Diario Vasco

«Letek apurtu zuen ohiko sinestunen eskema»

Sebastian Gartzia Trujillo, aurreko astean Bilbon.
Sebastian Gartzia Trujillo, aurreko astean Bilbon. / FERNANDO GÓMEZ
  • Puntako euskal idazleek erlijioaz adierazi dutena aztertu du 'Hamaika euskal literato eta Jainkoa' liburuan Sebastian Gartzia Trujillo idazleak

Sebastian Gartzia Trujillo (Barakaldo, 1944) 'Hamaika euskal literato eta Jainkoa' publikatu du, non idazle batzuek erlijioaren inguruan idatzi dutena aztertu duen. Domingo Agirre, Jean Etxepare, Orixe, Lizardi, Mirande, Txillardegi, Juan Marilekuona, Gandiaga, Aresti, Lete eta JosAnton Artzeren obrak aztertu ditu, hain zuzen ere.

Ekonomia ikasi zuen Gartzia Trujillok, eta gero Euskal Filologian doktore egin. Banku batean atera zuen bizimodua eta orain Bilboko Elizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuan ari da, bolondres moduan. Aurretik bazituen beste liburu batzuk plazaratuak, batik bat euskal idazleen inguruko ikerketa-lanak.

–Liburu benetan lodia da hau, 893 orrialdekoa. Urteetako lana izango zen.

–Bai, urteak, hamar bat. Hasieran mintegi batean hasi ginen, eta gero nik bakarrik jarraitu nuen.

–Gai honetaz mintzatu al zinen idazleekin, ez dakit... Lete eta Juan Mari Lekuonarekin, adibidez?

–Leteri bidali nion lana, eta gustatu zitzaion. Artzeri ere bidali nion lana eta ez zion aldaketarik egin. Lekuonarekin behin baino gehiagotan berba egin nuen, baina ez gai honetaz, artean hasi gabe nengoen eta. Txillardegiri ere galdera batzuk egin nizkion, baina modu informal batean. Lan hau, azken batean, ez dut egin elkarrizketen bitartez, baizik eta idazle horien testuen bitartez.

–Inpresioa daukat ez daukagula euskal idazle ateorik. Agnostikoak bai, dezente.

–Lan hau egin nuenean ez nuen alde hori kontuan hartu. Txillardegiri bai, zuzen galdetu nion: zu zer zara, agnostikoa ala ateoa? Eta esan zidan: begira, ni agnostikoa naiz, baina muturrekoa, ia-ia ateoa. Gai honetaz bere buruaz garbien berba egin duena Aresti izan da; esan zuen bera sinesgabea zela. Baina sinesgabea bazara ez duzu zertan ateo izanik.

–Zuk Arestiz hau idatzi duzu liburuan: «Erlijio traszendentzia laiko bat dauka».

–Kuriosoa da Arestiren kasua. Nik gai hau aurreiritzirik gabe hartu nuen. Gainera, kontsulta batzuk egin nituen, Aresti hartu edo ez hartu. Haren kasua paradigmatikoa da: garbi esaten du bera sinesgabea dela, baina gero, nire ustez bera da erlijio eskemak gehien erabiltzen dituena. Arestiren heroiak erlijiosoak dira: profetak, Zaratustra, Jesukristo, Juan Bataiatzailea... eta 'Maldan behera' poemategian katedral handi baten metafora erabiltzen du europar zibilizazioaz berba egiteko. Batzuek ateo moduan ikuste dute Aresti, baina gero hasten zara haren obrak aztertzen eta...

–Bera Joxe Azurmendiren adiskide izan zen, hau Arantzazun zebilenean fraide frantziskotar. Eta uste dut errieta egin ziola Joxeri, honek nolabait federa erakarri nahi izan zuelako.

–Beno, hori gutunetan azaltzen da. Baina ez ziren haserretu, adiskide jarraitu zuten. Arestiren olerki ezagunena badakizu zein den, 'Nire aitaren etxea'. Metafora hori Ebanjeliotik hartua da, hor mila bider agertzen da aitaren etxea eta aitaren erreinua. Eta poeman azaltzen den protagonista martiri bat da. Gainera, azken aldera esaten du arimarekin defendituko duela etxea. Aresti, zerbait izan bazen, materialista izan zen, baina olerkirik gehienak idazterakoan erlijiotik ateratako eskemak eta kontzeptuak erabili zituen.

–Halaber, liburuan esaten duzu Xabier Letek fedearekiko izan zuen jarrera hori ez dela hain arraroa Elizan bertan ere. Lete izan zen pertsona bat sinesten ahalegindu zena, eta ez dakigu azkenean zenbateraino lortu zuen sinestun izatea.

–Are gehiago esango dizut: jatorriz-jatorriz, fededunen jarrera otoizlariena izan zen. Duela gutxi zera irakurri diot teologo famatu bati: zer da fedea?; otoitz egitea. Gure artean jarrera hori ongien azaldu duena Xabier Lete da. Berak esan zuen dogmen bidez ez zuela Jakinkorik aurkitzen, baina berak otoitz egin nahi ziola, eta bera sinestuna zela otoitz egiten zuelako. Hori oso inportantea da, zeren apurtzen baitu ohiko sinestunen eskema. Hemen, mendebaldean, egia batzuk sinestu behar ditugu, eta egia batzuk onartzen baditut sinestuna naiz. Buruz sinetsi behar dugu. Nik diot ezetz, hori ez dela hola. Letek nahi zuen bere aitarekin egon, Lurdesekin egon, eta horretarako otoitz egiten zuen. Hain zuzen ere, hori da gaurko teologo batzuek azpimarratzen ari diren sinestunen jarrera.

–Beste pasarte batean horixe diozu, etorkizuneko fedea zalantzatia izango dela.

–Moisesena ere halakoxea izan zen. Eta Jesukristok sekula ez zuen esan berak sinesten zuela Jainkoa zenik.

–Hau diozu baita ere liburuan: «Euskal munduan erdal kolonizazioa, inon gertatu bada, erlijioaren arloan izan da».

–Guk, momentu honetan, euskal erlijioaren sinboloak aukeratu beharko bagenitu, Agirre Asteasukoa, Txomin Agirre, Resurreccion Mª Azkue eta holakoak aukeratuko genituzke. Gure abaderik adierazgarrienetakoak izan dira. Baina irakurtzen baduzu Axular eta horien denen sermoiak, Trentoko Kontzilioko teologia topatuko duzu. Eta konparatzen badituzu euskal mitologia eta Trentoko teologia, guztiz desberdinak dira. Etorri ziren kristau berriak eta hasi ziren esaten monumentu zaharrak jentilen harriak eta mairuen baratzak zirela. Nola baina! Hemen sekula ez omen da mairu edo mororik egon eta! Apaiz haiek ez zuten kontuan hartu hemengo erlijiotasuna, eta Erromako teologia zabaltzen jardun ziren. Bada euskal ipuin bat oso polita, uste dut Beasain inguruko baserri batean jasotakoa. Bazen familia bat, non ama jatorrizkoa baitzen, eta aita kristaua. Aitak nahi zituen seme-alabak bataiatu, eta amak ez. Hori posible zen garai batean. Zer gertatzen da? Kristauek asmatutako ipuina dela eta ama hori sorgina da eta bukatzen du esanez bera badoala hortik, eta infernura alde egingo duela. Erlijio jatorrizkoaren kontrako ipuina da. Holako gauzak aztertzen ditut Bitoriano Gandiagari eskainitako atalean.

–Bai, hor diozunez, Gandiagak amatasuna itsatsi zion Jainkoari. Jainko ama nahi zuen berak.

–Bai, Jaungoikoari amatasuna itsatsi zion, eta gertutasuna, eta askatasuna, eta lurrarekiko harremana... Gure mitologian Jaungoikoak oso etxekoiak dira eta hildakoak presente daude. Baina Erromatik etorritako erlijioaren Jaungoikoa beti urruti dago, oso ondo jantzita dago eta oso boteretsua da. Nik proposatzen dudana da euskal teologia bat sortu behar dugula, gure erlijio esperientzian, gure mitologian, gure erritoetan, gure ohituretan oinarritua.

–Eta zer diozu Orixez? Pertsonaia polemikoa, inondik ere.

–Banituen erresistentziak nik Orexerekiko, baina sorpresa hartu dut. Orixeren meritua izan zen mistika-hizkera sortzea, hitz berri pila bat asmatuta. Eta bada beste gauza bat Orixerengan ikusi dudana. Mistikoen ereduei dagokie. San Ignaziorentzat zein da fededun puntakoena? Gudaria; bekatuaren kontra borroka egiten duen gudaria. Santa Teresarentzat zein da kristau ideala? Noblea. Orixek, berriz, gauza bat guretzat mesedegarria egin zuen; harentzat, mistikoen eredua baserritarra da. Hori, 'Quito'n arrebarekin' liburuan kontatu zuen. Hor agertzen da alegoria bat, zer izango den euskaldunen zerua. Eta badakizu nolako zerua deskribatzen duen? Herri txiki bateko enparantzako euskal jaia, eta hantxe dantzan San Frantzisko Xabier, Balentin de Berriotxoa eta beste batzuk. Mahaian, berriz, Andre Maria, Jesukristo... eta inguruan bertsolariak kantuan.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate