Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada

Gazteen artean ondarearen ezagutza indartzeko lehiaketa

DBHko, Batxilergoko eta Erdi Mailako ikasleei zuzendutako Kultura Ondarearen Sariaren hirugarren edizioa aurkeztu dute

El Diario Vasco

Lunes, 13 de marzo 2017, 17:09

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Hezkuntza Sailarekin lankidetzan, 2017. urteko Kultura Ondarea Sarian parte hartzeko deia egin du. Ekimenaren helburua euskal kultura ondarearen hedapena bultzatzea da, eta horretarako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 3. eta 4. mailetako, Batxilergoko lehen mailako eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleek egindako bideoak sarituko dira.

Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak eta Imanol Agote Kultura Ondarearen zuzendariak aurkeztu dute astelehen honetan, Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon, sariaren hirugarren edizioa. Horiekin batera, aurreko edizioetako irabazleetako batzuk izan dira, Julio Caro Baroja BHI, Kantauri BHI, Avellaneda Ikastetxea eta Laudio Ikastolatik etorrita.

Jaurlaritzako ordezkariek proiektuaren bilakaera ona azpimarratu dute, bat egiten duen ikastetxe kopurua igo baita. Lehen edizioaren (2015) eta bigarrenaren (2016) artean, %51 bideo gehiago eta %23 ikastegi parte hartzaile gehiago izan ziren. 2017an sari hau hazten jarraitzea espero da.

Aurten, lehiaketan parte hartuko duten taldeek hiru eta hamar minutu arteko iraupeneko bideoak egin behar dituzte, eta kultura ondare material edo immaterialarekin lotutako euren ikuspegia azaldu behar dute, ondarea kontzeptua zentzurik zabalenean ulertuta. Ikasle parte hartzaileek gai zehatz baten inguruan kontakizuna sortu behar dute, ikus-entzunezko teknikak erabilita, taldean lan eginik eta ikuspegi berritzailea aurkeztuta. Ekimenak euskal kultura ondarearen balioa azpimarratu nahi du gizartearen esparru guztietan, bereziki hezkuntzan, betiere gazteria sentsibilizatzeko asmoz.

Irlandara bidaia

Proiektuak blog bat du eta, ekimenari buruzko informazioa hurbiltzeaz gain, kulturako, kiroleko eta euskal gizarteko 20 bat pertsonaren euskal kultura ondareari buruzko ikuspegia biltzen du. Bernardo Atxaga, Jesus Altuna, Toti Martínez de Lezea edo Nestor Basterretxea (2014ko bideo batean) dira blogean agertzen diren izen aipagarrienetako batzuk. Era berean, blog horretan aurreko edizioak irabazi dituzten bideoak ikus daitezke, eta tutoretza bideoen bidez ikus-entzunezkoaren munduan trebatzeko aukera dago, gero proiektuan parte hartu ahal izateko.

Sariei dagokienez, tutoreak eta lantaldeko kideek osatutako hiru talderi ematen zaie eta Irlandara zazpi eguneko bidaia bat da, bertako leku esanguratsuenetako batzuk eta kultura irlandarraren adierazpide aipagarrienak ezagutzeko.

Horrela, euskal ikasleen hiru taldek, irakasleekin eta tokiko gidaria den Paddy Woodworth kazetari eta idazlearekin batera, Irlandaren historia eta errealitatera hurbilketa bat biziko dute bertako kultura, hezkuntza, gizarte eta gazteriaren arloko kolektiboekin bizikidetzan eta elkarrekintzan.

Apirilaren 7ra arte izango da zabalik kultura ondarea ezagutarazteko lagungarriak izango diren bideoak aurkezteko epea.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios