Borrar
Espainiar hasiera, Magnus errege

Espainiar hasiera, Magnus errege

Magnus Carlsenek Sergey Karjakinek partidaz partida eraiki zuen harresia behera bota zuen Munduko Xake Txapelketaren azken eguneko partida erdi azkarretan. Denek espero zuten Armagedon hura ez zen iritsi

Begoña del Teso

Domingo, 4 de diciembre 2016, 17:21

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Aspaldi honetan ez da izan sekretu handiagorik. Existitzen zela denek zekiten, baina inork ez zuen ezagutzen. Azkenean, azaroaren 30ean, San Andres egunean, guztiok ikusi genuen instant batez, eta ezkutuko mugimendu horren indarrak eta edertasunak mundua txunditu, itsutu egin zuen. Zer zen ba? Ruy Lopez de Segura XVI. mendeko xake txapeldun lehendabizikoak sortutako 'espainiar hasiera'-ren berrikuntza, moldaketa izugarri galant eta ausarta.

Xakean diharduten guztiek dakiten moduan, irekiera horren aurrean parekotasuna ziurtatuko dien defentsarik ez dute pieza beltzek. Baina era berean, zuriek ez daukate garaipena finkatuko duen aldaerarik Magnus Carlsenek azaroaren 30ean egin zuena egin arte. Berak asmatutako aldaketa horren bitartez, Norvegiako maisuak oso kokapen erosoa lortu zuen taulan eta beltzekin parekatu zen nekerik, arazorik gabe.

Hasieran eskuraturiko abantaila txiki horrek Ukrainian jaiotako Sergey Karjakin jokalari errusiarraren oreka kolokan jarri zuen. Kolpeak minduta, oker garratza egin zuen eta, minutu gutxi geratzen zirela, partida eta txapelketa galtzeko arrisku bizian zegoen. Hala eta guztiz ere, denon harridurarako Magnusek ez zuen ikusi partida berea zela. Hori somatu bezain fite, Vladimir Putin alde eta Kasparov kontra dituen Sergeyek izugarrizko defentsa eder eta harrigarria asmatu zuen

Bazirudien Armagedon Xakea delakoa erabili beharko zela munduko maisu berria nor zen erabakitzeko.

Baina igerian, bizikletan eta entrenamendu fisikoetan airos dabilen Karjakinek espero ez baina ezagutu benetan ondo ezagutzen duen zerbaitek leher egin zuen ziztu batean: Magnusen amorruak, ernegazioak, sunsitze-indar eutsiezinak. Indargabeturik utzi zuen errusiarra, bere defentsa guztiak birrindu eta Norvegiakoak trumoi baten moduan heldu zion jokoari.

Laugarrenean ari zirenez, uztailean Bilbon hiru ordu iraun zuen partida batean aurrez aurre izan ziren bi arerio/lehiakide/etsai finek gertatuko zenaren susmoa bazutela somatu genuen emankizun aparta (errealitate birtualeko kamerak eta guzti erabili zituzten antolatzaileek) dastatzen genuenok. Carlsenek eraiki zuen gotorlekua suntsituko zuenik ez zegoen. Are gutxiago pentsatzen badugu erasoa ez dela Sergeyen dohain berezia. Defentsan bai maisu. Ekitean ez (hainbeste).

Laugarrenean ari ginenez, miraririk ez. Magnusek bazekien hori eta jokaldi ezinhobe batez errematatu zuen partida. Eta txapelketa.

Ez pentsa ordea erraza izan zenik. 9-7 geratu ziren koroa kasik betikotz gorde nahi duena eta bereganatu asmo, desio, behar, esperantza dituena. «Gogorra izan da oso» aitortu zuen Norvergiako mutil kuttunak. «Ez, ez da izan sorte on kontua, Magnusek nik baino hobeto jokatu du» azaldu garaituak.

Eta, erabili ez zen Armagedon hori, zer da? Teniseko 'match 'ball'-aren antzeko zerbait. Edo futboleko penaltiak, edo horrenbeste kiroletan zirt edo zartekoa den bat-bateko heriotza. Partida askotako emaitza berdinketa bada, abantailarik ez bada existitzen, garaipena eta porrota partida oso motz batean erabakitzen dira. Zuriak dituen xakelariak beltzak dituenak baino minutu gehiago erabil ditzake, bai, baina partida irabazi behar du derrigorrez. Beltzak darabiltzana, ordea, berdinketa lortuz gero, garaile aldarrikatuko dute epaileek.

Eta zergatik zen Magnusen hasiera espainiarraren berrikuntza, moldapena, munduko sekreturik ezkutukoena? Microsoft etxeak piraten kontra, hackerrren aurka babesteko 50.000 dolar baino gehiago balio duen softwarea asmatu zuelako

12 partida eta berdinketa zoragarri baten ondoren, eta zaleok betirako gogoratuko dugun 'tie break' marabilosoaren emaitzaz, Magnus, errege. Baina arerioak ez du inoiz amore emango.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios