Diario Vasco

Maddi Oihenartek eta SokaHots Orkestrak 'Doi' diskoa aurkeztuko dute Donostian

Laukotea, oholtzan.
Laukotea, oholtzan.
  • Emanaldia ostiral honetan izango da, 21:00ean, Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal aretoan

Maddi Oihenart euskal ahotsik onenetakoa denik ez du inork ezbaian jarriko. Aparta ez ezik, berezia du ahotsa, Zuberoako kantukera tradizionalean trebatua, harexek berotua. Aitaren zein amaren parteko familietatik jasotako ondare tradizionala oinarri eta arima badu ere, 1956an Barkoxen jaiotako kantaria maiz ausartu izan da jazzaren edo beste estilo batzuen inguruan proposatu dizkioten abenturetan abiatzera, beldurrik eta errezelorik gabe. Orain artio ez zaio irristadarik ezagutzen.

Maddi Oihenarti ez zaio gustaten bakarkako lana. Bila joaten zaizkionean, proposamena gogoko badu buru-belarri murgiltzen da proiektu berrietan, eta oraingoz azkena duenera Jérémie Garat Sohütako musikari gazteak gonbidatu zuen. Zinemarako musikak-eta konposatu izan dituen Garat (harena da 'Xora' zubereraz egindako lehen filmaren soinu-banda) sortzailea ez ezik tresna ugari menperatzen dituen musikaria da (biolontxeloa, gitarrak, kontrabaxua, ttun-ttuna, perkusioa eta organoa jo zituen diskorako, eta koruak ere egin zituen); musikari arretatsu eta berritzailea, rockaren mundutik hurbilekoa, baina sorterriko kantu tradizionaletik urrundu gabea.

Prozesu luzean, bien artean ondu zuten 2015ko Durangoko Azokarako prest zuten 'Doi' diskoa (2015, Reseda Diskak). «Azkenean elkarrizketak bezala dira gure kantuak», esan zuten lankidetzaren eta diskoaren nondik-norakoen berri ematen duen elkarrizketa honetan. Biek sinatzen dituzte hain zuzen diskoko hamaika abestien musikak. Abentura hartatik hurbil ibili zen halaber Frantzian sona handia duen Pascal Humbert baxu-jotzailea. Hari zor zaio diskoaren berezitasunetako bat: 1985ean Bordelen sortutako Noir Désir talde entzutetsuko buru izandako Bertrand Cantaten ahotsa entzun ahal izatea, euskaraz kantatzen, diskoko bi abestitan. Hain zuzen ere, aspaldiko lagunak izateaz gain 2013az geroztik Détroit taldeko zutabe nagusiak dira Cantat eta Humbert.

Ostiralean, 21:00ean

Disko horretako abestiak, eta publikoak eskatu ez ezik eskertu ere egingo dizkion betiko kantu gutxi batzuk, eskainiko dituzte ostiral honetan, otsailak 10, Donostia Kulturaren eskutik, Antigua auzoko Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal aretoan, Maddi Oihenart&SokaHots Orkestra izena daraman formazioarekin. Gaueko 21:00etan hasiko da saioa, eta sarrerak, 9 eurokoak, hemen daude salgai.

Donostiako emanaldian Jérémie Garat, Ohian Oliarj eta Jimmy Arrabit perkusionista beterano eta ezaguna izango ditu lagun Maddi Oihenartek, saioa iragartzeko banatu duten oharrean dioen bezala, «üngürüan murgiltzen diren hiru müsikari lagün urbil». Bertaratuek entzungo dituzte hitzen zein doinuen aldetik askotarikoak diren kantak, Garatek 'Zuberoako kantarisaren' ahotsera eta kantukerara egokituak, bat egin dezaten elementu guztiek bakar batek galdu gabe berezko dirdira.

Kantuetan daude Itxaro Borda eta Leire Bilbaoren hitzak, baita Oihenart berarenak ere. Eta bertan dira halaber Maddi Ohienartek oso maite duen Bernat Etxepareren 'Emazte fabore', hala nola Joan Batista Elizanbururen 'Txori berriketaria' eta 'Zeta haria' abestiko hitz herrikoiak.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate