Diario Vasco

Shakespeare gazteak zabaldu du gazteenen eguna

fotogalería

Shakespeareren hitzekin eta liburuari gorazarre egiten zabaldu du Azoka Karrika taldeak / DA

  • Ikasleei zuzendutako egunean, Donostia 2016ri keinu eginez ekin dio Azokak bost eguneko maratoiari

Itsasoak gainezka egin izan balu bezala sartu dira aurreneko bisitariak Landakon. Ikasleei zuzendutako egunean, ozta-ozta eutsio dio energiari ikasle-oldeak sarrera nagusiaren kanpoko aldean, Karrika antzerki taldeak eskaini duen antzezlan laburra noiz amaituko zain. Aurreratu bezala, Donostia 2016ri keinu eginez abiatu da 10:15ak aldera Durangon bost eguneko kultur maratoia. Barrualdean, artean ateak publikoarentzat itxita zeudela, erakustokiei azken ukituak ematen zizkieten argitaletxe eta eragileetako ordezkariak, argazkilari andana eta antzerkiaren bidez eraiki den Durango eta Donostia arteko zubiaren bi muturretako ordezkariak: Azoka antolatzen duen Gerediaga Elkarteko presidente Nerea Mujika eta Donostia 2016ko Kultura zuzendari Xabi Paya.

Karrika talde durangarrak azaroaren 17an aurkeztu zuen 'Deshakespearezioa' lana San Agustin antzokiko oholtzan. Oholtzarik gabeko eskenatokira ere oso ondo egokitu da goiz partean antzeztu duten ordu laurden inguruko zatia. Aurretik ahotik sua zerion komediantea zeramatela sartu dira Landakon, eta di-da batean muntatu dute Shakespeareren garaiko azoka moduko bat. Euskara eta ingelesa tartekatuz, liburuari egin diote gorazarre, festa giroan. Shakespeare gaztea ere han zen, beraxek gero idatziko zituen zenbait lanetatik hartutako hitzak entzuten. Amaitu ere horrelaxe amaituko da eguna, antzezlaneren beste zati batekin.

Ate irekieran zein itxieran parte hartzeaz gain, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak beste hainbat ekimenetan ere parte hartuko du Durangoko Azokaren baitan, lehendik datorren lankidetza ikusaraziz. Xabi Payak gogoratu du, hain zuzen, amaitzear den jardunean fokoek gehienak Donostian eta atzerriko hiri handietan jarri diren arren, «euskararen lurralde geopetikoan» burutu diren ekintzen pisu handia izan dutela Kultur Hiriburutzaren eskaintzan. Bereziki estimatu du Payak Donostia 2016k barreiatu dituen hazien emaitza, eta uste du epe luzera horien loratzea, kasu askotan beste batzuen izenean gertatuko dena, izango dela ekimenaren legatu baliotsuena.

Musika eta 'etxeko lanak'

Bisitari gazteek, ordea, beste lehentasun batzuk izan dituzte. Nagusia, korronteak nora eraman dituen ikusita, gogoko dituzten musikariengana hurbiltzea. Gatibuko kideak, esate baterako, makina bat argazki kameraren aurrean jarri behar izan dira, selfien eta talde argazkien ohitura aspaldi heldu baitzen Durangora. 'Goazenekoan noiz datoz?' izan da goizeko galderarik entzunena, 'zerbait gratis badago?' urterokoarekin batera. Izan ere, ETB1ek ematen duen saileko protagonistak Azokara joatekoan ziren gaur, eta askok ez zeukaten ordua argi. Autobusa hartu eta etxera bueltatzeko ordua erguerdi partean dutenez finkatua, beldur ziren asko, ez ote zuten aukerarik izango Basakabi udalekuko biztanleak ikusteko...

Ikasle asko 'etxeko lan' eta guzti bidali dituzte Azokara, eta han ibili dira, galdetegiak eskuan hartuta, informazio-bilketan. Zein da gehien saltzen ari den liburua? galdera erantzunik gabe utzi behar izan dute gehienek, salmenta ez baita gehiegi animatu aurreneko orduetan -ikasleek eroahalmen txikia dute, eta heldu askorik ez zen-, baina gainerakoan atera diote zukua Azokan -eta inguruko parteetan- emandako goizari. Zuzeneko eta tailerretan ere hartu du parte gogotik Durangoko Azokaren harrobiak.

egitaraua

Hurrengo egunetara begira esan behar da gaur ateak zertxobait lehenago ireki baditu ere, Landako Gunearen ohiko ordutegia, urtero bezala, goizeko 10:30etik arratseko 20:00ak arte izango da. Inaugurazio-ekitaldi ofiziala, bestalde, arratsaldeko 19:00etan egingo da, Landako Guneko Areto Nagusian. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburu berri Bingen Zupiriaren aurreneko jendaurreko agerraldietakoa izango da, hain zuzen. Harekin izango dira Gerediagako presidente Nerea Mujika; EKEko zuzendari Pantxoa Etchegoin; Durangoko alkate Aitziber Irigoras eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Diputatu Lorea Bilbao. Demode Quartet taldearen eta Julen Axiari eta Jordi Cassagneren ikuskizunek borobilduko dute inaugurazioa.

Arratsaldez, helduak

Eguneko protagonista nagusiak, goiz partekoak batik bat, ateak ireki orduko zain zeuden ikasleak dira. Azoka lehen momentutik hasi da martxa betean, eta gune denek ekin diote, lehenxeago edo beranduxeago, euren programari. Alde horretatik, egun 'normala' da aurreneko hau, hurrengo lau egunen oso antzekoa. Hala ere, laneguna izanik, erraztasun handiagoak dituzte bertaratzeko ikasleek helduek baino, batez ere goizean. Mila inguru espero dituzte, eta haiei zuzendutako jarduerek bereziek zipriztintzen dute lehen eguneko egitaraua.

Gora eta behera ibiltzeaz gain, zenbait tailerretan parte hartzeko aukera ere badute: liburu baten iruzkina egiteko ikastaroa, robotikaren mundua, antzerki tailerra, komiki tailerra, Josu Bergararen kontzertua, literatura tailerra, marrazki bizidunen tailerra, euskal kantagintza eta abar... Helduentzako ere antolatu dira tailerrak aurten ikasleen egunean, eta horretan datza 51. edizioak ekarri duen berritasun nagusietakoa. Lehenengo aldiz euskara ikasten ari diren helduek tailerretan parte hartzeko aukera izango dute arratsalde partean, aurretik izena emanda badute bederen: bikoizketa tailerra, wikipedia edizio maratoia, 'Durangaldeko listoriatura' bisita gidatua, hip-hop tailerra...

Horrez gain, publiko orokorrarentzat jarduera ugari egongo dira gaurkoan, besteak beste, honakoak; Areto Nagusian 17:00etan 'Peru Apreta, mistikoa' aurkeztuko dute Joxean Sagastizabalek eta Bernardo Atxagak. Kabi@n 18:30ean wikipediaren berrikuntza teknologikoez egingo dute berba. Saguganbaran 17:00etan zoramena hasiko da Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunarekin. Ahotsenean kontzertu-maratoia izango da: 11:00etan Lorratzak, Gatibu 13:40etan, Sarkor 15:40etan, 19:00etan Revolta Permanent...

Ahotsenea Solasaldietan, 18:30etik aurrera, Irati Jimenezek 'Odola, Gatza, Musua' lana aurkeztuko du. Irudienean ezinbesteko hitzordua daukagu 19:00etan, Igelak filmaren aurkezpen eta estreinaldiagaz, Patxo Telleria, Gorka Otxoa, Miren Gaztañaga eta Gatibu taldeko kideekin (sarrerak 6'5 euro). Azkenik, eguna amaituko da Plateruenan, 23:00etan Willis Drummond taldearen 'Tabula Rasa' disko berriaren aurkezpenarekin. Egitarau osoa eta gainerako xehetasunak, Azokaren web gunean eta sare sozialetan eguneratzen dituzten etengabe.

Horrez gain, Durangoko Azokak bigarren urtez doako autobus-zerbitzua antolatu du Iurretako aparkalekuetatik Landako Guneraino.

Flandria eta Argentina

246 erakustokiak muntatuta, apainduta eta ondo hornituta zeuden Azokak ateak ireki orduko. Horietan, 349 nobedade: 233 liburu, 61 disko, 19 aldizkari, 31 ‘bestelakoak’ kategorian sailkatuak (joku, agenda, egutegi…) eta bost bideo. Halaber, hirugarren urtez, autoekoizleek euren espazioa dute. Aurten, aurreko bi edizioetan bezala, 16 kidek hartuko dute parte ekimenean. Areto Nagusiaren alboan egongo da auto edizioentzako espazioa.

Parte-hartzaileen artean badira urtero-urtero bertaratzen diren argitaletxe eta erakundean, eta lehenengo aldiz Azokara etorri direnak ere badira. Horien artean, aurten Argentinako Euskal Komunitateak stand bat du lehen aldiz, iaz Bartzelonako Euskal Etxeak hasitako bidea jarraituz. Durangoko Azokak bultzatu zuen iaz euskal etxeen presentzia kulturaren plazan, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritzarekin elkarlanean, euskal unibertso osoarengana heltzeko asmoz. Argentinako Euskal Komunitateak hainbat argitaletxetako argitalpenak ditu ikusgai eta kontsultagai bere erakusleihoan, gai ezberdinei buruz: diasporan egindako bertsolaritza batzen duen liburua, Radio Euskadiren historia aztertzen duen lana, Agirre Lehendakariaren bizitzan oinarritutako eleberria eta abar.

Horrez gain, bisitariek zerbitzu interesgarri batez gozatzeko aukera dute stand honetan: euskal abizenen zabalkundea Argentinan jarraitzeko eta ezagutzeko aukera du bisitari bakoitzak, bertan egongo den ordenagailu baten bidez. Bisitariak ikusiko duen bezala, abizen askok Argentinan Euskal Herrian baino zabalkunde handiagoa dute gaur egun. Stand honen kudeatzaileak FEVA Argentinako Euskal Etxeko eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritzako kideak izango dira.

Kanpotik etorritako ordezkariekin jarraituz, Etxepare Euskal Institutuak gonbidatuta, atzerriko editore eta kazetariak izango dira Durangoko Azokan, bertako editore eta idazleekin loturak sortzeko asmoz. Iaz Poloniatik eta lehenengo urtean Britainia Handitik etorri baziren, aurten Flandriako editore eta kazetariak izango dira Durangon.

Halaber, beste urte batez instragram lehiaketa antolatu da Azokak iraun bitartean: 'Nola bizi duzu zuk Azoka?'. Parte hartzeko honakoa egin behar da: @durangoko_azoka eta @igerrak profilen jarraitzaile egin, argazkia atera, instagramera igo eta #bizitzekoaDA eta #igerrak_51DA traolak erabili.

Azkenik, abenduaren 3tik 6ra Landako Gunearen parean (Elkartegiaren aurrean) Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariarekin lotutako 'Gure izaeraren ispilu' erakusketa egongo da ikusgai. Erakusketaren lehenengo eta azken egunean ere Agirreren erraldoi bat ibiliko da kalez kale bazterrak girotzen.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate