Handien arteko borroken biktimak
'Ez Lemaio. Arrasateko erreketa' eleberri historikoa argitaratu du Juan Kruz Igerabidek
m. imaz
Sábado, 8 de abril 2017, 11:45
1448ko ekainaren 23an Arrasate edo Mondragoen (garai hartan bi alkate ez ezik bi izen ere bazituen herriak, jatorrizkoa eta Foruarekin batera jarri zioten Mondragón) piztu zen sua ez zen izan San Joan bezperakoa, ahaide nagusien arteko borroken ondorioz, hiribildua suntsitu zuena baizik.
Arrasateko erreketa, hain zuzen, oinaztarren eta ganboatarren arteko liskar odoltsuen pasarte odoltsuenetakoa izan zen eta, historian horrenbesteko eragina izanik, literaturak ere maiz erreparatu izan dio. Esate baterako, Jon Etxaidek gaitzat hartu zuen bigarren nobela izan zuen 1964ko 'Gorrotoa lege' (Itxaropena) lanean, eta duela urte batzuk Toti Martínez de Lezeak modu oso bizian deskribatu zuen erreketa 'Señor de la guerra' eleberrian
Oraingoan Juan Kruz Igerabidek begiratu dio duela 569 urte gertatutakoari, eta 'Ez lemaio. Arrasateren erreketa' eleberri historikoan kontatu du nola erre zuten Arrasate Oñatiko konteak bidalitako 2.000 gizon armatuk.
Arrasateko Udal Liburutegiak antolatuta, herrian egin da aste honetan liburuaren aurkezpena, bertan azpimarratu zuelarik idazleak eleberri honetarako baliatu duen pasartearen garrantzia: «Arrasateren erreketa gure historiako gertaera oso garrantzitsua dela uste dut. Garai hartan hasi zen gizartea Erdi Arotik Aro Modernora igarotzen». Izenburu bitxiaren jatorria ere han argitu zuen: «'Aramaio dabenak ez lemaio' zenbait leinuren armarrietan agertzen da oraindik ere, eta garaiko egoskorkeria giroa adierazteko erabili nahi izan dut, elkarren arteko tenka horren eredu gisa. 'Aramaio daukanak ez du emango' esan nahi omen du. Bando bakoitzak bereari eusteko dema adierazi nahirik ipini diot izenburu hori liburuari».
Bitan zatitutako herria
Arrasaten, ia Euskal Herri osoan bezala, mokoka zebiltzan oinaztarrak eta ganboatarrak. Garai hartan 2.000-3.000 biztanle zituen hiribilduan oinaztarren familia nagusia zen Guraia, eta ganboatarrena Bañez. Dena zegoen bikoiztuta herrian: bi leinu, bi alkate, bi erietxe Eta bi Arrasate horien arteko bizikidetza ez zen inondik ere baketsua. Haietako norgehiagoka batean, Oñatiko konte ganboatarrak tropak bidali zituen Arrasatera, bandokide zituen Bañeztarrei laguntzeko. Guraiatar oinaztarrek, hura ikusirik, urrutirago joan behar izan zuten laguntza esker, Bizkaiko Gonzalez de Butron leinuarengana. Hasiera batean, Bizkaitik etorritako refuertzoek gaina hartzeko balio izan zieten Guraiatarrei, Bañeztarren aliatuak erretiratzera behartuz. Baina kosta ala kosta bere nagusitasuna berretsi eta hedatu nahi zuen Oñatiko kontea ez zen horrekin konformatu, eta itzuli zen, lehen baino soldadu gehiagorekin, herria mende hartu nahirik. Ezin izan zuenez, su eman zion. Eta erabat txikitu zuen. Esan beharra dago hori ez zela nahikoa izan arrasatearrak errenditzeko, eta liskarrek jarraitu zutela 1490ean Bañez eta Guraiarren bandoak ezeztatu eta, handik urte batzuetara, lur haiek Gipuzkoako Hermandadera bildu ziren arte.
1448ko gertakarien atzean, edonola ere, hedapen zabalagoko borroka zegoen. Eta Arrasateri, neurri handi batean, erdian egotea tokatu zitzaion. Testuinguru zabal horretan kokatu du Juan Kruz Igerabidek Beta III Milenio argitaletxearen eskutik kaleratu duen eleberria. Historikoa izanagatik, eleberria da eta, horrenbestez, fikzioak badu tokia liburuan. Idazleak elkarren artean etengabe gurutzatzen diren bi hari luzatu ditu. Batek tira egiten die Oñatiko Gebaratarrei, eta besteak Aramaioko Butroe familiako kideei. Izan ere, Butroe leinuko oinaztarrak nagusi ziren Aramaion, eta Arrasateren erdia ere bazuten. Ganboatarrak, aldiz, nagusi ziren Bergaran eta Oñatin, eta Arrasateren beste erdia haiei zegokien. Eta elkar amorru biziz gorrotatzen zuten bi bandoek gauza bera nahi zuten: nagusitasuna eta inguruko baliabide zein ondasunen jabetza. Besteak beste, Arrasateko burdin preziatua. Erdian, handien arteko borroka guztietan bezala, arrasatearrak, bakean bizi nahi zutenak. Horiei ere ematen die hitza Igerabidek. Besteak beste, Garxot izeneko errementariaren bidez.