Diario Vasco

'Er Prinzipito', printze txikia andaluzieraz

Printze txikia marrazki bizidunetarako egindako egokitzapen batean.
Printze txikia marrazki bizidunetarako egindako egokitzapen batean. / DV
  • Alemaniako argitaletxe batek eskatuta, Huan Porrahek egin du Zoiedá pal Ehtudio'el Andalú elkarteak sustatu duen itzulpena

Antoine de Saint-Exupéry idazle eta pilotu frantsesaren obra ezagunena, 'Le petit prince', hura desagertu baino urtebete lehenago argitaratu zen jatorrizko hizkuntzan, frantsesez, 1943an. Urte berean heldu zen ingelesezkoa, eta harrezkeroztik, webgune honen arabera, 317 hizkuntza eta dialektotara eraman da hasiera bateko formatutik kanpo ere denetariko egokitzapenak izan dituen liburua.

Itzulpen horiek guztiak biltzen dituen zerrenda luzean euskarazko argitaralpenak ere aurki daitezke, 1972ko lehen ediziotik abiatuta. Euskaratzaileak, berriz, bi aipatzen ditu, Patxi Zubizarreta eta Iraitz Urkulo. Zubizarretarena da Elkar Argitaletxeak maiz berrargitaratu duen bertsioaren itzulpena. Urkulok, berriz, Susaeta argitaletxeak kaleratutakoa euskaratu du. Xehetasun horiek guztiak ere Printze Txikiarekin maitemundutako bildumagilearen web gunean daude.

'Er Prinzipito', printze txikia andaluzieraz

Eta bertan dago, halaber, otsailean argitaratu eta aste honetan aurkeztu den 'Er Prinzipito', andalú edo andaluzierarako itzulpena. Zoiedá pal Ehtudio'el Andalú (ZEA) elkarteak sustatu du liburu klasiko horren egokitzapena, itzulpena Huan Porrahek (Juan Porras) egin du, Tintenfass Alemaniako argitaletxeak kaleratu du eta honela hasten da: «Una beh, kuando yo tenía zeih z'añiyoh, bi un dibuho mahnífiko en un libro a tento'e la zerba bihen ke ze yamaba 'Histoires Vécues (Ihtoriah bibíah)»

Itzultzaileak zehaztu duenez, argitaletxeak ZEA elkartearen web gunea ikusi zuen, eta 'Printze Txikia' eremu urriko beste hizkuntza askotara eramana duenez, pentsatu zuen andaluzierara ere eraman zezakeela. Formazioz antropologo soziala den Porrahek azaldu du Malagako Algarbía eskualdeko hitz egiteko modura itzuli duela liburua. Bestelakoa izango litzateke emaitza, adibidez, 'z'-ren ordez 's' erabiltzen duen Kordobakoa aukeratu izan balu...

Porrahek azaldu du honelako proiektuak garrantzitsuak direla aniztasun kulturala babesteko, «globalizazioaren ondorioz ikuspegiak murrizten baitoaz edonon». «Desagertze arriskuan dauden espezieak balira bezala tratatu beharko lirateke galtzen ari diren hizkuntza eta kultura guztiak», azaldu zuen aurkezpenean, eta andaluzieraz esan zuen «istorio sekretu» moduko bat dela, ahozko transmisioa duelako, apenas jaso delako idatziz, eta Andaluziako eskoletan ez zaiolako batere arretarik eskaintzen.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate