Diario Vasco

Olariagari eskainiko dio urteko lehen erakusketa Komikiguneak

Zakilixutek izango du noski tokia erakusketan.
Zakilixutek izango du noski tokia erakusketan. / DV
  • «Anttonek komikian egin duen lana azaleratzea da» hilaren 20an zabalduko den erakusketaren helburua

Gaur zortzi, otsailaren 20an, zabalduko da Donostiako Komikigunean Antton Olariaga marrazkilariari eskainitako erakusketa. 'Marra eta hitza. Antton Olariaga' komikiari emandako gune horren 2017ko lehen erakusketa da, eta martxoaren 17ra arte izango da zabalik. Ikusgai, berriz, astelehenetik ostiralera izango da, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 19:30era.

Antton Olariagak ez du aurkezpen handirik behar, 1946an jaiotako usurbildarrak ia bost hamarkadatan utzi baitu bere arrastoa. Hasi, Valentzian hasi zen iragan mendeko 70eko hamarkadan. Garai hartan hasi zen halaber 'Zeruko Argia' eta 'Anaitasuna' aldizkarientzat lanean, eta diktadura eta trantsizioaren arteko une haietan sortu zituen zenbait pertsonaia gogoangarri, hala nola Hormasprayko, Kaleko eta Mozorrozko. Haien bidez kontatu zituen, beste euskarri batzuetan zailagoa zen askatasunarekin, garaiko gertaera soziopolitikoak.

Gerora, erakusketa aukezteko prestatu duten oharrak dioenez, «Erein argitaletxearen eskutik literaturaren munduan sartzeko aukera ere izan zuen eleberrietarako ilustrazioak eginez». Gaur egun Berria egunkarian egunero argitaratzen du Zakilixuten komiki tira, eta ohikoa du lankidetza beste sortzaile batzuekin.

Erakusketaren helburua «Anttonek komikian egin duen lana azaleratzea da». Bertan ikusgai izango dira Ipurbeltz, Alukiss, Ehun kilo, Hamaseigarrenean aidanez, Igelio, Zakilixut, Anaitasuna, Altza Porru, Xabiroi, Argia eta abarretan burututako pertsonaiak eta komikiak, tira laburrak zein komiki luzeak.

Parrapean III. Komiki Egunak ekimenerako prestatu ziren panelak izango dira ikusgai batetik. Bestetik, marrazki originalak ere erakutsiko dira, zirriborroak, tirak, kolore zein txuri-beltzezkoak...

Erakusketaren baitan bi hitzordu berezi prestatu dituzte. Bisita gidatua egingo da otsailaren 22an, 19:00etan, Olariagaren beraren eskutik, eta martxoaren 2an, berriz, solasaldia izango da Anttoln Olariagaren eta Koldo Izagirreren artean, hori ere 19:00etan.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate