Diario Vasco

«Gailurrak eta zulo zatarrak pasatu ditut eta orain maldan behera sentitzen naiz»

vídeo

Gari eta lagun dituen musikariak diskoaren aurkezpenean. / MAITE BARTOLOMÉ

  • ‘Estutu’ diskoa plazaratu du Garik Bilboko musikari batzuekin elkar hartuta. Azaroaren 26an Garesen ariko da, abenduaren 26an Donostian

Gari (Legazpi, 1964) Hertzainak taldean aritu zen abeslari. 1995ean plazaratu zuen bakarkako lehen diskoa, gero beste sei etorri ziren eta aste honetan ‘Estutu’ aurkeztu du, Maldanbera taldeko Miguel Moyano, Oier Aldekoa eta Natxo Beltrán musikariekin batera ondua.

Badakizu diskoa entzuten hasi eta zerk ematen duen atentzioa? Zure hitzak oso ondo entzuten direla, musikak ez ditu estaltzen.

Pozten naiz.

Argazkian txistu egiten agertzen zara, eta bateria-jotzailea ere bai. Nondik nora txistu jotze hori? Gauza berria duzu?

Kantu hauek ibilbide txiki bat izan dute. Zuzeneko batzuk egin ditugu, zeren horrelako ikuskizun bat egin izan dugu, hitza eta musika uztartuz, Oier Aldekoa musikariarekin eta Iñigo Astiz idazlearekin, eta horietan erabili izan dut txistua, bai. Txistuarena oso baliabide ezaguna da, gogoratzen naiz orain dela urte asko, musika latinoa entzutea oso ohikoa ez zen garaian, Ruben Bladesi buruzko dokumentala ikusi nuela. Hark, txistua eta beste tresna natural batzuk ibiltzen zituen. Handia zen Blades, bai. Egin dugun diskoan ez ezik, zuzenekoetan bat-batean taldekideak txistu eginez hastea gauza ederra da, indartsua.

Nola moldatu izan zarete Astiz, Aldekoa eta hirurok?

Ondo. Aldekoak pianoa jotzen du, nik gitarra, eta Astizek hitz eta jolas.

Has gaitezen diskoaz hitz egiten.

Beno, disko honetan saiatu naiz lantalde bat osatzen, Bilbon zentratuta. Egoera pertsonala dela eta, zein baitut Donostian egin, edo beste nonbaiten. Bilbon behar zuen, eta musikariak ez ezik, ekoizlea, kreatiboa... denak hemen ari dira. Banituen testu batzuk idatzita, baina ezin bukatu, eta Iñigo Astiz aldamenean neukanez, esan nion ‘Estutu’ kantuko letra horri behin betiko itxura emateko. Azkenean, kantu horren egitura osoa erabaki du Iñigok. Horrela egin dugu lan: taldean. Ni ohituta nengoen poeta batzuen testuak hartu eta haiek musikatzen. Orain bestela egin dugu, modu naturalagoa izan da.

Kantu-letretan bizitzaz eta sentimenduez hitz egiten duzu. Kantu autobiografikoak al dira, nolabait esateko?

Disko honetan, abiapuntua Jon Benitoren olerki bat da. Bidali zidan poema eta esan nuen: ba orain ni lantzen ari naizen ideia hor dago sintezitatuta! Poema horrek ikaragarri argitu zidan bidea. Hortik atera zen ‘Naizena’ kantuan diodana: «Atzo nintzena ez naiz gaur / eta gaur naizena galdu egingo da». Bihar beste egun bat izango da eta bizitzaren abentura horretan datza. Prozesu horretan nago: nire gailurrak eta nire zulo zatarrak pasatu ditut eta orain maldan behera sentitzen naiz. Orain poliki-poliki hartzen ditut gauzak, astiro-astiro. Horrela gehiago disfrutatzen da.

Bizitzak berak erakusten du bidea. Eta Jon Benitoren olerki hori publikatuta dago?

Ez nago ziur. Berak hainbat testu bidali zidan, eta olerki hori ikustean deitu egin nion, esateko oso baliagarria zitzaidala.

Leonard Cohen hil zaigu. Zu zale izan al zara? Badakizu, kazetariren batek asmatu eta behin eta berriz egiten den galdera: zu zer zara, Cohenen zale ala Dylanen zale?

Ni gehiago izan naiz Lou Reed eta David Bowie-rena. Horiek izan dira gazte-gaztetatik lagundu didaten artista handiak. Baina galdetzen badidazu Cohen eta Dylani buruz, esango dizut Dylanengana oso berandu iritsi nintzela, ez zitzaidalako gustatzen. Sekula ez nuen atsegina izan, ingelesa ez baitakit, baina egia da, urteen poderioz, haren errepertorioan astarka hasi eta zenbait altxor topatu ditudala. Cohen gehiago gustatu izan zait, musikalitate handia zeukalako.

Baina gustatu, Lou Reed eta David Bowie gustatzen zitzaizkizun.

Bai, Legazpin, hamalau urte hasi ginenean kuadrillan musika jotzen, entseguak Zurrantegi aldean egiten genituen, Karlos Ausserladscheiderrek zeukan etxe batean. Hark, berriz, badakizu, aita ingeniaria eta sekulako disko-bilduma zeukan. Eta bera gainera pintorea ere bazenez, oso gazterik murgildu ginen mundu artistiko batean. Karlosek ireki zidan lehenengo atea, lehenengo leihotxoa. Eta garai hartan ere, ez genuen Dylan entzuten, Cohen entzuten genuen.

Disko honetan ahots urratua daukazu. Berezko kantaera da, ala bilatutakoa?

Ez, tonua da halakoxea. Lana gogotik egin dut etxean, hartu gitarra eta tonu egokia topatu arte. Tonua baxua denez, ahotsa urratu egiten zait. Uste dut horrek ukitu berezi bat ematen diela kantuei. Interpretatzeko garaian ere, uste dut tonu horri esker emozio gehiago eragiten dela.

Nolatan aukeratu duzue Nafarroako herri ez oso handi bat, Gares, lehenengo kontzertua emateko?

Hori aspalditik dator. Euskal kultura gizartea bezalaxe asko aldatzen ari da azken urteotan. Momentu aproposa ikusten dut gauzak probatzeko. ‘Ez da amaiera’ diskoa egin nuenean ere, aurkezpen-kontzertua Idiazabalen egin genuen. Zergatik? Espazio berri bat lortu behar dugulako gure herrietan. Kontua ez da kontzertu handiak egitea. Garai batean, joaten bazinen Arrasatera jotzera, bertan bilduko zitzaizun Bergara eta Legazpiko jendea ere, eta horrek zer esan nahi zuen? Gero, urtean zehar, ezin zenuela jo inguru horretan. Gauzak aldatu egin dira: orain, jo dezaket asteburu batean Legazpin eta hurrengoan Bergaran. Zergatik? Areto txiki batean jo dudalako, bertako jendearentzat soilik, eta horrek badu alde on bat: komunikazioa handia dela. Herri txikietan oso erantzun polita jasotzen ari naiz, halako giro berezi bat sortzen da jakiten dutenean joango naizela, eta belaunaldi bat baino gehiago azaltzen zaizkit emanaldira.

Eta Gares, zergatik zehazki?

Nafarroa delako. Gure esparru kulturala gero eta txikiagoa da. Gu erreserba batean gaude itxita, eta erreserba hori gero eta txikiagoa da, eta espazioa beste batzuek hartzen dute, ez beste musika edo beste artista ba-tzuek, baizik eta beste ez dakit zerk. Iruñetik hegoalderantz, guretzat oso konplikatua da jotzea, eta berdin Araban eta Iparraldean ere. Gipuzkoa eta Bizkaian tira, baina hori Euskal Herriko parte txiki bat baino ez da.

Urte asko dira jendaurrean ari zarela kantuan. Honezkero jakingo duzu publikoa zeureganatzen.

Hori oso erraz ikusten da kanpotik. Errealitatea besterik da. Ni ausarta naiz, hori bai, eta bertan-goxo horretatik aldentzen saiatzen naiz, bestela funtzionario bat bezala sentitzen zara, eta hori sentitu nuen Hertzainak-en garaian ere. Ez dut neure burua ikuskizunaren profesional moduan ikusten, badakizu, tresna eta baliabide denak kontrolatzen dituen profesionala. Ahul eta deseroso sentitu ohi naiz, baina badakit gitarra hartu eta barruan dudan guztia jendeari pasatzen. Lagunek esaten dute nirekin ezustekoak izaten direla, kontzertu oso onak eta oso txarrak egiteko gai naizela.

Janzkeran kameleoia zara. Oraingoan txapela jantzita agertu zara.

Dotore egon nahi nuen. Modernitatea adierazten du txapelak. Guztiok etxean ikusi dugun gauza da, baina aldi berean oso modernoa da. Ni Kongon izan nintzenean, harrituta gelditu nintzen jende haren dotoreziaz, asko ikasi nuen; han ez dago garbigailurik edo plantxarik, txaboletan bizi ziren, baina ikusi behar zen jende hura zer dotore joaten zen mezatara!

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate