Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Prozesioan hurbildu zitzaizkion arteari santua eta herritarrak.
Arbola bat, patu bi

Arbola bat, patu bi

Aspaldiko usadioak agintzen duen legez, iragan igandean Zeanuriko Eleizondoko artearen diametroa neurtu zuten. Salamancako Campo Charron, berriz, kupidarik gabe atera zituzten errotik 30 arte, uranioaren bila gutiziatsuan dabiltzan horiek

Begoña del Teso

Domingo, 19 de febrero 2017, 13:46

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Ederra oso Zeanurin orain urte batzuk berreskuraturiko usadioa. San Valentin egunaren inguruan, Eleizondoko biztanleak ermitara ailegatzen dira prozesioan, erromerian, eta hurbil dagoen arte ederraren diametroa neurtzen dute, orguilos.

Lagun batzuren legea zen hori denboraren poderioz galdua zuten bertakoek. Duela 58 urte hasitako ohiturari heldu diote berriro mende honetan. Harro. Fier. Kontent. Urtez urte denon adiskidetasuna sentitzen duen arbolak ez dio hazteari utzi. 2015eko otsailean 185 zentimetro zituen haren diametroak. 2016koan, berriz, 188. Aurten, zentimetro bat handiagotu da. Iragan igandean bertakoek jakin eta jakinarazi zuten lau haizetara Eleizondoko artearen enborrak 189 zentimetro zituela lodieran. Txaloz, kantuz, ardoz, farrez, braboka jaso zuten zeanuritarrek eta kanpotarrek berri ona.

Handik kilometro askora, Gaztelan, Portugaldik ez hain urrun, Campo Charro izeneko lur oparoan, Retortillo herriaren ondoan, egun beretsuetan berrehun urtetik gorako 30 arte paregabe errotik atera zituzten burdinezko makina erraldoi batzuk. Atera eta hor utzi. Hil arte. Gero, hangoek horrenbeste maitaturiko zura jasoko du norbaitek kamioietan eta Portugalen salduko DU, inori inoiz azalpenik eman gabe, paperik erakutsi barik.

Ai patu madarikatua Gaztelako arte horiena, Zeanuriko bedeinkatuaren ahizpa horiena! Zer dela eta batzuen eta bestearen horren zori desberdina, kontrajarria?

Maite dute maite Zeanuriko biztanleek zuhaitz gazte hori. Gaztea? Bai. 1959an landatu zuten, bertan zegoena gaixorik zegoelako. Eleizbaso menditik ekarri zuten idiek tiratutako organ. Inork gutxik uste zuen aurrera aterako zenik. Gutxi batzuk, aldiz, bai. Leku aproposean landatu, lur egokiaz elikatu eta behar zen neurrian ureztatu zuten. Lan bikaina egin zutela argi dago. Baina badaezpada ere, dudak uxatzeko enborra neurtzeari ekin zioten. Gaur arte. Kasik urtero. Festa giroan. Naturarekiko harreman trinko eta berdaderoan.

Maite dituzte maite Campo Charrokoek, Zeanuritarrek bezainbeste, bertako arteak, lur haren ikurra, oparotasunaren seinale, izaki anitzen babes eta elikadura, arrats gorri askoren pantaila eta filtroa baina, baina, baina. uranioa omen da lurazpian, eta Australiako Berkeley Energy konpainiak Retortillo eta Villavieja de Yeltes herrietan ekin dio aire librean izango diren meatzeetarako lurrak prestatzeari. Meategietarako eta geroxeago inguruetan osatuko duten kanposantu/zabortegi nuklear batentzako. Konpainiako Espainiako eskumendeko enpresaren orrialdean zin egiten dute ingurugiroa zainduko dutela. Lurrak, paisaiak, jendeak ez dutela kalterik, penarik, minik, oinazerik jasango. Baina jada mila arte atera dituzte errotik, beste 29.000 arrisku bizian dira eta, Salamancako Ingurugiro eta Hirigintza Lurralde Komisioaren salaketa gogorrari eta isun handi bati emandako erantzun gisa, joan den astebukaeran amorru biziz, sadismo paregabez ez ekaitzek ez haizeak kasik inoiz egin ez dutena egin dute: 30 baino gehiago arte zoragarri bota, akatu, moztu.

Festan izan dira San Valentin aurreko astebukaeran Zeanurin. Dantzan arte miresgarriaren ondoan. Malkotan, berriz, borrokan berriz Plataforma Campo Charroko kideak. Horren guztiaren berri, Stop Uranio Plataforma Campo Charroko webean eta facebookean. Ai Zeanuriko arte zorionekoa! Ai, zuek, Salamancako arte malurusak!

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios