Diario Vasco

Pailazoen umorea, beti gazte

Txirri, Mirri eta Txiribitonek Patxistein doktorea izango dute lagun ikuskizun berrian.
Txirri, Mirri eta Txiribitonek Patxistein doktorea izango dute lagun ikuskizun berrian. / MICHELENA
  • Txirri, Mirri eta Txiribitonek bisortu egin dute orain dela 25 urteko 'Patxisten Doktorea' ikuskizuna

Ikuskizun berria prestatu dute Txirri (Fernando Ruiz), Mirri (Kattalin Ansorena) eta Txiribitonek (Juanma Zalduak). Duela 25 urte Xabier Otaegi, Jose Ignazio Ansorena eta Txema Vitoriak -lehengo Txirri, Mirri eta Txiribitonek- sortutako lana berreskuratu dute, 'Patxistein Doktorea' izenekoa.

Xaguxarroski Kontearen eta Patxistein Doktorearen abenturen arteko nahasketa bat egingo dute, 90. hamarkadako haur eta gazteek ezagutu zituzten ikuskizunen artekoa, hain zuzen; lehenengo saiotik hiru esketx labur hartu dituzte eta bigarrenetik, berriz, Patxistein doktorearen istorioa.

Kattalin Ansorenak, Mirrik, azaltzen du: «Ikuskizuneko lehenengo zatian, Tortolika matxuratu eta ilargian udaltzaingo batekin topo egingo dugu. Saioko bigarren zatian, sendoenean, Patxistein doktorearekin egingo dute topo pailazoek. Patxistein zientzilariak munduko azkarrena, ederrena eta indartsuena izan nahi du, eta horretarako, Txirri, Mirri eta Txiribitoni kendu nahiko dizkie dohainok».

Saio zaharrak errekuperatu dituzte ikusteko «ea egungo haurrei lehengoei bezainbeste gustatzen zaien». Izan ere, Ansorena gazteak uste du «izugarrizko altxorra utzi dutela Txirri, Mirri eta Txiribitonek. Lantzeko lur ederra utzi zuten prest, eta nahiko genuke pailazoek bizirik jarraitzea. Horregatik egiten ditugu 'clown' ikastaroak eta horregatik ekarri dugu bueltan haurrak hainbeste poztu zituen saioa. Tentsio handia sortzen zuen Patxistein doktoreak, gaiztoa zelako, baina aldi berean, dibertigarria».

Atzo egin zen Iruñean, ikuskizunaren aurrestreinaldia. Ondoren, abenduaren 18an helduko dira Gipuzkoara, Andoaingo Bastero aretora. Abenduaren 26, 27 eta 28an Bizkaian izango dira, Ermua, Barakaldo eta Bilbon hurrenez hurren. Hilaren 30ean Irunen izango dira. Urtarrilaren 5ean, azkenik, Donostian bi ekitaldi egingo dituzte. Bat goizez, bestea arratsaldez.

Atzetik aurrera

Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek 1972ko martxoaren 25ean egin zuten lehen ekitaldia Donostiako Kresala elkartean; hala ere, garai hartan beste izen bat zuten: Kixki (Xabier Otaegi) ta Mixki (Jose Ignazio Ansorena) ta Kaxkamelon (Andoni Ezeiza). Azken hau ordezkatu zuen, geroago, Txema Vitoriak.

Haurrek euskaraz ondo pasa ahal izateko asmoz sortu zen taldea eta hamahiru urtez Euskal Herriko herri eta hirietan zehar eragin zuten barrea. 1984an, ETBren sorrerarekin batera, 'Don Don Kikilikon 'telesailari ekin zioten. Txema Vitoriak Andoni Ezeiza ordezkatu eta Otaegi Txirri izatera pasa zen, eta Ansorena Mirri bihurtu.

'Pantera Beltza', 'Patxistein Doktorea', 'Xaguxarroski Kontea', 'Melokotonio eta Olinpiadak', 'Barre egin', 'Barrebusa' eta 'Altza, Porru!' ekitaldiak egin zituzten. 'Trikitraka Trikitron' saioa hasi zuten garai beretsuan, Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior taldea beteranoen erreleboa hartzeko prestatzen hasi zen. Pailazo taldeko kideen arteko hainbat aldaketaren ostean, 2012an Fernando Ruiz, Kattalin Ansorena eta Juanma Zalduak beteranoen lekukoa hartu zuten erabat.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate