Diario Vasco

Ipar Euskal Herrian euskara indarberritzeko jardunaldiak

Ipar Euskal Herrian euskara indarberritzeko, Jagon Jardunaldiak
  • Azaroaren 19an izango da, Baionako Euskal museoan

2006an, Ipar Euskal Herrian egituratzen hasi zen politika publikoa. Halarik ere, euskal hiztunen kopurua eta euskararen erabilera ttipitzen ari dira; argi dago, beraz, orain arte eginikoa ez dela nahikoa. Beraz, etorkizunean egin beharrekoa da garrantzitsua, eta horri erreparatuko dio azaroaren 19an antolatuko den Jagon Jardunaldiak. Datorren urtarriletik goiti, Euskal Elkargoaren sortzearekin batera, hizkuntza politika berri hori garatzen hasteko garai egokia izango da, eta bide horretatik doa Euskaltzaindiaren eta Euskal Konfederazioaren gonbitea: Jagon Jardunaldi berriak gizarte eragile eta erakunde desberdinetako kideak batu eta beraiei emango die hitza, datozen urteak nola irudikatzen dituzten azal dezaten eta erronka berrien aurrean nola jokatu behar den ager dezaten.

Horretarako, programa zabala atondu da, goizez eta arratsaldez gauzatuko dena. Goizean, egungo euskararen egoeraren irakurketa proposatzen da. Honela, 9:30ean hasiko da Jardunaldia, Battittu Coyos Jagon sailburuaren eta Maider Hegiren (Euskal Konfederazioa) sarrera-hitzaldiekin. Ondoren, Argitxu Etxandik (Kontseilua) ‘Euskararen estatusa. Legezko koadroa eta aukerak’ berbaldia emango du, eta 11:00etan hizkuntza politikaren erronkak aztertuko dira mahai-inguru batean.

Arratsaldean izango du jarraipena goizeko mahai-inguruak, baina gonbidatu desberdinekin. Azkenik,16:00etan, erakunde publikoei zuzendutako aldarrikapen testua irakurriko dute Xarles Bidegain euskaltzainak eta Euskal Konfederazioko Maider Hegik. Aldarrikapen honen nondik-norakoak argitu ditu Sagrario Aleman euskaltzainak, Euskal Herriko hainbat hedabideen aurrean. "Jagon sailaren barruan dagoen Sustapen batzordearen egitekoa da euskara bera zaindu eta hizkuntzaren erabileraren eremuan zer gertatzen den aztertzea, eta hor kokatzen da Jagon Jardunaldia. Horretarako, landu nahi dugun gai horretako hainbat aditu gonbidatzen ditugu, eta horien gogoetak baliatzen ditugu guk ere geure gogoetak egiteko. Tokian tokiko herri taldeak gonbidatzen ditugu, eta horiekin zuzenean lan eginez antolatu ditugu azken urteotako jardunaldiak. Baina jardunaldion egitekoa ez da hori bakarrik. Zenbait egoera larrien aitzinean, gure egitekoen artean ere badago erakundeen aurrean adierazpenak egitearena, gure kezka azalduz edo larritasun egoerak salatuz. 19ko aldarrikapen testua bide horretatik doa, eta Ipar Euskal Herrian euskarak bizi duen egoera larria salatzeko baliatuko dugu".

Baionan Euskaltzaindiak duen egoitzan izan da Sagrario Aleman, hain zuzen, Jardunaldiaren prentsaurrekoan. Ondoan izan ditu Battittu Coyos euskaltzaina eta Jagon sailburua, Aines Dufau euskaltzain urgazle eta Euskal Konfederazioko kidea, eta Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria. “Euskararen sustatzea, erabileraren zabaltzea, hizkuntzaren kalitatea bermatzea eta hiztunen eskubideak zaintzea, horiek dira Euskaltzaindiaren eginkizun nagusiak. Ildo horretan, Jagon sailaren Sustapen batzordeak, urtero, euskararen egoeraren nondik norakoak aztertzeko Jagon Jardunaldiak antolatzen ditu. Aurten, euskararen egoeraz Ipar Euskal Herrian gogoetatzea deliberatu dugu”, azaldu du Coyosek, Jardunaldiaren lerro nagusia azpimarratuz. Coyosek gogoratu du “tokian tokiko elkarte eta herri erakundeekin batera” egiten duela lan Akademiak: “Kasu honetan, Ipar Euskal Herrian zabaltzen den aro berriaren aurrean indarrak bildu eta etorkizuneko erronkak finkatu eta bistaratzeko balio izango digu elkarlanak”.

Hari horretatik tiraka, Hur Gorostiagak Ipar Euskal Herriak bizi duen une historikoari buruz hitz egin du: "Momentu inportantea da bizi dugun hau, eta mezu argia helarazi nahi diegu Ipar Euskal Herriko hautetsiei: hemendik aitzina ez da aski izanen erratea ez dela legerik; bakoitzak bere ardurak hartu beharko". Aines Dufauk, ostera, Akademia eta Euskal Konfederazioaren arteko elkarlanaz jardun zuen: "Naturalki harreman sendoak badauzkagu aspalditik, Euskaltzaindia euskararen corpusaz arduratzen baita, beraz, egituratzen dituen lanabesak erabiltzen ditugu egunero. Horrez gain, estatusaz arduratzen da. Beraz, hor badaukagu elkarlanerako parada, eta parada hori gure artean azkartu behar dugu. Euskalgintza egituratua dago Ipar Euskal Herrian, bai, baina erronkak ikusirik, normala da gure elkarlana zentzu horretara indartzea eta estrategia batzuei begira elkarrekin aritzea".

Jardunaldi elebiduna izango da eta itzultzaileak egongo dira. Jardunaldian parte hartu nahi duen ororentzat, zabalik dago izen-ematea 944158155 eta 0033559256426 telefono zenbakietan.

Etorkizuna irudikatu

Akademia eta Euskal Konfederazioa jabetu dira une historikoaren garrantziaz, urtarriletik aurrera Ipar Euskal Herriko 158 udalerri elkargo bakar batean bilduko baitira. Gorostiagak esan du euskararen alorrean orain arte "aldian aldikoa" egin dela, "ahal zena", eta ez da inoiz helbururik finkatu eta egin den guztia "ontzat" eman da, “egiten zelako”. Horren aurrean, Seaskako zuzendariak adierazi du "helburuak” finkatu behar direla, eta helburu horietara heltzeko bideak pentsatu. "Zer eta nola egin gogoetatu behar da, eta Jardunaldi hauek aproposak izanen dira horretarako”, gaineratu du Aines Dufauk.

Ipar Euskal Herriko hirigune elkargo bakarra sortzeko prozesua abiatu zenetik, edozenbat izen erabili dira egitura berria izendatzeko. Zentzu honetan, Euskaltzaindiak eta Euskal Konfederazioak Euskal Elkargoa hobetsi dute egituraren izen ofizial gisa. Hori bai, elkargo bakarreko hautetsiek erabaki beharko dute gero zein izen jarri. "Halakoetan, Euskaltzaindiari galdetzen diote Euskal Herriko erakunde desberdinek, baina gero beti ez da errespetatzen gure iritzia. Guk, Euskal Elkargoa proposatzen dugu, eta erabilerak emango digu arrazoia ala ez", esan du Sagrario Aleman euskaltzainak.

Euskal Konfederazioa

Ipar Euskal Herrian euskararen alde lan egiten duten elkarte eta federazioen bilgunea da. Iparraldean euskarak bizi duen egoeraren aurrean eraginkorragoak izan nahian, arlo desberdinetan bere alde diharduten elkarte ugarik erabaki zuten konfederazio izena hartu zuen egitura ez ofizial honetan koordinatzea. Kideen artean eremu anitzetakoak daude: irakaskuntza (Biga Bai, Euskal Haziak, Seaska...), helduen euskalduntze-alfabetatzea (AEK), hedabideak (Euskal Irratiak, Berria), material pedagogikoak sortzen diharduen Ikas, aisialdikoak (Udaleku), eta kultur arloko bestelako elkarteak.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate