Diario Vasco

Garai zailetako 'inurriak' omenduko ditu Durangoko Azokak

Aurtengo nobedadeak aurkeztu dituzte
Aurtengo nobedadeak aurkeztu dituzte
  • Gipuzkoako ordezkaria Jaime Albillos izango da, gaztetan dantzak eta ohiturak filmatutakoa

Durangoko Azokak oinarrizko kultur langileak omenduko ditu, batik bat garai zailetan ‘inurri-lana' egindakoak. Milaka dira horrelakoak, eta denen izenean lurralde bakoitzeko pertsona batek jasoko du Argizaiola. Gipuzkoako ordezkaria Jaime Albillos (Donostia, 1931) izango da, 60ko hamarkadan hainbat dantza eta ohitura filmatu zituena. Dantza-maisua izan zen Goizaldi taldean eta bizi guztian heraldika, banderak eta euskal sinboloak izan ditu aztergai.

Bizkaiari dagokionez, Justo Alberdi (Iurreta, 1945) aukeratu dute, euskalduntze-alfabetatze mugimenduko partaide izandakoa. Arabako ordezkaria Kepa Mendia (Gasteiz, 1952) izango da, AEKrako hainbat lan egindakoa. Ipar Euskal Herrikoa, Patxika Erramuzpe olerkaria. Nafarroakoa, Mari Carmen Beraza (Iruñea, 1950) kultur ekintzailea. Eta diasporaren izenean Jose Ramon Zengotitabengoa omenduko dute, Zaldibarren 1938an jaioa eta Renoko Euskal Ikasketen Zentroan nahiz NABO elkartean lan asko egindakoa.

Aurten Azoka oso goiz hasiko da, abenduaren 2an, eta bost egun iraungo. 349 nobedade aurkeztuko dira 46 Landako gunean: horietatik, 233 liburu, 61 disko, 19 aldizkari, 5 bideo eta 31 bestelakoak. Ahotseneko karpak tokiz aldatuko dira, iazko orubean etxeak egiten hasi direlako, baina Landakotik gertu jarraituko dute.

Guztira 200 ekitalditik gora egongo dira. Gogorarazi behar da badaudela Irudienea eta Szenatokia bezalako guneak, non filmak eta antzezlanak eskainiko diren.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate