Diario Vasco

Lau dantzari aitzindari

Soko, 'La Danseuse' pelikulan.
Soko, 'La Danseuse' pelikulan.
  • Pina Bauschi omenaldi erraldoia egiten diote egunotan Berlinen. Askoz xumeagoa Pilar Lopezi Donostian. Loïe Furrell eta Isadora Duncan pantailara ekartzen ditu, berriz, 'La Danseuse' filmak

'Gizakia nola mugitzen den ez zait axola. Jakin nahi dut nik, ordea, zerk mugiarazten duen'. Zioen, zigarreta beti ezpainetan, Pina Bausch dantzari eta koreografo estrainio eta erreboltariak, New York dardaka utzi zuen hark, Madrilen oihuka eraso zuten horrek, 'E la nave va' filme ezinbestekoan kontesa itsua izan zenak. Almodovarrek konbenzitu zuen 'Hable con ella' berean 'Café Müller' ikuskizun krudela ager zedin. Baita tristuraz baina aldi berean bizitza oparoaz blai den 'Masurca Forgo' ere.

Pina Bausch. Altua. Germaniarra. Flakua. Zigarreta beti ezpainetan. Win Wendersek zinema egin nahi izan zuen berarekin. Azkenean, berarentzat, beragatik, bere ohoretan burutu zuen denon estima jaso zuen dokumentua.

Dantzazalea ez zen 'Himmer über Berlin' maisu lanaren egilea honela mintzo zen Pina ezagutu zuen egunaz: «Sekula ez nuen hura bezalakorik ikusi eszenatoki baten gainean. Gauzarik zirigarriena zen. Malkoak ateratzeraino hunkitu ninduen bere dantzak».

25 urte eman zituen Pinaren inguruko, Pina ardatz, Pina lagun izango zuen dokumental batekin ametsetan Wendersek. Garaia iritsia zela ematen zuen baina, bi egun aurretik, (2009ko ekainaren 10ean) Pina hil egin zen. 'Berarekin' egin ordez, berarentzat, bere omenez burutu zuen Winek hiru dimentsiotan filmaturiko amodio azalpen egundokoa.

Egun, Berlinen, ederra, sendoa, itzelezkoa den Martin Gropius Bau Museoan 2017ko urtarrilaren 7ra arte iraungo duen erakusketa apartak dantzarako promesa, dantzarako tentazioa, dantzarako deia egiten digu, Pina Bausch oraindik ere denon gogoan, gorputzean eta bihotzean. Wuppertal hirian kokatzen den bere aterpe, sortzeleku, eszenategi, laborategi eta askoz gehiago den Tanztheater bera erreplikatu dute.

Erreplika horretan, pareko/zerbitzari/lagun/kide/esklabu izan ziren hainbat eta hainbat dantzarik hartzen dituzte bisitariak, istorioak azaldu eta dantza egiten dute berarientzat, berariekin, Postdamer Platzen inguru preziatu hauetan. Bitartean, Wuppertalen bertan, bere ikasleak izan ziren dantza heroi benetakoek jarraitzen dute dantzan eta kontu kontari. Bertan trebatzeko diru laguntza eskatu duten 250 danzarigairekin zein mundu osoko haurrekin: 'Ni… ni naiz. Zu… zu zara. Gu… gu gara. Eta dantza egiten dugu!'

Cannesen estrenatu zen momentutik, 'La Danseuse' filmak askoren desaire, arbuio eta mespretxuak jaso ditu. Egun inork gutxik ezagutu arren, Toulouse Lautrec pintorearen aspaldiko egun haietako Paris hura sorgindu zuen Loïe Fuller dantzari-sortzaile apartaren portreta plazaratu duen Stéphanie Di Giusto zuzendariak jende frankoren amorrua sorrarazi du existitu ez zen gizonezko maitale/mezenas/irakasle dandi ederra asmatu duelako gidoian eta zeluloidean. Are gehiago, are okerrago, Stéphaniek bere burua zuritu nahian honako hitz ganoragabeak bota ditu: «Nere filma oso lesbikoa zela, emakumez gainezka zela somatu nuen eta gizonezkoren bat sartzea erabaki nuen testura lesbiano hori arintzeko».

Pelikula inora eramaten ez gaituzten horietako da. Inora ez garamatza baina erraz ikusten da arrats euritsu batean. Eta gainera, parekorik ez duen pertsonaia baten aurrean jartzen gaitu: Loïe Fuller beraren aurrean (Soko abeslariak antzezten du). Ilinoisen jaioa 1862an, Far Westeko paisaia, inguru eta giro batean. Urre bilaketan ziharduten batzuk aita hil zutenean, New York aldera egin zuen Loïek alde eta han, aktore bilakatu desioan, dantzarekin egin zuen betirako iraungo zuen topo eta estropozo.

Loïek ez garai hartan ez aurreko edo gerokoetan ere ezagutzen zen dantzarik ez zuen inoiz dantzatuko. Ez, berak sortutakoa dantzatuko zuen soilik. Berarekin bizitzan zein filman talka egiten duen Isadora Duncanek hartuko zuen bide natural eta greziarretik apartatu zen hasiera-hasieratik.

Isadora (Johhny Deppen alaba den Lilly-Rosek antzeztua) oinuts ateratzen zen eszenatokira, Antzinako Greziako emakume apaiz/ninfa edo musa balitz bezala. Loïek, aldiz, izugarriko tramankulu egurrezko eta argizkoak sortzen zituen bere koreografietarako. Hala, eszenarioa aldare bihurtuta, basoetako kreatura ilunabaraldekoek sortutakoak ziruditen zetazko tunika erraldoiez jantzita dantzatzen zuen, besoetan egurrezko makilak zerabiltzala. Argi joko horiek, egitura arraro horiek askoren miresmena sorrarazi zuten. Ez bakarrik ikusleena. Baita zientzialariena ere. Eta asmatzaileena. Edo beste sortzaile anitzena. Pintore eta jostunena. Argiek begiak erretzen zizkioten Loieri. Eta egurraren pisuak gorputza ahuldu, baina ez zuen amore eman. Inoiz ez.

Berak aurkitu zuen Isadora. Eta segituan ulertu dantzari miragarria zela. Baten batek abisatu zion: zure porroterako armarik indartsuena eta gozoena bilatu duzu, maitia. Egun, biak daude bakean Père Lachaise kanposatuan. 10 metro baino gehiagorik ez bi hilobien artean. Isadorarenak beti ditu lore freskoak eta inoiz ez dago apaindu gabe. Loïerena, ordea, hautsez eta eroritako hostoz dago beti estalia. Berarekin batera hil egin ziren, antza, bere dantza eta oroipena. Antza eta penaz.

Donostian hilaren 26an 'El duende de la Sole Centro Flamenco'-n Pilar López Júlvez dantzariaren omenezko ekitaldiei ekingo diete. Luzez jardungo dute flamenkoaren hamaika artista ospe eta merezimendu handikok 'La Argentinita' dantzariaren ahizpa zen Pilar koreografo eta dantzari gorenaren oroipenean, ze 2017ko uztailera arte iraungo baitituzte hiltzaldiek, mintegiek eta dantza eta kantu saioek.

Ballet klasikotik zetorren Pilar López Júlvez donostiarrak, Loïe Fullerren antzera, estilo, manera, molde teatralaz jantzi zuen dantza. Eta ez edozein dantza, sustrairik gabekoa, herriarengan erro sendoak dituen flamenkoa baizik. Antonio Gades, Mario Maya eta beste dantzari franko, gero denok maisutzat hartuko genituenak izan zituen ikasle. Denek diotenez, Pilarrek tauletan gorputza jartzeko zuen trebeziak, dotoreziak, harridura bizia sortzen zuen dantza kideengan zein ikusleengan. Besoak eta soinekoa mugitzen zituen eder, eta bere ondoan kantuan edo dantzan zituen guztiengan teknika baino sentimendua transmititzeko dohaina bilatzen zuen. Horrexegatik Rafita de Madrid, Antonio Canales, Paloma Fontava, Soledad Ruz, La Lupi edo Antonio Fernández erabateko flamenkoek omenduko dute garai latzetan Lorcaren hitzak dantzatu zituen Donostiako bailaora.

Pina Bauschek zion legez, 'Dantza, egin dantza edo zuenak egin du!'.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate