Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Mikel Agote, Ibon Amatriain, Iñigo Urdinaga eta anaia Andoni.
Olatuen gaineko liburua

Olatuen gaineko liburua

Surfaren etikaz, estetikaz eta mistikaz idatzi du Iñigo Urdinaga oriotar surflariak

FELIX IBARGUTXI

Jueves, 18 de mayo 2017, 20:20

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Iñigo Urdinagak 'Surflaria eta paradisua' liburua plazaratu du. Taula hartuta, narrazioen eta saiakeren olatuen artean ibili da. Surfari buruz mintzatzen da, eta gizakiaz, gizarteak daraman martxaz, hedonismoaz, diruzalekeriaz, oreka premiaz... Liburua, jakina, ez da surflarientzat bakarrik.

Nortasun agirian, Iñigok beste abizen batzuk ditu: Fernandez Ostolaza. Ogibidez publizista da. Komunikazioan aditua dugu eta, Euskal Herriko agentzia handienetako batean jardun ostean, orain bere kabuz ari da. Orion jaioa 1974an, txikitan hasi zen olatuak hartzen, eta ez dio utzi ordutik. 1995ean sekulako disgustua hartu zuen, herrian 'Putomuroa' eraikita ezkerreko olatu eder hura galdu zenean. Artean 21 urteko gaztea zen Iñigo. «Olatua suntsitu zuten eta gure bizitza ere bai», esan du liburua aurkezteko unean, hainbat surflari, zale eta kazetariren aurrean.

Liburua ez da autobiografia bat. Iñigoren bizipenetan oinarritzen da, baina ez da berari buruzkoa. Seguru asko surfari buruz euskaraz idatzi den lehenengo liburu honek 'sektoreko' arazo nagusiak aztertzen ditu, besteak beste, surflarien gainpopulazioa «uretan ez gara kabitzen» eta hiperkomertzializazioa. Surfaren mistika eta espiritualitateaz ere badaude pasarte batzuk.

Aurkezpen-ekitaldian, Tom Curren (Kalifornia, 1964) surflariari buruz mintzatu da, argazki eta bideo batzuen laguntzarekin. Liburuan honela mintzo da: «Tipo berezia zen Curren, eta berezia zeukan surfa. Serioa zen, isila, barrenkoia, eta sakona zuen surf egiteko era ere. Estiloa zeukan galanta, Estiloa letra larritan. Leuna eta aldi berean bortitza, bizia eta zehatza. Ikuskizun handia ematen ari zen surf munduan, baita zer pentsatua ere. Maitasun-gorroto harreman halakoa zeukan lehiarekin, marka babesleekin eta hedabideekin. (...) Munduko Surf Txapelketa bi aldiz segidan irabazi zuenean, 'heroi amerikar' gisa aurkeztu nahi izan zutenei ihes egin zien. Ironiaz azaltzen du Matt Warshaw surf historialariak: 'Kaliforniar peto gisa aurkezten zuten Curren, baina Euskal Herrian bizi zen, Akitaniako kostan surf egiten, Bordeleko ardoa edaten eta frantsesez hitz egiten'. Angelun bizi izan zen Curren lauzpabost urtez».

Edizio-lagun bat izan du Iñigok, Joxerra Garzia aspaldiko laguna; Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izana, komunikazioan aditua bera ere. «Liburu poliedrikoa da hau, aurpegi asko dituena esan du Garziak. Sailkatzen oso zaila da, eta hortik etorri zaio argitaratzeko zailtasuna. Denek laudatzen dute diziplinartekotasuna, generoen arteko jokoa, baina gero egiten duzu horrelako zerbait eta argitaletxeek ezezkoa ematen dizute; esaten dizute ez dakitela horrelako liburua zein bildumatan sartu. Sortu ba bilduma bat! Mami-mamian, liburu hau saiakera literario bat da. Etikaz eta estetikaz dihardu, sakon eta airos. Baina irakur daiteke abentura- edo pasadizo-liburu gisa ere».

Joxerra Garziarentzat, Iñigo ezagutu aurretik, «surfa pijo aberaskumeen pijokeria zen. Eta hedonismo hutsa. Gu bezalakook, aldiz, kristau izandako marxistok, ezin genuen eraman gozamen huts hori. Orain, Iñigori esker, aldatu egin zait surfaren ikuspegia».

Datorren astean, hilak 26, Iñigo eta William Finnegan Pulitzer sariduna tertulian ariko dira surfa eta kulturari buruz, Donostiako Aquariumen, 18:30ean.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios