Diario Vasco

«Irakasle bakar batek merezi duen soldata ez al du merezi gure lanak?»

Arrese bere lantokian, Susa argitaletxearen bulegoa
Arrese bere lantokian, Susa argitaletxearen bulegoa
  • Susa argitaletxearen literatur buletinak, 'Literatur Emailuak' delakoak, hamabost urte bete ditu

Hamabost urte dira Susa argitaletxeko lantaldeak ‘Literatur Emailuak’ izeneko buletina egiten hasi zela. Ostegunero, euskal literatur ekitaldien agenda zabal eta zehatza argitaratzen da bertan, efemerideak ekartzen ditu gogora, eta aktualitateari lotutako itzulpenak ere eskaintzen ditu. Gainera, liburuak irakur daitezke osorik on-line.

- Beno, Gorka, hemen gara.

- Bai, hilak 10, asteartearekin. Nik ere egiten nituen elkarrizketak, eta grabaketaren hasieran data esaten nuen, gero erreferentzia hori eduki genezan.

- Elkarrizketak egiten zenituen?

- Bai, Argia-n. Ni Susara hurbildu nintzen poema txar batzuk bidalita. Eta esan zidaten: aizak, ez duk nahikoa poemak bidalita, hurbildu eta lagundu. Susako jendeak Argia aldizkaria egiten zuen eta halaxe hasi nintzen ni ere kazetari lanak egiten.

- Zer urtetan?

- 1984an bidaliko nituen lehen poema haiek. Eta gero lanean, 1985eko urrian. Hogei urte nituela. Apasionantea zen.

- EUTGko ikasle izan zinen?

- Bai, hasi nintzen, baina gero ikasketak utzi nituen, lanean ari nintzelako. Nire ikaskide guztiak filologo bihurtu ziren. Gero berdin gertatu zitzaigun Egunkariarekin; Susako lagun asko jardun ginen proiektua prestatzen, eta gero bertan lanean. Ni neu Kultura ataleko buru izan nintzen lehen bost hilabeteetan.

- Gorka Arrese goitizena da. Zure abizena Izeta da berez. Noiz hasi zinen Arrese sinatzen?

- Lehenengo elkarrizketa egin nuenean Argiarako. Uste dut Antton Olariagari egin niola. Ni gaztea nintzen, 20 urtekoa, eta izugarri lagundu zidan. Oso tipo jatorra, ezagutu nuenetik gaur arte.

- Baina batez hona etorri naiz zuen Literatur Emailuak direla eta. Hamabost urte bete dituztelako. Nolatan hasi zineten lan honetan?

- Albistegi bat da, buletin literario bat. Astero albiste bat eman nahi du, batzuetan bi emango ditu, edo asko jota hiru. Eta, horrekin batera, agenda: errezitaldiak, literatur solasaldiak... Ikusita geneukan nolako agenda zabalak egiten ziren musika-emanaldiei buruzkoak hedabideetan, eta pentsatu genuen literatur ekitaldiei ere arreta pixka bat eskaini behar zitzaiela. Baina agenda bat egiteko, norberak mugitu egin behar du.

- Eta, denboraren poderioz, lortuko zenuten pertsona sare bat, datuak bidaltzen dizkizuena.

- Bai, baditugu holakoak. Gure ahalegina izan da beti literaturaren berri ematea, eta ahalegin literario serioena liburua izaten da, baina badira beste modu batzuk. Ahoz literatura asko egiten da: hitzaldiak, mahai-inguruak, errezitaldiak... eta orain antzerki-irakurraldiak ere egiten dira. Hori dena jaso nahi izaten dugu Literatur Emailuetarako.

- Beraz, agendaz gain astero albiste bat nahi duzue zabaldu.

- Bai. Gogoratzen naiz lehenbiziko Literatur Emailua hau izan zela: «Berrogei urte dira Kulixka Sorta Zarautzen sortu zela». Bilduma bat izan zen, gauza historikoa alde horretatik. Transmisio-gogo bat bazegoen lehen albiste horretan, eta gero ere horrela izan da. Gainera, testu literarioari garrantzia eman diogu beti. Alegia, helburua ez da urteurren baten berri ematea; hori prentsak ere egiten du; helburua da hitz egiten ari garenaren idazle horren testuren bat eskaintzea. Edo izan liteke eskela bat, adibidez Lizardirena, 1933koa.

- Liburuak digitalizatzen ere ahalegin handia egin duzue.

- Nahi genuen biblioteka publiko digital bat osatu. Eta eskaini igual lortzen errazak ez diren liburuak.

- Eta nola jakiten dituzue urteurrenak?

- Ez dugu ezer asmatu. Gaur egungo idazleen jaiotegunak, adibidez, batzuetan eurei galdetuta jakin ditugu. Ezin galdetuko diegu noiz hilko diren! (barreak). Gure aurretik Auñamendi entziklopediak datu asko publikatu zuen, eta baita Santi Onaindiak ere. Akatsak ere izaten dira jasotzen dituzun material horietan: igual eskela agertutako eguna hartu, konturatu gabe heriotza bi egun lehenago gertatua zela, adibidez. Guk geuk ere emango ditugu datu txar batzuk, seguru asko. Efemerideak biltzea nire afizio pertsonal bat da. Hemengo idazleenak ez ezik, munduko idazleenak ere batzen hasi nintzen, oraindik Wikipediarik ez zegoela. Orain Wikipediak izugarrizko erraztasunak ematen dizkigu, badakigu. Hau dena nondik dator? Susa argitaletxearen webgunea antolatu genuenean, erabaki genuen ez zela gure argitaletxearen eskaparatea izango, gero geure liburuak saltzeko, baizik eta liburutegi orokor eta publikoa. Digitalizatu genituen gure klasikoak, digitalizatu genituen euskal literatur aldizkariak... Lazarraga agertu zenean ere, segituan digitalizatu genuen, eta esan genion historialari bati jartzeko bere ustez zer zegoen idatzita. Altxor publiko eta demokratiko bat osatu nahi izan dugu, ez ezkutuan egongo den altxorra, baizik ere denon eskura jarrita. Adibide bat: Ustela Saila, Koldo Izagirrek editore izan zuen bilduma hura, non dago? Ba guk digitalizatu egin ditugu liburu haiek. Eta baita La Primitiva Casa Barojakoak ere, ia denak, edo beharbada denak, aurrena baimena eskatuta.

- Beraz, hamabost urtez astero-astero Literatur Emailua osatu duzue.

- Eta batzuetan larri. Baina derrepente John Berger hiltzen da eta guretzat mesede, hola esatea baldin badago. Deitzen diot Iñigo Aranbarriri, albistea emateko, eta hark segituan: «haren poema batzuk euskaratuko ditut oraintxe». Gure idazle eta itzultzaileek gauez egiten dute lan eta oso eskuzabalak dira. Modu diferentetan egiten dute lan; adibidez, Ibon Sarasolak liburu oso bat itzuli zuen, Julio Cortazarren ‘Kronopioak eta famak’. Itzulpen gehienak Koldo Izagirrek egiten ditu, eta IñigoAranbarrik ere asko.

- Literatur Emailuak egiten orduak behar dira. Jasotzen al duzue dirurik, diru-laguntzarik?

- Lan batzuetan izan ditugu diru-laguntzak, beste batzuetan ez. Adibidez, XX. mendeko literatur aldizkariak digitalizatu genituenean, geurez egin genuen, eta gero Gipuzkoako Diputazioak lagundu egin zigun diruz, eta esan zigun lan horretan jarraitu beharko genukeela, berariazko laguntza batzuk sortuko zituela eta. Halaxe, Egan eta Euzko Gogoa digitalizatu genituen, orrialde asko zituzten aldizkariak. Armiarma.com webguneko atal batzuetarako izan ditugu laguntza partzial batzuk, baina hemen arazoa da hasitako atal hura gero elikatzen joan behar duzula. Literaturaren Zubitegia, esaterako, etengabe berritu beharrekoa da, idazleren batek liburua ateratzen duen bakoitzean. Nola edo hala, instituzioei -batez ere Jaurlaritzako Kultura sailari- gure kezka transmititu nahi diegu. Begira: zenbat euskara- eta literatura-irakasle daude Euskal Autonomia Erkidegoko institutuetan?

- Ez dakit. Bostehun?

-Demagun gutxiago direla, berrehun direla. Guk astero literaturari eskaintzen diogunak al du merezi irakasle baten urteko soldata? Ez al gara zerbitzu publiko bat ematen ari, ez al gara altxor bat ematen jendeari? Irakasle bakar batek merezi duen soldata ez al du merezi gure proiektuak? Kontuan izan Armiarma.com-en azaltzen diren literatur kritikak eskoletako testu-liburuetan agertzen hasi direla. Baina guretzat hain da garrantzitsua egiten duguna, ez dugu tarterik hartzen eskean ibiltzeko, baina hasi behar dugu horretan, zeren lotsa pixka bat ematen digu gure kolaboratzaile batzuei musu.trukeko lana eskatzeak.

- Izena sortzeko garaian mailuaren metafora hartu zenuten.

- Bai, ezaguna da Arestik idatzitakoa, poesia mailu bat dela. Azken batean, egiten duguna da astero kolpetxo bat, mailuak egiten duen bezala.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate