Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Jaime Valverde.
«Ikusi duguna da gure antzerki-tradizioa galtzen ari garela»

«Ikusi duguna da gure antzerki-tradizioa galtzen ari garela»

Euskal Herriko antzerkizale Elkarteko (EHAZE) kide den Jaime Valverdek Mintzolak antolatutako gogoeta-prozesuan parte hartu du

FELIX IBARGUTXI

Sábado, 17 de junio 2017, 10:14

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Jaime Valverde (Bilbo, 1980) EHAZEko (Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea) kide da. Lanean jardun da Mintzola Ahozko Lantegiak antolatutako bilkuretan, euskal antzerkiaren dokumentazio-zentro bat diseinatzen. Oraingoz egitasmo hutsa da. Ogibidez irakasle da, eta 'Ander Lipusen antzerkigintza: errituala, kultura eta ikuskizuna' saiakera plazaratu zuen 2104an, aurreko urtean Becerro de Bengoa saria jasotako lana. Eta antzerki-kritikaria ere bada.

Beraz, gogoeta egin duzue euskal antzerkiarentzako dokumentazio-zentro bati buruz, orain ez dagoena eta komeni dena.

Dokumentazio zentroaren aldarrikapena, EHAZE elkartea sortu zenetik egin dugu. Euskal antzerkiaz gogoeta egiten hasten zarenean, hori da burura etortzen zaizun lehenengo gauza. Antzerkia, dakizunez, galkorra da.

Bai, ez dago paperik, haizeak eramaten du.

Hori da. Ez da literatura bezalakoa. Literatura gor geratzen da. Antzerkia, berez, desagertu egiten da, eta ikusi duguna da gure antzerki-tradizioa galtzen ari garela. Adibidez, ez dago transmisiorik belaunaldien artean. Oraingo belaunaldiak ez daki aurrekoak zer egin duen. Galtzen dira testuak, galtzen dira proposamen estetikoak, galtzen dira ekimenak... Hori oso inportantea da, zeren galarazten du eboluzioa, galarazten du garapena. Labur esanda, dokumentazio-zentro bat gabe euskal antzerkiak ez dauka memoriarik. Adibidez, hori gabe ikerketa egitea oso zaila da, zeren dagoen informazioa sakabanatuta dago, eta asko ez dago eskura.

Ikerketarik egin nahi baduzu, bizi diren lekukoengana jo behar duzu eta haiei dokumentazioa eskatu, ezta?

Bai, hori zailtasun garbi bat da. Baina sortzaileentzat ere badaude eragozpen nabariak.Adibidez, zuk Bernarda Albaren etxea taularatu nahi baduzu, edo Lartzabalen lanen bat, ez dakizu nork taularatu duen lehenago eta zer eratara.

Ikusi dut zuk esandakoa: Piarres Larzabalen antzezlan asko galduta daudela.

Bai, esaten dutenez haren lanen erdiak daude galduta. Eta egungo autore batzuen lanak galtzeko arriskuan daude, ez bada osatzen testuak jasoko lituzkeen egitura bat.

Gogoeta egitean, Euskal Herrian gaztelaniaz edo frantsesez egin diren antzezlanak ere hartu dituzue kontuan?

EHAZEren helburua da euskal antzerkia babestu eta sustatzea. Zer gertatzen da? Antzerkia berez gauza galkorra izanik, horri gaineratzen badiozu euskara egoera diglosikoan dagoela, beti ateratzen da galtzaile eremu guztietan. Ikusten baduzu urte bateko programazioa, argi dago: euskaraz beti daude emanaldi gutxiago. Guk irudikatzen dugun dokumentazio-zentroan lehentasuna izango luke euskarazko antzerkiak, baina horrek ez du esan nahi beste hizkuntzak ez direla sartuko. Hasteko, gure historian badirelako obra eta ekimen batzuk garrantzitsuak izan direnak, eta ez direnak euskaraz izan. Gainera, euskal antzerkia ez da espazio estanko bat; izan ditu eraginak eta eragin die ondoko hizkuntzetako antzerkiei. Dokumentazio-zentro on batek ahalik eta aukera zabalena eskaini beharko luke, baina kontuan hartuta euskara menpekotasun-egoeran dagoela, guk irudikatzen dugun zentroak hizkuntza hau hartuko luke lehentasun moduan.

Zer material-motak jaso beharko lituzke zentro horrek? Testuak, bideoak, afixak, arropak...

Bideoak oso garrantzitsuak dira. Ez da gauza bera bideo bat eta antzerki-emanaldi bat, baina egia da bideoa dela emanaldia ondoen jasotzen duen euskarria. Zuk aipatu dituzun horiek denak dira interesgarriak, eta baita esku-paperak, emanaldietan banatu ohi direnak, eta argazkiak... Gauza batzuk izango lirateke lehenengo momentuan jasoko liratekeenak, baina gero horrelako zentro batek egin behar duena da sortu dokumentazioa; adibidez, antzezlan batek eman dezakeen dimentsio didaktikoa. Askotan eskatu izan dizkigute klabeak antzezlanen bat eskolan lantzeko.

Antzerki-taldeengana jo al duzue jadanik materialak eskatzeko?

Ez, oraindik ez gara horretan hasi.

Gogoeta-prozesu hau ez du EHAZEk abiatu, baizik eta Mintzolak.

Bai, eta horregatik eskerrak eman behar zaizkio. Mintzolak eskarmentua dauka, eta gainera dokumentazio-zentro oso indartsu bat, Xenpelar. EHAZE elkarte berriagoa da, eta gainera ez dauka baliabiderik horrelako egitasmo bati ekiteko.

Zu ikertzaile zaitugu.

Bai, sartu nintzen EHAZEn eta gabezia handia ikusi nuen dokumentazio aldetik. Baina esan behar dizut, pozez, euskal antzerkiaren inguruan ikertzaile asko sortu direla azkenaldian: ArantzazuFernandez, Idoia Gereñu, Amaia Alvarez... Iparraldean Isabel Etxeberria ari da lanean

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios