Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Nobela, ekintza moduan ulertuta

Nobela, ekintza moduan ulertuta

Baztango Aroztegirako dagoen proiektuaren kontrako nobela idatzi du Ernesto Pratek

FELIX IBARGUTXI

Miércoles, 17 de mayo 2017, 17:14

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Ernesto Prat Urzainkik 'Telleria eta gero, zer' nobela beltza plazaratu du, Baztanen girotua eta protagonista bakartzat Lurra izeneko neska daukana. Istorioaren oinarrian Aroztegia dago, Lekarozko lurretarako pentsatuta dagoen egitasmo urbanistiko erraldoia. Pratek adierazi du proiektu haren kontrako tresna bat sortu nahian ekin ziola eleberri honen idazketari. Izenburuari dagokionez, paralelismo garbia dago; kontrako borrokan ari den plataformaren izena 'Aroztegia eta gero zer?' baita.

Hau da nobelako istorioaren abiapuntua: Sarako gaztetxean egindako kontzertu batetik bueltan, egundoko bestondoarekin eta guardia zibilen kontrol batekin topo egin ondoren, giza hezur batzuk eta pakete arraro bat deskubritzen ditu Lurrak, obra-hondakinen artean. Misterio hori segituan nahasten da Baztanen, herritarren nahiaren kontra, egin nahi duten plan urbanistiko erraldoi batekin.

Idazlea Berriozarren jaioa da, 1978an, eta badira hamabost bat urte Baztanen bizi dela. Era askotako lanetan ibili da eta baita Skalariak musika-taldean ere, tronpeta-jole. Ilegalizazioen aroan, 2008an, ihes egin zuen, eta 2012an atxilotu zuten. Bolada bat kartzelaz kartzela eman ostean, libre geratu zen.

Obraren garapena honela azaldu du Pratek: «Nobela honen zirriborroak hiru momentu garrantzitsu bizi izan ditu. 2009an, ihesi nenbilela, esku-orri bat iritsi zitzaidan Aroztegirako zuten plan urbanistikoari buruzkoa. Pentsatu nuen arrunt praktikoa izan litekeela horretaz nobelaren bat idaztea. Bigarren momentua 2014an izan zen, eta kartzelatik irtenda nengoela; orduan nobelaren zirriborroari heldu nion berriz ere, eta Baztanen sortu zen (H)ilbeltza kolektiboko kide egin nintzen. Eta hirugarren unea 2016an izan zen. (H)ilbeltzako jardunaldietan Jon Alonsorekin mintzatu nintzen eta erran zidan idatzita neukana bidaltzeko; kritika luze bat egin zidan, alimaleko ekarpena izan zen».

Gero Elkar argitaletxearekin jarri zen harremanetan. Xabier Mendiguren editorearen erabakiz, testua asko mehetu zen; kanpoan gelditu ziren egiptologiari buruzko pasarte gehienak.

Pratek uste du «pertsona normalen Baztan hori» agertzen dela eleberrian. «Hemen ez da agertzen literaturak orain arte agertu duen Baztan hori, ez da olerkigintzako Baztan berde eta polit hori. Nobela beltza ezin da izan Martikorena edo Benito Lertxundiren kanta bat; Eskorbutoren kanta izan behar da, 'mucha policía, poca diversión'».

Xabier Mendiguren editoreak protagonistaren deskripzio hau egin du: «Lurra ganoragabea da, ganberroa, boterearen kontra sentitzen da eta babak eltzetik atera beharko ditu». Nobelan zehar etengabeak omen dira musika-aipamenak. «Baztango gida antituristiko moduan ere har daiteke liburua, gazteen lokalak agertzen dira, adibidez, eta kamiseta erreibindikatiboen bilduma ere badugu bertan», esan du editoreak.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios