Borrar
Urgente Pradales, agredido con un espray de pimienta en Barakaldo
Jon Garaño eta Jose Maria Goenagaren "Renovable" sarituko dute
Martxan da Zinebiren 58. edizioa

Martxan da Zinebiren 58. edizioa

Lehiaketarako aukeratu diren filmen artean sei euskal zinemagileek egindakoak daude

El Diario Vasco

Viernes, 18 de noviembre 2016, 11:58

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 58. edizioak ateak zabalduko ditu ostiral honetan, azaroak 18, arratsaldeko 20:00etan, Arriaga antzokian. Sail ofizialak 33 herrialdetako 71 film izango ditu, lehiaketako hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko borrokan: fikzioa, dokumentala eta animazioa. Lehiaketarako aukeratu diren filmen artean, sei euskal zinemagileek egindakoak daude.

Aurreko edizioetan bezala, Zinebiko proiekzioen egoitza nagusia Azkuna Zentroko Golem zinema aretoak izango dira, nahiz eta saio berezi batzuk egingo diren Campos antzokian, Guggenheim museoaren auditoriumean eta BBK Aretoan.

Lehiaketara aurkeztu diren euskal film laburren proiekzioekin eta Jaime Chavarri zinemagile espainiarrari emango zaion Ohorezko Mikeldiaren banaketarekin hasiko da jaialdia. "Zine garaikidearen bilakaeraren funtsezko alderdi batzuk ezagutzeko ezinbestekoa izan den zinemagilearen lana aintzatesteko" jasoko du saria Chavarrik, antolakuntzak gogorarazi duenez.

Zinemagile espainiarrarekin batera, edizio honetako beste Ohorezko Mikeldia Bahman Ghobadi zinemagile kurduarrak jasoko du, "zinean egin duen lanaren dimentsio artistiko garrantzitsua, bere herrialdeko askatasunen aldeko borrokan erakutsitako konpromisoa eta herri kurduaren gizarteari eta kulturari buruzko testigantza bikaina aintzatesteko". Ghobadik azaroaren 25ean jasoko du saria, jaialdiaren amaiera ekitaldian.

Esan bezala, 71 filmek hartuko dute parte sail ofizialean: fikziozko 35, dokumental generoko 16 eta animaziozko 20. Lehiaketarako aukeratu diren lanen artean sei euskal zinemagileek egindakoak dira: Jon Garaño eta Jose Maria Goenagaren "Renovable" (fikzioa), Aitor Gutierrezen "Ulises" (fikzioa), Kepa Sojoren "Hileta" (fikzioa), Ivan Sokoloven "Anónimo" (fikzioa), Maria Elorza eta Maider Fernandezen "Gure hormak" (dokumentala) eta Begoña Vicarioren "Jane, Tarzan ez zen horren guay" (animazioa).

Sail ofizialeko film laburrez gain, lehiaketakoak ez diren InfoEuskadi eta InfoSpain erakusketak antolatu ditu Zinebik, eta 48 film aukeratu ditu horien barne.

Horrela, azaroaren 25ean jakinaraziko dira Zinebiko Sari Nagusia, Euskal Zinearen Sari Nagusia, Espainiar Zinearen Sari Nagusia, Zine Latinoamerikarraren Sari Nagusia eta fikzio, animazio eta dokumental kategorietako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak.

Epaimahaia eta sariak

Sail ofizialeko sariak nazioarteko epaimahai batek erabakiko ditu. Aurten, epaimahaiko kideak hauek izango dira: Andréa Picard Kanadako idazle eta zine kritikaria, Torontoko Zinemaldiko-TIFFeko programatzailea; Corina Moldovan-Florea ekoizle errumaniarra; Krini Kafiris irakasle ospetsua eta Greziako komunikabideen ikerlaria; José Luis Rebollo konpositorea eta Virginia García del Pino zinemagilea eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Dokumental Masterreko irakaslea.

Gainera, bost kontinenteetako zinemagile berrien lehen lanei eskainitako nazioarteko lehiaketa antolatu dute. Fikzio, dokumental eta animaziozko film luzeei zabalduta egongo den Zinebi First Film (ZIFF) sailaren lehenengo edizioan bederatzi filmek hartuko dute parte.

Halaber, euskal ekoizpen guztiek lortu ahal izango dituzten sari ez ofizial hauek ere izango ditu jaialdiak: Ikus-entzuleen EiTB Saria, SGAE Fundazioaren Saria Euskal Gidoi Hoberenari, eta Zinebi-New Talents sariak, 2015-2016 ikasturtean Bilboko zine eskoletan ekoiztutako film labur hoberenaren egilearentzat.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios