurako. Bergarako organoak berezitasun bat dauka, horrelako instrumentuek izan ohi dutena baino tonu erdi baxuago afinatuta baitago.

Bergarako organoak, gainera, azken urteotan zabalkunde handia izan du nazioarte mailan, Akemaniako Aeolus eta Euskal Herriko Aus art records etxeek bertan egin dituzten grabazioak direla eta. Eskuzko hiru teklatu dauzka, 56na notakoak, 30 notako bat , eta guztira 36 sorta.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate