Diario Vasco

Donostia 2016ri keinu egingo diote Azokaren inaugurazioan

vídeo

Gerediaga elkarteko eta gune desberdinetako ordezkariek Azokaren esperientzia bizitzera gonbidatu dituzte herritarrak. / DURANGOKO AZOKA

  • Karrika Antzerki Taldearen 'Deshakespearezioak' zabalduko ditu ostiral honetan, abenduak 2, Durangoko Azokako ateak

Azken 28 urteetako azoka goiztiarrena, historian 51.a, hastear da Durangon. Eta amaitzear den Donostia 2016 Kultur Hiriburutzari egingo dio keinu, Karrika Antzerki Taldearen eskutik. Hain zuzen ere, hurrengo egunetan baino ordu laurden lehenago irekiko ditu ateak Azokak. 10:15ean, Durangoko Karrika Antzerki Taldeko kideek 'Deshakespearezioa' obraren 15 minutuko pasarte labur bat antzeztuko dute Landakoko ateak zabaltzeko, Donostia 2016ri keinu eginez, eta 51. edizioagaz lotuz. Bertan egongo dira Gerediagako presidente Nerea Mujika eta Donostia 2016ko Kultura zuzendari Xabi Paya.

Aurten, Shakespeareren heriotzaren 400. urteurrena da, eta ospakizun hori bera Donostia 2016ren programaren gai garrantzitsua izan da urtean zehar. Hori dela eta, bihar abiatuko den Durangoko Azokaren irekiera eta itxiera ekitaldietan Karrika konpainiak 15 minutuko pieza bana egingo du Deshakespearezioa obran oinarrituta, Europako Kultur Hiriburutzaren ekarpenez. Lan honek, hain zuzen, idazle ingelesaren heriotzaren urteurrena hartzen du aitzakia, eta bere hainbat testutan oinarritutako istorioa kontatzen du. Abenduaren 6ko ate-itxiera ere Karrika eta Donostia 2016ren eskutik etorriko da, Deshakespearezioa obraren beste pasarte bat antzeztuz, eta Azokari amaiera emanez.

Gainerako egunetan, 10:30ean irekiko dira Landakoko ateak, eta zabalik jarraituko dute 20:00ak arte. Horrela bost egunez, datorrean asteartea, abenduak 6, arte. Gune nagusiak eta azken urteetan barruan zein inguruan sortu zaizkion 'sateliteek' prest dituzte egitarauak, eta argitaletxeek kargatuta dituzte furgonetak Euskal Herriko bazter guztietatik, urrutiagotik ere bat, milaka liburu, disko, egutegi, mahai- eta- bideo joko zein bestelako erakustokietara eramateko.

Durangoko Azokaren 51. edizio hau zenbakitan eman beharko balitz, hauexek izango lirateke nagusiak: Gerediada Elkarteak 670.000 euro izan ditu Azoka antolatzeko, iaz urrezko ezteietako ediziorako izan zuena baino 80.000 euro gutxiago, eta bisitariak 349 nobedade, 246 erakustoki eta 200 ekitalditik gora izango ditu euskal kulturaz gozatzeko. Gerediagako lehendakari Nerea Mujikak Azokaren aurtengo edizioaren aurkezpenean gogoratu zuen bezala, «hori guztia 700 metroren barruan eta bost minutuko distantzian».

Ohiko bisitariak badaki, eta aurreneko aldiz doanari komeni zaio jakitea, oso goiz joan ezean Azokaren gune nagusi horretatik gertu aparkatzea ez dela erraza izaten eta, ulertzekoa denez, neurriak hartzen dituela Durangoko Udalak Azokako egunetan herritarrei ahalik eta enbarazu gutxien egiteko. Hortaz, batez ere bisitari gehiago erakartzen dituzten jaiegunetan, autoak egunotarako prestatu dituzten aparkalekuetan uztea izan daiteke soluziorik onena.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, doako autobus-zerbitzua martxan jarriko da Landako Gunea eta Iurretako aparkalekuak lotuz. Autobusa abenduaren 2tik 6ra arte hartu ahal izango da, 10:30etik 20:30ak arte. Ordutegi jarraitua izango du (gehienez ere ordu laurden itxaron beharko da), eta sei geltoki izango ditu bidean. Euskotrenek ere indartu du eskaintzan, baina Bilbotik Durangorako norabidean bakarrik.

Azokak interneten lortu duen hedapena ere kontuan hartzeko modukoa da. Batetik, Azokaren beraren web gunea da Durangon gertatzen ari denaren eta gertatuko denaren informazio-iturri joriena. Bestetik, sare sozialetan ere presentzia handia du Azokak. Hain zuzen ere, sare sozialak dira Azokari buruzko informazioa lortzeko bide erabiliena. Facebook , Twitter Youtube , Instragram eta Flickr-en ditu profilak.

Azoka 'deszentralizatua'

Azken urteetako bilakaerak Durangoko Azokaren deszentralizazio moduko bat ekarri du eta, horrekin, egitarauak eskaintzen dituen aukeren hazkunde esponentziala. Gune nagusiko standetan gertatzen denaz gain -oso erakargarriak egiten zaizkie bisitariei, esaterako, miresten dituzten idazle eta musikariengandil hurbil egoteko aukera eskaintzen dieten sinadurak-, uneroko zer ikusi eta zer egin gainerako guneetan.

Azokaren bihotza izaten jarraitzen duen Landakon bertan kokatuta dagoen Areto Nagusiko programazioa Azokako partaideen lanen aurkezpenek (45 aurkezpen egingo dira) eta Azokak Jakin aldizkariarekin batera antolatzen duen Gogoetaren Plazako solasaldi eta mahai-inguruek osatzen dute.

Ahotseneak, urtero bezala, 2016ko diskoen eta liburuen aurkezpenak hartuko ditu. Aurten hazi egin da, eta lekuz aldatu behar izan duten zuzenekoen karpan 70 musikarik eta musika-taldek aurkeztuko dute beren lana kontzertu formatuan. Solasaldien gunetik, aldiz, 50 sortzailetik pasako dira, idazleak gehienak, baina baita musikariak ere.

Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak, Siadecok eta Gerediaga Elkarteak egin duten ‘Durangoko Azokaren balio inmateriala’ ikerketaren arabera, erakusgune nagusiaren ondotik Ahotsenea eta Plateruena dira gune ezagunenak. Azken horretan egiten dira kontzerturik handietan gau partean. Aurtengo egitaraua ostiral honetan hasiko da Willos Drummond Iparraldeko taldearekin, 3an Zea Mays taldeak joko du, 4an Hesian izango dugu gurean eta 5ean Skakeitan ariko da. Programazioa doako kontzertu batek itxiko du, Bide Ertzean taldearenak, abenduaren 6an

Irudienea ere bueltan da, seigarren urtez jarraian. Euskal ikus-entzunezkoen aretoak elkargunetik ere badu, eta bertan ikusi ahal izango dira film luze eta laburrak, fikzio-esperimentalak, dokumentalak, haurrentzako zinema, mahai inguruak, solasaldiak eta tailerrak... Programazioan, aipagarria da 'Igelak' filmaren estreinaldia, edota 'Argi' Iratxe Mediavillaren opera primarena, crowdfunding bidez ekoiztua. Edonola ere, pogramazio izugarri zabal du gune honek.

Arte eszenikoen gune da den Szenatokian hiru plater nagusi izango dira aurten: Xake produkzioen 'Mami Lebrun' antzezlana abenduaren 4an; hurrengo eguneko antzerki maratoia eta abenduaren 6an eskainiko den 'Francoren bilobari gutuna' antzezlana. rekin gozatzeko aukera izango dugu. Bi emanaldi izango ditugu gainera; goizez eta arratsaldez.

Kabi@ kultura eta eduki libreen gunea da, kultura digitalaren eremuko sortzaile, enpresa, web garatzaile eta ekintzaileen topaleku. Iazko moduan, Areto Nagusi ondoan egongo da kabi itxurako domo geodesiko batean. Bertan, aurkezpen, solasaldi eta mahai-inguruak. Eta ezin ahaztu Saguganbara, euskal kulturaren transmisiorako gunea, hizkuntzarekin jolas egitekoa, Berbaroren ardurapekoa.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate