Diario Vasco

'Huligan' errebelde baten bizipen eta gogoetak

Ezkerretik eskuiera, Estibalitz Alkorta, Idoia Gillenea, Koro Navarro eta Iñaki Aldekoa.
Ezkerretik eskuiera, Estibalitz Alkorta, Idoia Gillenea, Koro Navarro eta Iñaki Aldekoa. / DV
  • Norman Manea idazle errumaniarraren 'Huliganaren itzulera' ezaguna argitaratu da Literatura Unibertsala bilduman, Koro Navarrok euskaratua

«Kritikoa bazara, arazoak izan ditzakezu», esan zuen 2009an Donostian, UPV/EHUren Udako Ikastaroetan parte hartu zuenean egin zioten elkarrizketa batean, Norman Manea idazle errumaniarrak. Bost hitzeko esaldi labur hori bere biografiaren urgentziazko bertsioa izan daiteke, beti izan baita kritikoa eta, kritikoa izateagatik -baita judua izateagatik ere-, maiz izan baititu arazoak bateko eta besteko totalitarismoekin.

1936 urtean Errumania ipar-ekialdeko Bukovina eskualdeko Suceava hirian jaioa, gaur egun idazle errumaniar ezagun eta handienetakoa da Manea, eta bere biografiaren lanketa literario askoz eta zabalagoa eta sakonagoa egin du. Bere bizipen gorabeheratsuak eta XX. mendean zehar ikusi dituenak bilakatu ditu, hain zuzen, bere liburugintza joriaren ardatz nagusi. Horren adibide gorena Manearen liburu ezagun eta itzuliena da, Literatura Unibertsala bildumaren baitan Koro Navarrok euskarara ekarri duen 'Huliganaren itzulera' autobiografia nobelatu modukoa, kritikoen laudorioak ez ezik sari ugari jasotakoa. Espainian, esaterako, atzerriko liburu onena izendatu zuten 2005 urtean 'El regreso del húligan' (Tusquets Editores).

Euskarazko bertsioa Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearekin batera sustatzen duen bilduman argitaratu da. 170 zenbakia darama; azken aldiko gainerakoak bezala Erein eta Igela argitaletxeek kaleratu dute elkarrekin; Manearen aurreneko lan euskaratua da, eta Donostian aurkeztu dute Estibalitz Alkorta Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko zuzendariak, EIZIEko zuzendari Idoia Gilleneak, Koro Navarro itzultzaileak eta Erein etxeko Iñaki Aldekoa editorea.

Norman Manea, 2009an Donostian.

Norman Manea, 2009an Donostian. / JOSE MARI LÓPEZ

Errumanierazko izenburua 'Intoarcerea huliganului' zuen liburuak. Ingelesez, berriz, 'The Hooligan’s Return' tituluarekin kaleratu zuten. Hala ere, Manearen lanak ez du zerikusirik futbolzale biolentoekin, ezta XIX. mendeaz geroztik lapur eta gaizkileak izendatzeko erabiltzen zen ingelesezko hitzarekin ere. Bizitzaren zati handi bat Estatu Batuetan egina duen arren, nahiz eta eskolak ingelesez ematen dituen unibertsitateko irakaslea izan, Maneak errumanieraz idazten jarraitzen du. Eta jatorrizko izenburuko 'huliganul' hori, gaur egun Errumanian bertan ganberroak eta 'hooliganak' izendatzeko erabiltzen bada ere, «pertsona subertsibo, sediziogile, errebeldei» ematen zaien izena da.

Bere burua huligantzat du Maneak. Beretzat zein bere familiarentzat lurralde gogorra izandako Errumaniara bueltatzeko aukera eta adorea izan zituenean idatzi zuen 'Huliganaren itzulera'. Ordurako, ume-umetatik pilatzen hasitako bizipen asko zeuzkan kontatzeko; kontatuak ere bai, aurretik idatzitako zenbait liburutan.

Juduak izanik, II. Mundu Gerrako geografia aldakor hartan Hitlerren eraginpean zegoen Transnistriara deportatu zuten Manea familia. Normanek bost urte zeuzkan. 1945ean, gerra amaitutakoan, handik bizpahiru urtera Sobietar Batasunaren esanetara geldituko zen sorterrira bueltatu ziren. Kartzelan bigarren egonaldi bat egindako aita funtzionarioa zuen Manea gazteak hirurogeiko hamarkadan ekin zion aurreneko ipuinak-eta idazteari. Nahiz eta hasiera batean komunista sutsua izan, laster hasi zen nabarmentzen haren alde kritiko eta 'huligana'. Idazle gisa ere behar baino gehiagotan urrundu zen errealismo sozialista ortodoxotik, eta luze gabe izan zituen arazoak 1967tik 1989ra luzatuko zen Ceaucescuren erregimenarekin. Azkenean, 1986an, 50 urte zituela, ordura arteko dena atzean utzi eta erbesterako bidea hartu zuen. Alemanian egonaldia egin ondoren, Estatu Batuetara joan zen bizitzera, lan egitera eta errumanieraz idazten jarraitzera.

Berak eta bere familiak bizitakoak tarte zabala du liburuan, baina 'Huliganaren itzulera' ez da bakarrik autobiografia bat. Oroitzapen pertsonalekin batera, aurki daitezke Historia, gogoeta filosofiko eta politikoak, introspekzio ariketak... Donostiara egin zuen bisitan lagun izan zuen Antonio Tabucchi adiskide minak liburuaren erreseina batean idatzi zuen bezala, «goi mailako literatura». Literatura Unibertsala bilduman ohikoa den bezala, lana euskaratzeko batik bat frantsesezko,gaztelaniazko eta ingelesezko itzulpenak baliatu dituen Koro Navarrok Manea eta bere garaia ezagutzeko eta, horrenbestez, liburua hobeto ulertzeko oso lagungarria den sarrera idatzi du.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate