Borrar
Aita-alabak, Mikela Elizegi eta Pello Errota.
Pello Errotaren bizitza, bere alaba Mikelak kontatua

Pello Errotaren bizitza, bere alaba Mikelak kontatua

Euskara batuan plazaratu dira Hauspoa bilduman 94 urteko Mikela Elizegik Antonio Zavalari aita zenari buruz kontatu eta kantatu zizkionak

m.i.

Miércoles, 8 de febrero 2017, 12:19

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Berri honek hiru protagonista nagusi ditu, Pedro Jose Elizegi 'Pello Errota' bertsolari asteasuarra (1840-1919); haren alaba Mikela, 'Mikela zintzarri' (1869-1967), eta Antonio Zavala (1928-2009). Laugarren bat izan daiteke Gipuzkoako Foru Aldundia, zeinak Hauspoa bildumaren bidez ari den berreskuratzen garai bateko Auspoak Zavalaren gidaritzapean egindako ekarpena.

Oraingo honetan, Hauspoa bildumako bigarren zenbakia heldu da plazara: 'Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua'. Liburuaren hirugarren argitalpena da: euskara batuan egiten den lehena, aurreko biak gipuzkeraz argitiratu baitziren, osatu bezala alegia.

Aurrenekoa, Auspoa bildumako 32. liburua izan zena, 1963an argitaratu zen, eta harixe zor zaio 1992an bigarrenez, 'Pello Errota' obraren baitan (Auspoaren Sail Nagusia, 5.a) argitaratu zen lanaren berezitasun nagusia: Zabalaren eta Pello Errotaren alaba Mikelaren arteko lana izatea, alegia. Mikela Elizegi, hain zuzen, ez zen nolanahiko solaskidea. Bertsolariaren zortzi seme-alabetan laugarrena izateaz gain, berak ere, aitak bezala, bazekien bertsotan egiten, nahiz eta bizitzea tokatu zitzaizkion garaiak ez ziren izan egokienak emakume bertsolarientzat.

Zabalarekin bildu zenerako 94 urte zeuzkan Mikelak. Orduak eman zituen Antonio Zavalaro aitartzen bizitzako pasarteak kontatzen eta bertsoak kantatzen, eta Zavalak, ohi zuen moduan, magnetofonoan jaso, paperera eraman eta liburu bilakatu zituen. Handik 30 urtera, 1993an, 'Mikaela Elicegui-ren oroitzapenak' liburua, liburuxka hobe, argitaratu zuen Zavalak Pamiela argitaletxean.

Asun Garikanok euskaratua

Antonio Zavalak, guztira, 303 obra argitaratu zituen; horietako 276, Auspoa bilduma hirukoitzean: bilduma arruntean 259, ertainean 5 eta Auspoaren Sail nagusian 13. Horietatik guztietatik, dio Foru Aldundiak argitalpenaren berri ematen duen oharrean «'Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua' hauxe da harrigarrienetakoa. Emakume baten ahotsetik mundu zaharra bezain liluragarria azaltzen digu, bere garaiko ikuspegitik eta orduko moduan adierazita. Ahots honetan du euskal literaturak eta ez soilik ahozkoak ahotsik ederrenetako bat».

Hirugarren argitalpenerako Asun Garikanok ekarri du ahots hori euskara batura, ahalik eta gehien errespetatuz jatorrizko idazkera eta zeuden-zeudenean utziz bertsoak. Pasarte batzuk lekuz aldatu ditu, azken aldera eramanez, kontakizunaren mesedetan.

Liburua ilustrazioz hornitua dator, Hauspoa sail berriak hartu duen bideari jarraikiz, oraingo honetan Xabier Sagastak (Gasteiz, 1982) egin ditu marrazkiak. Hitzaurreei dagokienez bi ditu, lehena Bernardo Atxagak argitalpen honetarako bereziki idatzi duena, eta Antonio Zavalak 1963ko argitalpenerako egindakoa, zegoen-zegoenean mantendu dena.

Atxagak, hain zuzen, maiz aipatu izan du Mikela herrikidea. Besteak beste, Euskaltzaindian sarrera hitzaldia egin zuenean, edo 'Muskerraren bidea' aurkeztu zuenean. Honakoa esan zuen orduko hartan: «Nik Pello Errota baino nahiago izan dut bere alaba, Mikela Elizegi. Bere aitaren doai bera zuen, gertatzen zen bakarra andrea zela, garai horietan andrea izatea preso egoteko modu bat zela». Oraingo hitzaurre honetan, berriz, honakoa idatzi du: «Zenbat balio dute, poetikoki, Mikela Elizegik hurbileko heriotzen aurrean esandakoek? Zakur amorratuak hozka egindako neskatoaren pasarteak, kasu, edo hemeretzi urterekin hildako ahizparenak? Ezin da neurtu. Nire aldetik, ohar bakarra egin dezaket: halako inpresioa egin zidatela liburuko pasarte horiek non, prezipitazio kimiko baten moduan, Obabako mundua garden azaldu zitzaidan buruan».

Esan bezala, Hauspoa bildumaren bigarren zenbakia da hau. Bilduma honetan argitaratuko dira, euskara batuan, Antonio Zavalak Auspoan plazaratutako alerik esanguratsuenak. Hala, gazte eta gazteen eskuetan ere ipini nahi dira altxor bikain horretako bitxirik ederrenak. Sebastian Salaberriaren 'Neronek tirako nizkin' eleberriak estreinatu zuen Hauspoa bilduma berria. Eleberri harentzat ere badu esatekorik Bernardo Atxagak bigarren zenbaki honen hitzaurrean: «Litekeena [] Hauspoa bilduma honetako lehen argitalpenak, 'Neronek tirako nizkin' delakoak, ez jasotzea Espainiako Gerra zibilaren item guztiak. Baina, zenbat balio dute Legutioko batailaren inguruko orrialdeek? Nire ustez, izugarri. Ez da aurkituko leku askotan literatura askotan haien parekorik. Sebastian Salaberriaren orrialde horiek indar dramatikoa dute, eta aparteko egiatasun bat. Berdindu ditzala ahal duenak».

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios