Diario Vasco

Epaitegietan argitu ez dena, oholtzan epaitua

Epaitegietan argitu ez dena, oholtzan epaitua
  • Asteazkenetik igandera eskainiko dute Donostian 'Francoren bilobari gutuna' antzezlana

Gipuzkoako Dejabu Panpin Laborategia, Lapurdiko Le Petit Théâtre de Pain eta Bizkaiko Artedrama proiektu berri baten inguruan biltzen direnean beti gertatzen da zerbait ezohiko eta harrigarria. Elkarlanaren aurreneko emaitza 'Errautsak' izan zen, gero etorri zen 'Hamlet' eta azken proposamena da 'Francoren bilobari gutuna'. Luhuson estreinatu zuten urriaren 31an, Gasteiz eta Azpeitia bisitatu ditu ondoren, eta taularatu den hiru antzokietan hunkituta utzi ditu ikusleak.

Aurreikusita duten bira luzean herriz herri jarraitu aurretik, bost eguneko egonaldia egingo du Donostian, asteazkenetik, hilak 9, igandera arte. Egiako Kultur Etxean taularatuko dute, 20:00etan, 100 minutuko iraupena duen antzezlana. Sarrerak (10 euro), hemen eros daitezke.

«Nazismoak auzia ukan du, bai Jerusalemen, eta baita Nurembergen ere. Frankismoak ez. Eta gutun bera ezin da idatzi». Ximun Fuchs zuzendariak taldeko kideei bidalitako email batetik hartutako esaldi hori irakur daiteke antzezlanari buruzko txostenean. Gutuna da, hain zuzen, Günther Anders filosofo judu alemanak idatzitako 'Gu, Eichmannen seme-alabak' izkribua. Izkribuak, hobe, bi gutun idatzi baitzizkion Adolf Eichman naziaren semeari, haren aitaren biktimatzat azalduz, sei milioi pertsonaren sarraskia posible egin zuten pasibitatea eta isiltasuna salatuz eta eskatuz murgil zedila aitak sinbolizatu zuen gaitzaren kontrako borrokan.

Adolf Eichmann Argentinako gordelekuan bahitu zuen Mossadek eta, auzipetua izan ondoren, urkatu egin zuten Jerusalemen. Nazismoa, hain zuzen, epaitua izan zen Nurembergen zein Jerusalemen. Frankismoa, ez.

Zauriak, orbainak

Horrek ez du esan nahi, ordea, ondoriorik gabea izan dela Francoren diktadura. Zauriak ez dira sendatu, eta itxi direnek orbainak utzi dituzte. Hori guztia azaleratu dute hiru gai nagusi lantzen dituen antzezlanean: gizartearen osasuna, izugarrikerien transmisioa eta frankismoaren oroimena eta herentzia.

Jokalekua erietxe bat da. Han dago Iñaki, leuzemia duen hamar urteko mutikoa. Buruan gerra zibileko obus baten txatala daukan 46ko Joxan ere han da, Eta Migel eta Kristina medikuak, beste hainbat paziente eta, aldizkarien azaletan, Carmen Martínez-Bordiu, Francoren biloba kutunenena, Carmencita. Hari zuzenduko diote azkenean batzuen eta besteen ekarpenekin osatutako eskutitza.

Hiru taldeok elkarrekin lanean jartzen direnean, gauzak ez dituzte ohiko moduan egiten. Denak dira sortzaile eta, horrenbestez, sortze-lan kolektiboa dago euren ekoizpen guztien oinarrian. Ez dute testu bat hartzen, buruz ikasten eta zuzendariaren aginduetara jarrita antzezten. Testua propio sortua da, eta Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolarien sinadura darama, baina lerroak denen ekarpenekin joan dira osatzen, guztienak dira. Oholtzan zazpi aktore ariko dira: Ander Lipus, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko R. Pescador, Pako Revueltas eta Erika Olaizola. Eta horiek ere modu libre eta ezohikoan mugituko dira eszenografiaren aldetik nahiko zurruna izango den agertokian.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate