Diario Vasco

Ipar eta Hego, herri-musiken festa

Ikuskizunean parte hartuko duten musikariak.
Ikuskizunean parte hartuko duten musikariak. / OSCAR OLIVA
  • 'Zuhainpeko soinuak-Ahozko transmisioa' ikuskizuna eskainiko dute igande honetan Donostian, Kursaaleko Ganbara Aretoan, 19:00etatik aurrera

Ahozko transmisioaren ideia nabarmentzen duen ikuskizun bat da. Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean, Zuberoako musiken adierazgarri nagusia den Jean Mixel Bedaxagar ikusiko da agertokian, euskal herri-musikaren erreferenteetako bat den Juan Mari Beltranekin batera. Haien ondoan, melodia berriak sortuz, Mixel Etxekopar, Mathieu Mendizabal, Sacha Standen, Pierre Vissler, Maider Ansa, Ander Barrenetxea, Aitor Beltran arituko dira, beren sustrai tradizionalenetan oinarrituz.

Garai batean udako iluntzeetan baserri ondoan egin ohi ziren bilerak berritu nahi izan ditu Mireia Gabilondok. Batzuek eta besteek elkarrekin egon nahi izaten zuten eta, hizketaz aparte, kantuan eta dantzan hasten ziren noiznahi. Hori da ikuskizunaren funtsa. Kantua, musika eta dantza uztartuko dira bertan.

Zuberoako kantu tradizional asko egongo dira, batzuk ezagunak, besteak ez hainbeste. Iparraldetik, Bedaxagarrekin (ahotsa, txirula, ttunttuna) batera, hauek ariko dira: Mixel Etxekopar (ahotsa, txirula, ttunttuna, dantza), Mathieu Mendizabal (ahotsa eta dantza) eta Sacha Standen (biolina).

Hegoaldeko kideak, berriz: Juan Mari Beltran (txalaparta, alboka, oboea, perkusioa), Aitor Beltran (txalaparta, harmonika, perkusioa), Ander Barrenetxea (txalaparta, perkusioa) eta Maider Ansa (ahotsa) osatzen. Baina batzuk eta besteak nahasiak ibiliko dira; adibidez, Zuberoako doinu eta kanta batzuei txalaparta-soinua gehituko zaie.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate