Borrar
Honelakoa da Nur zinemarako bertsioan.
Abentura, irudimena eta balioak

Abentura, irudimena eta balioak

'Nur eta Herensugearen Tenplua' Toti Martinez de Lezeak sortutako Nur pertsonaian oinarritutako aurreneko filma da

dv

Lunes, 15 de mayo 2017, 19:44

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Ia bi urteko prozesu luzearen ondoren, ekainaren 2an iritsiko da Euskal Herriko zinema aretoetara, euskaraz aurrena, Toti Martinez de Lezea idazlearen 'Nur eta Herensugearen Tenplua' liburuan oinarritutako izenburu bereko filma. Animaziozko film honen bidez iritsiko da lehen aldiz pantaila handira haur eta gaztetxoen artean horrenbesteko arrakasta izan duen pertsonaia. Hain zuzen ere, Erein argitaletxearen eskutik osatzen ari den bildumako hirugarren liburuan oinarrituta dago Lotura Films etxeak ekoitzi duen pelikula.

Lan horrek badu beste berezitasun bat, apirilean hil zen Juanba Berasategik zuzendutako azkeneko lana baita. Hortaz, momentu oso berezian iritsiko da filma aretoetara. Horren zuzendaria ez ezik, Lotura Films animaziozko eta bestelako lanetan eskarmentu handia duen ekoizpen etxearen sortzaile ere izan zen Berasategi, 1992an jarri baitzuen abian hasiera-hasieratik animazioa ardatz izan duen etxea. Animazioaren bidean egin dituen ekarpenen lekuko dira Goya sarietarako lortu dituen bi izendapenak, 'Ahmed Alhambrako printzea' eta 'Alhambrako giltza' luzemetraiengatik lortu ere.

Bilbon egindako aurkezpenean Lotura Filmseko eta pelikukako lan taldeko kide den Miren Berasategik adierazi duenez, «Juanba joan den arren, orain arteko ibilbidearekin eta euskarazko ikus-entzunezkoen munduan egindako lanarekin jarraitzeko asmo irmoa daukagu».

Toti Martinez de Lezeak ere hurbiletik jarraitu du pelikularen sorkuntza prozesua. «Guretzat garrantzitsua izan da prozesuen Totiren ekarpenak jasotzea, eta modu horretan pelikulan idazlearen esentzia txertatzen saiatu gara», esan du ekoizpen etxeko Eneko Olasagastik. Idazlea, berriz, pozik dago emaitzarekin, eta uste du liburuek izandako arrakasta gaindituko duela filmak. «Pelikula dibertigarria da, liburuek duten abenturazaletasuna mantentzen du, eta horregatik gazteei asko gustatuko zaiela pentsatzen dut».

Aurrestreinaldia, hilaren 27an

Nur, bere gurasoekin batera,Txinara joan da bizitzera. Bertan, lagun berriak egiten ditu eta gaurko egunean horietako baten urtebetetzea ospatuko dute, Guo Guo-rena hain zuzen ere. Horretarako, jolas parke erraldoi batean egin dute hitzordua eta jolastu bitartean omenduaren desagerpenaz ohartuko dira. Bere bilaketan, laberinto batean murgilduko dira eta bertatik ateratzeko, bidean aurkitutako igarkizunak ebatzi beharko dituzte eta ondorioz, topatzen joango diren herensugearen bederatzi ateak igarotzeko gai izango dira.

Abenturek eta irudimenak toki handia badute ere, bada tarterik gaztetxoen arteko harremanen eta laguntasunaren inguruan aritzeko. «Haur eta gazteen artean balio positiboak sustatzea ere garrantzitsua da, eta horretan ikus-entzunezkoek funtzio inportantea bete dezakete, entretenimenduaren eta aisialdiaren bidez balio hezitzaileak transmitituz», esan du Berasategik. Olasagastik, berriz, irudimena bultzatu nahi dutela adierazi du: «Ume eta gaztetxoek gauzak ikusi eta ikertzeko beste gaitasun batzuk dituzte. Nagusiok aspaldi galdu genuen gaitasun hori irudumenari esker mantentzen dute eta gure azken lan honetan irudimenari garrantzi handia eman diogu».

Aurrestreinaldia maiatzaren 27an, larunbata, egingo da Donostiako Principe zineman eguerdiko 12:00etan. Bertan izango dira Lotura Films-eko zenbait kide, eta baita Toti Martinez de Lezea ere. «Gaztetxoek pelikula ikusiko duten lehenengo aldia izango da, eta beraien sentsazio eta bizipeneak zuzenean ikusi gura ditut», adierazi du.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios