Borrar
Ramon Saizarbitoria, atzo Donostiako Kursaal ondoan.
Ramon Saizarbitoria (Idazlea): «Rikardo Arregi eta Iñaki Beobide oso garrantzitsuak izan ziren»

Ramon Saizarbitoria (Idazlea): «Rikardo Arregi eta Iñaki Beobide oso garrantzitsuak izan ziren»

Gipuzkoako Foru Aldundiak bera aukeratu du Urrezko Domina emateko, lurraldearen bereizgarri gorena

FELIX IBARGUTXI

Miércoles, 9 de noviembre 2016, 07:54

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrezko Domina emango dio Ramon Saizarbitoria idazleari. Iaz Juan Antonio Urbeltz folkloristak izan zuen aitortza goren hori, eta orain bi urte Benito Lertxundik. Saizarbitoriak literatur lanean jarraitzen du eta orain ipuin batzuk taxutzen ari da.

-Askotan esan izan duzu idazten duzula errealitatetik ihes egiteko. Zehaztu dezakezu ideia hori?

-Bai, hori da, baina idaztean errealitatearen zatiak erabiltzen ditut.

-Zeren inoiz ez duzu literatura fantastikorik egin.

-Ez, hori sekula ez. Bai, iruditzen zait ihes egiteagatik idazten dudala, baina aldi berean ulertzen ez ditudan gauza batzuk ulertzeko. Askotan gertatzen zait: idatzi arte gauza batzuk ez ditut ulertzen, eta ulertzeko irudi batzuk erabiltzen ditut. 'Lili'-ren kasuan, adibidez, banituen gauza ba-tzuk esateko, eta banuen saiakera bat egitea, eta beharbada interesgarri izan zitekeen, baina dibertigarriago zait esateko dudan hori istorioekin egitea; eta batez ere istorio-zatiekin.

-Eta gainera, idazketa bera atsegin zaizu, gustura egiten duzu.

-Bai, nahiago dut mahaian egon zerbait asmatzen Indiara bidaia bat egitea baino, edo kalean bueltaka ibiltzea baino. Bai, gustura nago hor bakean. Gero beste kontu bat da: hori zertarako?; zer egin idatzi duzunarekin? Egia da jolas hori ez dela jolas autista bat. Behar dut bestea, irakurlea, jolas horretan sartzea. Ez dut irakurle asko behar. Gertatzen da -eta hori nire kontra dator- mundu moderno honetan gauza hauek negozio bihur-tzen ari direla. Liburuek errentagarriak izan behar dute, bestela ez dago libururik ateratzerik, eta abar. Gauza horiek ni jadanik ez, baina gazteak bai, baldintzatu egiten dituzte. Hori da nire kezka gaur egun.

-Idazketaren bidez pertsonak hobeto ezagutzera iristen zara? Psikologia ikasi al duzun, alegia...

-Dibertigarria da pertsonaia batzuk eraikitzea. Ni, 'Martutene'-n, tipo pare batengan sartzeko ahalegina egin nuen, nire aldean oso desberdinak dira eta rollo ona daukat beraiekin. Pedantea jartzen ari naiz, baina Julia pertsonaia atsegina egiten zait, eta baita Lynn ere.

-Bai, Lynn pertsonaia interesgarria zen, hain exotikoa...

-Eta 'Lili'-n zer esan nahi dut? Mundu honetan gizon izatea zaila dela. Egunero, irratia jarri eta eraso sexualen berri entzuten duzu. Otsoak omen gara emakumeentzat. Orduan, arazo horren inguruan istorio bat muntatzea dibertigarria da.

-Esan zenuen 'Lili' eleberriarekin beharbada jende gehiagorengana iritsiko zinela, prosa errazagoa bait-zeukan, 'Martutene'-rekin konparatuta. Hala gertatu al da?

-Ez dut uste (barreak). Jendeak asko du irakurtzeko: urteko Nobel saridunaren zerbait, Planeta saria, beste sariren bat irabazitako euskarazko liburua... Jendeak ezin du gehiago, eta nik zail-fama daukadanez... Hala ere, ez zait iruditzen 'Lili' liburu zaila denik. Baina jendea alfertuta dago.

-Egitura gardenak eskatzen ditu jendeak orain.

-Bai. Ez da gure garaiko giroa bezalakoa, Bergmanen pelikulak ikusten genituenean edo Michel Butorren liburuak irakurtzen genituenean.

-Gipuzkoako Foru Aldundiak, zure merituak aitortzean, belaunaldi bateko kide moduan hartu zaitu. Nola ikusten duzu belaunaldi hura?

-Esango nuke gauza guztien aitzindaria Rikardo Arregi izan zela. Gainerako guztiak baino helduagoa zen, eta argiagoa eta zintzoagoa. Inork ez daki nora iritsi zitekeen gizon hura. Bokazio politiko izugarria zuen. Garai hartan gainerakook zerua konkistatzea amesten genuenean, berak mundu hau konkistatzeko lanean ari zen. Akordatzen naiz esan zidala noizbait Gipuzkoako diputatua izango zela Gorteetan. Hori esatea garai hartan pentsa zer zen! Gizon oso tolerantea zen, bazekien guztiekin egin behar zela egin beharrekoa, eta gainerakook sektario batzuk ginen. Esango nuke ni ibili nintzen taldea irekienetakoa zela. Gero beste pertsona bat oso inportantea eta merezi baino gutxiago aipatzen dena Iñaki Beobide da. Kartzelatik aterata, fronte kultural moduko bat osatzen ahalegindu zen. Horiek kaptatu ninduten ni, lehenbizi Arregik, gero Beobidek.

-Eta Beobideren bidez Jarrai antzerki-taldean sartu zinen.

-Arantza Urretabizkaiak, Ibon Sarasolak-eta, nolabait esateko, bi bizi-tza genituen. Donostiar eta kaletar peto-petoak ginen, erdara ederki menderatzen genuen, baina aldi berean euskal munduan sartuta geunden. Marxismo aldera egin genuen, Ibonek ez hainbeste. Kontuan izan 68an zer zegoen Europan: marxismoa, existentzialismoa... Beste mundua, Ez Dok Amairurena, oteizianoa zen. Ni neu horren kontrario nin-tzen; etnizismo edo etnikeria berri bat iruditzen zitzaidan. Oteizaren hutsaren metafisika eta Agiñako monumentu ondoan lurrarekin hitz egite hori mamonadak ziren niretzat. Batzuk ELA-Berrira joan ziren; nik ezin nuen irentsi. Lur-en hasi ginenean ipini ziguten espainolista-etiketa hura ez-arrazoizkoa iruditzen zait. Eta guk bezala, Natxo de Feliperi ere ipini zioten etiketa hori.

-Beobidek gero diskoak ateratzeari ekin zion, baina zuk sekula ez duzu musika-munduarekin harremanik izan.

-Ez. Harreman gehien Natxo de Feliperekin izan nuen. Ez Dok Amairu sortu aurretik, Laboarekin izan nuen harremana, bai, baina Ez Dok Amairu sortu zenean haiek bide bat egin zuten eta guk -Lur, Jarrai...- beste usain politiko bat genuen. Gurea oso eklektikoa izan zen, eta ez genuen komisario politikorik.

-Urrezko Domina jasotzera azaltzen zarenean garai horretaz egingo duzu hitzaldia?

-Nahi nuke gaurkotasunetik ordukoa aztertu, eta batez ere ikusi garai hartan zeuden gauza baikorrak aztertu. Egon ziren horrelako batzuk, eta berreskuratu beharko genituzke. Hain zuzen ere, ekonomian gertatzen dena: dakitenek esaten digute pixka bat atzera jo behar dugula, pobreago ginen garaira, hartara ingurugiro garbiago bat lortzeko, bizitza lasaitzeko...

-Desazelerazioa komeni dela, alegia.

-Bai. Nik ere uste dut gurean oso azkar goazela ez dakit nora. Eta pobreago gineneko gauza batzuk ari naiz pentsatzen hitzaldi horretara ekartzeko.

-Prosari dagokionez, bi eratako idazleak izan ohi dira: estilistak eta praktikoak. Zu bigarren sail horretan sartzen zaitut.

-Beno, esango nuke ez dudala baliabiderik hizkera dotore, zaindu batean idazteko. Baina daukadana -daukadan material urria- ahalegin-tzen naiz ondo erabiltzen; ahalegin-tzen naiz erritmoa zaintzen, hitzak aukeratzen.

-Eta esaldi luzea egin behar bada badakizu esaldi luzea egiten ere.

-Baina ez naiz estilista bat, eta ezingo nuke nahita ere. Hori bai, zehaztasuna bilatzen dut. Inportantea da zehatza izatea. Orain gertatzen ari dena da merkatuak irabazi beharra daukagula eta horrekin arazoa; asko saltzeak ez du esan nahi ona liburu ona denik. Hori nik esanda -gutxi saltzetik- erretximenduaren ondorio lirudike, baina ez da hala.

-Zer aho-zapore gelditu zaizu Fernando Aranbururekin Lagun liburu-dendan izandako eztabaidaren ostean?

-Hemen oso diferentea da gauzak gaztelaniaz esan edo euskaraz esan. Kazetari batek ez du kronika onik egin. Jarri gaitu bi boxeolari bagina bezala. Badakit gizon ona dela eta sentibera, baina mina eman dit nola interpretatu duen eztabaidaren bukaera. Esaten du ni ziztu bizian atera nintzela handik eta Aranburu han gelditu zela jendea agurtzen. Badakizu zer gertatu zen? Ordu eta erdi eman ostean han ezin zela arnasa ere hartu. Ur baso bat ere ez ziguten jarri, hankak mugitzeko lekurik ere ez zegoen, eta egia da airea hartzeko gogoa nuela. Baina hasi ginen eskaileratik jaisten eta jendea inguratu zi-tzaigun 'Patria'-rako sinadura eske. Oraindik gogoan daukat nola gizon batek begiratu zidan barkamen eske bezala: «barkatu, baina honengana nator». Duinago iruditu zitzaidan eszena abandonatzea. Atarira atera nintzen eta han gelditu. Etorri zi-tzaizkidan lagun batzuk, 'Urrestilla' eta Urkizu... eta, portzierto, esan behar dut aukera izan nuela ETAk hildako Lorenzo Motos teniente koronelaren alaba agurtzeko. Oso pozgarria izan zen niretzat emakume horrek esan zidana, 'Martutene' irakurri zuela eta ulertzen zuela gai hauek konplexuak zirela. Enkontru horrengatik berriz ere egingo nukeen bilkura. Hori esanda, nire asmoa zen Aranbururekin elkar ulertzea, jakinik ez garela sekula erabat ulertuko. Neurri batean, erdaldunei barkatu behar diegu gu erabat ez ezagutzea.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios