Diario Vasco

Hartu ala harrapatu?

Tilda Swinton, Agurea 'Dr. Strange' filmean.
Tilda Swinton, Agurea 'Dr. Strange' filmean.
  • Aspaldiko eta oraindik soluzionatu gabeko auzia zabaldu da berriro paperetan sarean bezala, 'kultur eskuratzea, bidegabeko jabetzea' esaldian laburtua. Norenak dira istorioak?

Aintzat hartzeko modukoa den Scott Derricksonen 'Doctor Strange' filmean, Marvel etxeko komikian Tibeteko semea zen 'Agurea' izeneko pertsonaiarena egiten du Tilda Swinton aktore emakume fin eskoziar jatorrikoak. Estatu Batuetan bizi diren hainbat eta hainbat ekintzaile asiar kexu eta minduta agertu dira. Haien esanetan, printzipioz, euren arrazako, leinuko edo jatorriko gizonezko aktore bati zegokion pertsonaia lapurtu diete. Haien ustez, bai zuzendariak bai ekoizleek baita gidoigileak ere horrela jokatu dute filma takillan eta Mendebaldeko ikusleen aurrean atseginagoa eta errazagoa egiteko asmotan. Tilda bertan izatea bidegabeko jabetzetzat salatu dute.

Komikietako Agurea.

Komikietako Agurea. / MARVEL.COM

Virgina Woolfen Orlando izan zen Swintonek berak eta irudimen handiko pelikula arras psikodelikoa burutu duen Derricksonek gogor defenditu dute egindako hautua . «Ez duzue pentsatzen Steve Dtikok 60. hamarkadan idatziriko komikian agertzen zen Agure tibetarra nahikotxo iraingarria zenik? Europarrek sorturiko orientalismoaren ezaugarriak betetzen zituen banan-banan: itxura fisiko aldetik, portaera aldetik; hitzegiteko eran ere. Gainera, bere jakinduria osoak ez zuen ezertarako balio gizon zuriak bereganatu arte... Bai, Ekialdeko neska gazte batek antzez zezan pentsatu genuen, baina horrela beste klixe batean eroriko ginen, 'dragoi neska'-renean, hots». Horrexegatik, emakume edadetu eta zeltiar batentzat berridatzi zuten personaia.

Antza, film horren auzia bertan behera utzi zuten batzuk eta besteek. Baina galderak hor dirau: non dago kultur estimuaren eta bidegabeko kultur jabetzearen arteko muga? Erreklamazioa ere ez da batere baretu; gaur egungo gutxiengoek presentzia handiagoa nahi dute zineman zein telebistan. Eta ez preseski zine eta telebista kate independiente eta aurrerakoienetan, ikusleak milioika dituzten horietan baizik.

Kexa ez da gaurkoa. Merkatua dute beti helburu ekoizleek, eta gutxiengo horiek sarrera erosteko dirurik ez duten bitartean, botere politikoa eskuratzen ez duten arte, ez Hollywoodek ez besteek ez diete jaramonik egingo. Horrelaxe pasa zen Estatu Batuetako beltzekin, homosexualekin eta, inkluso, emakumeekin. Baina orain besteak daude borrokan: latinoak, asiar jatorrikoak, transexualak…

Eddie Redmayne 'La chica danesa' filmean.

Eddie Redmayne 'La chica danesa' filmean.

Erantzunik gabeko galdera: 'La chica danesa' pelikulan Danimarkako lehendabiziko transexuala antzezteagatik Eddie Redmayne gizonezko aktore heterosexualak lortu zuen Oskarra bereganatuko zukeen benetan transexuala zen aktore batek? Kasu honetan errepusta zalantzazkoa izan daiteke, egun personaia eta aktore transexualek eragin eta indar handia baitute ikus-entzunezko hedabideetan (akorda zaitezte Laverne Coxekin, gogora ezazue 'Orange is The New Black' telesaila…). Orain arte planeta osoko milioika pantailetan zabaltzen diren transexualdun pelikulak direla eta, errealitatea ezin da ukatu: ohikoa da transexual horrena egiten duen antzezle heteroak egindako esfortzua garaikur batez saritzea.

Aferak baditu ordea beste hamaika aurpegi, alde, bidexka, eta erreza da oso barregarri geratzea sesioan. Batzuk eta besteak. Non dago itzulerarik gabeko unea? Non bukatzen da bestearen kulturarekiko estimua eta non hasi beste horren kulturaren harrapaketa?

Zer egin zuen Madonnak txapela buruan zuela, Kalakan hirukotearen konpainian 'Aldapako sagarraren puntaren puntan' ehundaka, milaka milioika ikusle-entzule-zale amorratu eta leial dituen ikuskizunean sartu zuenean? Zer zen hura? Eztimazio froga ala…? Ez ahaztu argentinar askok oraindik ez diotela barkatu Eva Duarte Peronena egin izana 'Evita' musikal miresgarrian non, nahiz eta benetako bizitzan ez ziren sekula elkartu, Che Gevara zen kontalaria….

Baina horri guztiari gogor, hertsi, kupidagabe helduz gero, noraino irits gaitezke? Kontu jakina da Spike Lee zinegileak aspaldi urrun batean lagun izan zuen Tarantinori kasik bere filmetan pertsonaia beltzak erabiltzeko debekua jarri ziola. Beste bide batetik aferari serioski kaso eginez, Flaubertek bazuen eskubidea 'Madame Bovary c´est moi' esateko ala, gizonezkoa izanik, Rodolphe Boulangerregana edo Bovary jaunarengana baino ez luke arrimatzerik izango?

Zilegi zaigu Mendebaldeko zuri hiritarroi moda etnikoa jaztea? Jamaikako rastak erabiltzea gure buru-apainduretan?

Auzia ez da itxi. Inolaz ere ez. Askok diotenez, gutxiengoek exigitu behar dute presentzia handiagoa pantailetan. Baina besteen filtrorik gabeko presentzia egiazkoa. Berariek sortutakoa. Orduan, ikerketa sakon eta primerakoa eginda ere, idazle mendebaldetarrak ez du Hego Korean kokaturiko istorio fikziozkoa idazteko baimenik?

Tony Morrison sortzaile emakume beltzak La Vanguardian esana da: «Izendatzeko ahalmena nahi izan dute beti, mundu osoa euren erara definitzeko aukera, parada eta armak zituzten horiek. Orain, berriz, argi ikusten dute izendatu zituzten horiek ahalmen preziatua kenduko dietela».

Baina definizioa bera baino haratago doa kontua. María-Paz López soziologoaren aburuz, bai, izendatzeko modua itxuraldatu dute dagoenekoz menpekoek. Izan ere, ez zara 'beltza', ez zara 'larru gorria', afroamerikarra edo sorterriko amerikarra baizik… Orain, besteek nahi zuten moduan izendatuak izan ziren horiek euren inguruko kontakizuna (besteek kontatua izan dena) aldatzeko borrokan, lehian daude.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate