Diario Vasco

Imago mundi

Imago mundi
  • Lur gabeko mapak. Lur beteko mapak. Munstroek okupaturikoak. Altxorraren mapak. Ezagutzen ez genuen mundua irudikatzeko balio zigutenak. Egiazko mapak. Mapa faltsuak

Badirudi kartografia arte/disziplina/zientzia/tresna geopolitikoa inoiz/inora bidaiatu ez duten horien amets egiteko gailua garaileek eta konkistatzaileek munduari euren subiranotasunaren berri emateko eskura zuten arma indartsuak urrezko aroa bizi du egunotan. Nahiz eta 1980an Alberto Manguelek (ikusmena galdu zuelarik Borgesi liburuak leitzen zizkion idazlea) esan zuen jada planeta honetako haran guztiak seinalatu eta marraztu genituela. Lur eta itsaso denak ordenatu genituela gure mapetan. Zegoenekoz, ba, abentura ezinezkoa zela. Zegoenekoz, ba, mundu ezezagunak aurkitzeko (edo bila, desiran, esperoan joateko behintzat) betarik, paradarik aukerarik ez genuela. Jada ez ziren existitzen 'Terra incognita' esamoldea erakusten zuten mapa erdi hutsak. Ezlekuetako mapa horiek arbasoek egindako akatsen kontua ziren, informazio ezak eragindakoak. Besterik ez. Ondorioz, egun, bidaiari ekitekotan mapan dagoen hura hor dagoela baieztatzeko txangoa baino ez zen izango gurea.

Ez izanik ez izenik ez zuten lur, bazter haiekin amets egiten zuten gure aiton amonen aiton amonek. Gustura. Ardurarik gabe. Nabardura gutxiko atlas erraldoiak zabaltzen zituzten jolasgelan eta behatzarekin marratzen zituzten liburuetan zein kontakizunetan agertzen ziren urrutiko erresumetarako bideak. Aspaldi aspaldiko kontuak dira horiek. Tamalez. FronteraD aldizkari digitaleko zuzendaria den Emilio López Galiachoren hitzetan, gaur lur eta ur guztiak seinalaturik izateaz gain, etxetik begira ditzakegu zuzenean mila mundu gure ordenagailuek, tabletek edo mugikorrek dituzten aplikazioen bitartez edo laguntzaz.

Are gehiago: paseoan ibil gaitezke auskalo nongo tenplu galdu batean barrena. Oraintxe bertan. Amazonian zehar. Teknologia gidari. Bidaia fisiko batetik bueltatzerakoan lagun minari kontatuko diogu, ikusitakoak sorgindurik gaituela oraindik. Baina adiskide horrek, telebista piztu, Google Maps edo Street Vieweko orrian sartu eta guk emandako pausu guztiak emango ditu. Trekking botak jantzi gabe. Inorako bidai txartelik hartu gabe. Era birtualean biziko du berak guk han ginela sentitutakoa. Harrosko. Kontent biziko ere. Iraganeko flâneur haien, paseari zorioneko horiek zapata pare bat ere gastatuko ez duten egoneko ibiltariak dira egun. Eta antzinako Terra incognita hura gaurko ameskeri zibernetikoa bilakatu da.

Beraz, akabo mapak eta kartografia? Ez horixe. Alderantziz. Inoiz baino beharrezkoagoak dira. Inoiz baino desiragarriagoak. Baina mundua orain arte inork inon marraztu ez digun maneraz marratuko digutenaz ari gara. Inperioek zapaldutako herriek egindako kartografia, kasu.

XIX. mendean Londreseko, Parisko, Vienako, La Hayako bulegoetan sortutako paperezko eta odolezko muga faltsu horiek, arrazak, tribuak, familiak, tradizioak ganoragabe (ala ez horren ganoragabe) hausten zituzten horiek, tintaz eta ezpataz babesturiko horiek, baztertzen dituzten mapa eder eta libre gaur egungoak.

Mapa poetikoak. Abenturarako dei egiten dutenak. GeoPlaneta argitaletxeak plazaratu berri dituen 'Atlas de las ciudades perdidas', 'Atlas de los países que no existen', 'Atlas de los lugares malditos' proposamenen antzekoak. Orain arte ontzat hartzen genuen abiapuntu, erdigune geografikoa hankaz gora jarriko dituena. Izan ere, zergatik sortzen dira bide guztiak Europatik? Non kokatzen zuten mapetako zentroa txinatarrek? Eta Ameriketako herriek? Al Andaluseko kalifa jakintsu horien zerbitzura ziren geografo arabiarrek edo judutarrek? Nola irakurriko genituzke egun Tuterako Benjamin bidaiariaren mapak? Zer dakigu Brasilgo indioek sortzen dituzten 'Mapa falados' direlako horiei buruz? Biltzen dira Rozinho da Liberdade izeneko lurretan bizi diren gizonezkoak eta emakumezkoak eta euren hurbileko munduaren inguruan dakiten guztia partekatzen dute. Tribuko batek marraztuko ditu bizilagunek esandakoak. Horrela, ahozko mapa hori paperezkoa izango da istant batez.

Ez. Planeta honetako iskin, txoko, biragune, meridiano, hemisferio, latitude eta longitude guztiak menpe (eta poltsikoan) ditugula sinistu arren, inoiz baino beharrezkoagoa da Kristo aurretiko 600 urtean Babilonian sortu zen kartografia zientzia,teknika, artea, lilura. Baina beste geografia motak, marrak eta zeinuak erabili behar ditu. Mapetan orain arte agertu ez diren gauzen Atlasak behar ditugu. Herrialde zoriontsuenen Atlasa. Geografo afrikarrek egindako Afrikako Atlasa. Ez Chaplinen Diktadore Handiak ez Holbeinek pintaturiko Enbaxadore horiek erabil zezaketen lur globoa. Gizaseme-alaben arteko harreman globalak adieraziko lituzketen mapak. Konexio askoren berri emango dutenak

Imago mundi (munduaren irudia) izenaz ezagutzen zituzten Antigoaldean mapak. Baina gure begirada eta begiratzeko tresnak aldatu direnez, aldatu beharko ditugu esku artean darabilzkigun mapak. Bai geografikoak. Bai merkataritzakoak. Bai politikoak. Sentimenduenak. Hizkuntzenak. Zeluloidezko herriak marraztu izan dizkigutenak. Animali ezinezkoak eremu fantastikoetan kokatzen dituztenak. Mapa hustuak. Mapa bizituak. Drakularen bidaia (Errumaniatik Inglaterrako Whitby portura itsasoz eraman zuena) seinalatzen diguna. Tolkienen Lur Ertainaren mapa. 'Juego de Tronos' telesailekoak.

Noiz aldatuko zain, irakur ezazue Juan Mayorgaren El cartógrafo eta pantailetara iritsi orduko James Grayen Lost City of Z ikusi. Artean, ez ahaztu Elkanok munduari buelta osoa eman zioneko 500 urte beteko direla laster. A zer mapa miragarria itzultzerakoan sortu zuen hura!

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate