Diario Vasco

Izen handiak, talentu berriak

Urtero eraman ohi du lan berria Azokara Toti Martínez de Lezeak. Aurten ez du hutsik egingo.
Urtero eraman ohi du lan berria Azokara Toti Martínez de Lezeak. Aurten ez du hutsik egingo. / JOSEMARI LÓPEZ
  • 1936ko gerra zibila eta 'Xalbador', hara hor bi gai aurtengo Azokan presentzia nabarmena izango dutenak

Dena kabitzen da Durangon, izen handiak eta txikiak. Kirmen Uribek tiradizioa dauka eta jakin-mina eragin du haren nobela berriak, 'Elkarrekin esnatzeko ordua' delakoak. Familia bat da istorioaren ardatza, batik bat Txomin Letamendi eta Karmele Urresti senar-emazteak. 1936ko gerra galdu dute, Frantziara erbesteratu ostean Caracasera egiten dute ihes, eta han daudela, Agirre lehendakariak eskaera hau egingo die: Bilbora itzuli eta zerbitzu sekretuentzat hasi behar dute lanean. Baina eleberriak aurrera egiten du XX. mende osoa harrapatu arte, euskal erresistentziaren kronika literarioa bihurtu arte.

Asmoa zen jatorrizko bertsio hau eta gaztelaniazko, katalanezko eta galegozko edizioak batera plazaratzea. Azkenean, gaztelaniazkoa izan da lehena, bederatzi egun lehenago atera da hau baino. «Denak batera ateratze hori, ikusten badut euskarazkoaren kaltetan dela, hurrengoan ez dut halakorik egingo», esan zuen Uribek liburuaren aurkezpenean.

Susa etxearen bidez plazaratu da Uribe oraingoan, eta Koldo Izagirrek ere argitaletxe horrexen bitartez atera du 'Franco hil zuten egunak' ipuin-bilduma. Franco ez da protagonista, baina diktadorea hil zen garai hartan daude kokatuta istorioak. Ohi bezala, istorio batzuk Oarsoaldean girotu ditu Izagirrek, baina bada Saharan kokatutakorik ere, hain zuzen ere soldaduska egiten ari diren euskaldun batzuk agertzen direlarik.

Izen handiekin jarraituz, Mikel Hernandez Abaituak 'Airearen isla' atera du, aurrekoen aldean nobela konbentzionalagoa. Karlos Linazasorok 'Trilogia hiperlaburra' kaleratu du, kontakizun motx-motxez osatua, eta Harkaitz Canoren 'Zer demontre dago aulkien azpian?'-eko ipuinak ere hiperlaburrak dira.

1936ko Gerra Zibilak literatura asko eragin du, eta hor dugu, Kirmen Uriberen liburu horrezaz gain, Xabier Mendiguren Elizegiren 'Alsina'. Hiru garai, hiru hari narratibo eta metaliteratura pixka bat azaltzen dira bertan. Batetik, 'Alsina' itsasontziaren epopeia, 1941ean. Frantziatik atera da eta barruan iheslari ilustreak doaz, nazien beldur, tartean euskal herritar batzuk. Bestetik Alsina izeneko emakumea dago, 40 urtekoa, Estatu Batuetatik Euskal Herrira etorri dena 1981ean, eta hain zuzen ere itsasontzi hartan ihes egindako batzuen alaba dena.

Jose Inazio Basterretxeak oso gogokoa du gerraostea, eta nobela berria ere– 'Begoñaren itzalpean'– garai horretan kokatu du. «Banuen gogoa falangistei buruzko nobela bat idazteko. Jarri ditut falangistak gerra ondorengo kontraesanetan, baina ez edozein falangistak, baizik eta gureak, Bilbokoak», adierazi du idazle bizkaitarrak.

Komeni da gogoraraztea Ramon Saizarbitoriaren iazko 'Lili' gaztelaniara ekarri berri ditela, izenburu honen pean: 'La educación de Lili'. Horko harietako bat 36 gerra zibila da.

Xabier Etxaniz Rojo aspaldiko ipuingilea dugu, eta oraingoan bere lehenengo nobela ondu du: 'Waterloo-n galdutakoak'. Iktus baten ondorioz euskara galtzen duen emakume baten istorioa.

Literatura herrikoiago batera salto eginez, hor dugu Toti Martinez de Lezea. Ohitura duen bezala, liburu bera bi hizkuntzatan publikatu du, euskaraz eta gaztelaniaz: 'Esne eta eztizko lurra'/'Tierra de leche y miel'. Erdi Arora itzuli da Toti, XIII. mendera hain zuzen ere, eta osagarri guztiak ditu –akzioa, umorea, amodioa...– publiko zabala kontent uzteko. Ianiz Ruiz izeneko gizon gaztea da protagonista nagusia, Antoñanako semea bera, gaur egun Araba, baina orduan Nafarroako Erresumakoa. Lur Santuetaraino iritsiko da eta han erlikia-trafikoan hasiko.

Euskal nobela beltzean Jon Arretxerena da izen distiranteenetako bat. Toure protagonista daukan bosgarren liburua plazaratu du: 'Sator lokatzak'. Ohi bezala, Bilboko San Frantziskoko 'Afrika Txikia' da berriz ere igarle-detektibe honen ibileren lekuko. Gogorra da paperik gabekoen eguneroko bizimodua, klandestinitatera kondenatuta, ihesi ateratzeko aukerarik gabe. Mantenua eta etxea bermatzeko lehian bitartekoak falta dituzte eta xenofobia sobera dute inguruan.

Eta intrigaren alorrean Alberto Ladron Arana da izen handienetako bat. 'Gezurren basoa' publikatu du, non lau urteko ume baten desagertzea den istorioaren abiapuntua. Iruñeko Iturrama auzoan gertatzen da. Foruzainak hasten dira ikerketan eta erlojuaren kontrako ikerketa egin beharko dute, urgentziazko sentimendu horrek nobela osoa hartzen duelarik. Idazlearen esanetan, «parentesi baten ostean dator» nobela hau, aurrekoa fantasiazko istorioa baitzen. «Nire betiko generoa berreskuratu dut, thrillerra, polizia nobela. Eta pertsonaia nagusi bat berreskuratu dut baita ere, Leire Asiain Foruzaintzako inspektorea».

Feminismoaren ukitua duen liburugintza aipatu beharko bagenu, has gaitezke Arantxa Urretabizkaiarekin. 'Bidean ikasia' saiakera plazaratu du, Hondarribiko Alardeko Jaizkibel konpainiari buruzkoa. 1996ko irailaren 8an atera ziren Urretabizkaia eta beste emakume batzuk, «eta oraindik ere ordaintzen ari gara erabaki hura». Liburua ez omen da kronika, baizik eta saio literarioa. Bestalde, Rosa eta Ana Iziz Elarre ahizpa irundarrek 'Historia de las mujeres en Euskal Herria atera dute; Oihana Etxebarrieta eta Zuriñe Rodriguezek 'Borroka armatua eta kartzelak', non hemezortzi emakumeren eta hiru gizonezkoren hausnarketak bildu dituzten; eta Angela Davis pentsalari eta aktibistaren 'Emakumeak, arraza eta klasea' euskaratu du Danele Sarriugartek Jakin-erako. Bestalde, Davisen beraren 'Askatasuna, etengabeko borroka bat' kliburuarekin estreinatu da Katakrak argitaletxe berria.

Fernando Aire 'Xalbador' 1976ko azaroan hil zen, orain dela berrogei urte. Urteurren-giroak bultz eginda, 'Odolaren mintzoa' liburua berrargitaratu du Elkar etxeak, Amets Arzallus txapeldunaren hitzaurrea erantsita. Hainbat bertso dakarren disko bikoitza atera du baita ere etxe horrek, eta Lucien Etxezaharretak 'Xalbador azken bidean' eramango du azokara, non hileta egunaren kronika egin duen. Poema itxurako testuez eta zuri-beltzeko hamaika argazkiz hornitua, bertsolariaren baserria, gorpuaren garraioa, hileta elizkizunak eta ehorzketaren uneak jaso ditu..

2016an gaude, Donostia Europako kultur hiruburua izaten ari den urtean, eta Erein etxeak 'Korrespondentziak' bilduma plazaratu du, non hemengo eta urrutiko idazle batzuen arteko gutun-trukaketak irakur daitezkeen. Hona hemen bikote batzuk: Bernardo Atxaga-Bashkin Shehu, Luisa Etxenike-Mircea Cartarescu, Arantxa Urretabizkaia-Mena Elfyn, Laura Mintegi-Birgit Vanderbeke, Angel Erro-Patrick Ourednik.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate