Diario Vasco

Emakumea eta ehuna, etxetik erakustaretora

  • Tabakalerako 'Hariari tiraka' jardunaldiek ehuna espresio, arte, artisautza eta diseinurako tresna bezala aldarrikatzen dute

Tabakalerako Ruiz Balerdi aretoak, datorren azaroaren 12an, larunbatean, emakumeak ardatz dituen ehun-artisautza hartuko du gaitzat 'Hariari tiraka' jardunaldian. Jardunaldi hau GrupotextilART16-k antolatzen du Artiola Artisautzaren Gunearekin elkarlanean, eta zazpi emakume hartuko ditu protagonistatzat artisautza mintzagai delarik.

Ekitaldia goizeko 10:30etan hasiko da, bildutakoei harrera eta aurkezpena eginez. Bertan, 'Aracneren mitoaren berraztertzea arte feministan', 'Haria galtzen, proiektu baten ehuntze prozesua' edo 'Arto-orriekin egindako artisautza usadioaren berreskuratzea Euskal Herrian' bezalako hitzaldiak entzun ahal izango dira. Egitarauak eguerdian geldialdi bat izango du bazkaltzera joateko, eta 16:00etan jarraipena emango dio. Bertaratzea librea izango da.

Hitzaldi hauek lotura zuzena dute Cristina Enean, urriaz geroztik, zabalduta dagoen 'Haria galtzen' erakusketarekin, abenduak 11 arte bisitatu ahal dena. Bertan, ikusgarri daude 13 emakumek egindako piezak. Artistikoagoak eta funtzionalagoak daude. Baita ere, tradizioarekin erlazio estu-estua dutenak, eta teknika berrietatik eratorritakoak.

Ehungintza aspaldi errotu zen Euskal Herrian, baina etxeko lantzat zuten eta emakumezkoek baldintza zailetan eta ordu luzeetan barrena garatzen zituzten lanak ziren. Eskulanen kategoriara murriztua izan da ehungintza, ofizioa eta espresio artistikoa gutxietsiz. Horregatik, bere lekua errebindikatzeko sortutako erakusketa da Cristina Eneko Ingurumen Baliabideen Etxean ipinitakoa.

Mireia Segura da erakusketan parte hartutako artistetako bat. Grupo TextilArt 16-ko kidea da, eta aldi berean, Artiola Artisautzaren Gunean dagoen Gabiltza elkarteko kide. Bere hitzetan, "ehungintza eskulanekin batera multzokatu izan da eta emakumeak garatutako etxeko lanekin lotuta azaldu digute gizartean, garai batean izan zuen garrantzia ezabatuz". Gaineratu du, adibidez, Euskal Herrian klase soziala edota familia adierazteko balio zuten teknika tradizionalak zeudela. "Marrazki geometrikoak izaten ziren, txuri eta urdin kolorekoak, lihozkoak. Euskal Herriko ehungintzaren kulturaren adierazgarri ziren teknika horiek". Olga Uribek teknika horiek ez galtzeko egiten du lan, hain zuzen. Lola Altolagirrek, berriz, artaburuen kanpoko hostoekin alfonbrak egiten ditu, garai batean baserrietan ohikoa zen teknika berreskuratuz.

Tradizio eta funtzionalitatetik urrun Mireiaren lana dago, adibidez. Pieza artistikoak egiten ditu. Cristina Eneko erakusketan sumendi bat jarri du ikusgai, berrerabilitako oihalak erabiliz eraikitakoa. “Ehungintza euskal kulturan txertatzeko” egiten du lan Mireiak, “noizbait kulturaren babeserako neurriek ehungintza ere hauen baitan jasoko dutelakoan”.

Arantza Diez, Carmen Sola, Idoia Cuesta, Idoia Ibañez, Karmen Esnaola, Kris Meraki, Lucia Sanchez, Maria Zubizarreta, Mia Rissanen eta Yolanda Sanchezen lanek ere osatzen dute erakusketa, ehungintzaren tradizio ikusezin hau mantentzeko eta eraberritzeko, gure kultura josi duen haria ez eteteko.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate