Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Puntu berde bakoitza entzun daitekeen irrati bat da.
Planeta osoko irrati oro

Planeta osoko irrati oro

Uhinetako unibertsoak poz-pozean eman zion amaiera 2016ri, eta poz-pozik hasi 2017.a Munduko lau izkinetako irratizaleok deskubritu genuen Radio.garden-en istorio/errealitate ederra

Begoña del Teso

Domingo, 8 de enero 2017, 10:22

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Sarean sartu bezain fite, egunkariak ireki orduko edo irrati-amateurrekin elkartu ondoren Europa Ipar eta Erdialdeko zenbait unibertsitatetako ikerlari frankoren ekimen harrigarri honen berri jasoko duzu. Berri zehatza. Teknikoa. Zientifikoa. Nahi izanez gero, tutorial anitz daude interneten Radio.garden-ekin ahalik eta ondoen, ahalik eta sakonen, ahalik eta era oparoenean gozatu ahal izateko. Baina tutoretza horiek ez dira, inolaz ere, ezinbestekoak.

Hobe munduan barna galtzea. Zure burua galtzea. Zure entzumena galtzea. Zure irudimena galtzea. Zure nostalgiaz zamaturik, saka ezazu lur-globoko edozein puntutxotan eta izan zaitez zorionekoa! Segituan entzungo duzu Austriako herri txiki bateko disko eskainitakoen irratsaioa. Edo Berkeley Unibertsitateko ikasleek sortutako Trumpen inguruko sail erabat ausarta. Derrepentean, zure arratoiak, bere kabuz, bere kasa, markatuko dizu Londreseko esparru nimiño bat eta, eta, eta harridura osoz eta kontent asko konturatuko zara Birdsong.radio-koen eremuan zaudela. Zer da ba Birdsong.radio hori? 24 orduz interneten bidez txorien kantuak eskaintzen dituen irratia! Egun pare batean, karnaba eta urretxindorra bereiziko dituzu uhinetan. Entzungo duzu belearen karranka eta oilagorraren soinu bare eta isila.

Bote prontoan, soinu eta oihartzunen egarri, gose zarela, salto ikaragarria emango duzu: Tel Avivera zoaz besaulkian jarrera aldatu gabe. Adituko ote dituzu handik Kabalaren zenbaki-joko ezkutuak? Ez horixe, orain Joint Radio Bluesekin konektatu dugu eta Bessie Smithen ahots miresgarria sartzen zaigu bozgorailuetatik. Grabaketa joandako garaietakoa da. Bessie 1937an hil zen. 'Bluesaren Enperatriza' deitu zioten miresten zutenek. Haien artekoak ziren Mahalia Jackson eta Janis Joplin.

Bidaia aparteko honetan, momentu guztiak ez dira hain xuabe eta delizios: orain Radio Al Bishara ari zara aditzen. Soinua ez da ona eta askotan Ninar 83 fmko zarata sartzen zaizu, nahasturik, belarrietatik. Aleppon gaude eta jendea irrati bidez lagunen eta senideen bilaketa sarri etsituan dabil...

Gogoan? Gutako batzuk txikiak ginela etxean zeiden irratigailuek Iberia eta antzeko izen handiak zituzten tramankulu eder eta ametsezkoak ziren. Askok munduko mapa zuten marraztua eta diala mugituz urrutiko leku horietako seinaleak harrapatuko genituela uste genuen guk. Sekulan ez genuen, ordea, lortu, baina ez zuen inporta. Amets egiten genuen, hor, gailuaren estalkian agertzen ziren hiriburuetako oihartzunak entzungo genituela noizbait. Aldi berean, klandestinitatearen zapore arriskutsu eta bizia dastatzen genuen familiako adin nagusikoek Radio Paris edo Radio Moscú sintonizatzen zituztenean. Etsaiak interferentzien bitartez saiatzen ziren libertatearen soinuak galerazten. Etengabe. Baina guk dialarekin jolasten ederki ikasi genuen eta garaipena, ez beti baina askotan bai, gurea zen.

Hori guztia, urrutiko lekuetako ahotsak entzuteko grina, aspaldiko soinuak berreskuratzeko aukerak, auskalo nongo tokian tokiko iragarki merkeak aditzeko sorpresak (Argentinako Cordobako San Marcos Sierraseko harategia den 'Este es mi pollo'-k izugarrizko eskaintzak zituen 2016a bukatu aurretik) eskura ditugu Radio.garden egitasmo/ekimen honekin, honetan.

Nork asmatua? Zeintzuk bultzatua? Danimarkako Aarhus eta Copenhagueko Unibersitateak Alemaniako Halle-Winterbergeko Martin Luther izenekoaren laguntzaz eta Londresko Metropolitanen sostenguaz. Utrechtekoak eta Sunderland Eskoziakoak ere hartu dute parte. Horien guztien esfortzuaren kordinatzaile eta begiralea da The Netherlands Institute For Sound &Vision. Kontzeptuaren sortzailea Studio Puckey dugu eta gehiago jakin nahiz gero, sartu honako orrialde honetan: Transnational Radio Knowledge Platform. Baina ez ahaztu plazerra zertan datzan: Radio.garden tekleatu eta utz ezazu libre arratoia lur-globoan barne. Ea Antartidako Zientzialarien FMarekin konektatzen duzuen...

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios