Diario Vasco

Su hotza

Pierre abadea, Emaus sortu zuena
Pierre abadea, Emaus sortu zuena
  • Sugar artean hil da Rosa izeneko 81 urteko emakumea. 1951ean, Pierre Abadeak gorpu bat aurkitu zuen izotz gainean Parisen

Herriaren garaipen sozial baten atzean, oinarrian beti daude biktima askoren gorpuak. 1951ko otsailaren batean, Emauseko Traperoak sortuko zuen Pierre Abadeak, sutsu egin zion oihu Frantziako herriari. Baita gobernuari ere: "Lagundu, adiskideok! Herenegun Sebastopol Zumardian gorpu izoztua aurkitu nuen. Behatz hotzen artean oraindik zituen bere etxea uzteko agintzen zuten paperak. Gauero 200 baino gehiago dira aterpe ez diren izkinetan aterpea bilatzen dutenak. Lagundu! Eraiki ditugu traperoak, egun jada beteak diren babeslekuak, baina gehiago behar ditugu. Lagundu! Eta zu, ezer ez duen hori, zatoz gugana. Hemen gaituzu. Sartu gurera, egizu lo, hartzazu atseden, hartzazu salda beroa. Hemen maite zaitugu. Zuek besteok, zer edo zer duzuenok, lagundu!".

Eta laguntza iritsi zen. Herritarrengandik, eta baita zeluloidean distira egiten zuten izar batzuena. Charles Chaplinek bi milioi libera bidali zuen. Ohar batekin: Ez hartu diru hau donaziotzat. Kalean bizi izan nintzen luzez eta gero, eskalearena eginez aberastu nintzen. Beraz, ez da diru laguntza baizik eta zuekin dudan zorra kitatzeko modua.

Halere, Frantziako Asanblada Nazionalak ez zuen zirkinik egin. Bertan diputatua zen Pierre Abadeak milioi bat libera eskatuta ere, larrialdietarako aterpeak eraikitzeko, zentimo bat ere ez zion eman Asanbladak.

Urte bete beranduago, Errege Magoak iritsi baino bi egun lehenago, abandonaturiko autobus batean hala edo nola bizirik irauten ahalegintzen zen familia baten semea hil egin zen. Hotzez. Gosez. Berriro egiten du orro Abadeak. Baina oraingoan konbite berezia luzatu zion Etxebizitza Ministroa zen Maurice Lemaitreri: "Jauna, zuk Asanbladan etxe sozialen kontrako diskurtsoa egiten zenuen bitartean, Neully-Plaisancen umetxo bat hil zen. Izozturik. Bere lurperatzera etortzeko eskatzen dizut, otoi".

Ministro jauna hiletara eta lur ematera joan zen. Handik gutxira, Asanbladak hamar milioi libera jarri zituen lehendabiziko etxebizitza sozialak eraiki ahal izateko. Baina lorpen horren atzean bi gorpu gelditu ziren, ikusezin: emakume batena eta haurtxo batena.

Elurpean zen Sebastopol Zumardian hotzez hil zen emakumearen izotzezko hilotzak beste garaipen bat ekarri zuen. 1954az geroztik, Frantziako legediak ez du negu partean etxegabetzerik onartzen. Hotz-etena deitzen diote arau horri eta urritik martxoaren 31ra irauten du.

Duela bi urte, 2014an, areagotu zen neurria eta Frantziako Legebiltzarrak, herriaren eta sindikatuen protestak eta erreklamazioak kontutan hartuz, debekatu zuen argia edo gasa ere mozteko aukera.

Egoera desberdina, Pirinioetako alde honetan gertatzen denarekin alderatzen badugu. Rosari, Kataluniako biztanlea, Gas General konpainiak argia moztu zion duela bi hilabete. Tarragonako Reusen. Etxea kandela argitan zuen Rosak eta oheak su hartu zion. Bertan hil zen.

Rosaren hilotzaren zama batak besteari botatzen diardute orain Udalak eta enpresak. Seguru neurri zehatzagoak, humanoagoak jarriko dituztela martxan berehala. Baina berandu. Badirudi aurrera pausu guztiak heriotza baten (edo askoren) truke ematen ditugula.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate