Diario Vasco

«Poesiaren ikuspegi subertsiboa aldarrikatzen dut»

Mikel Etxaburu, liburua aurkeztu zuen eguneko argazkian.
Mikel Etxaburu, liburua aurkeztu zuen eguneko argazkian. / USOZ
  • 'Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak', Blas de Otero saria irabazi zuen poema liburua, argitaratu berri du Mikel Etxaburuk

Bost urteren buruan hiru poesia liburu argitaratu ditu Mikel Etxaburu Osak (Ondarroa, 1969). Azkenak, 'Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak' (Erein) 65 orrialdeko poemarioak, Blas de Otero-Bilbo Uria nazioarteko poesia lehiaketa eman zion. Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean irakasle den Etxaburuk poesiaz duen ikuspegia ez dago oso urruti sariak omentzen duen poeta bilbotarrak zuenetik.

Baduzu marmokei buruzko teoria bat...

Pertsonak binomio diferenteetan sailkatu ahal gara: altuak/baxuak; tontoak/listoak... Nahi beste daude, baina bada bat errokoagoa, estrukturalagoa: marmoka izan edo ez izan marmoka. Ondarrutarra naizen heinean, niretzat marmoka, medusa, ia-ia animalia ere ez da. %99 ura da, eta daukan meritu handiena irautea da. Mamokaren ezaugarri nagusietakoa da borondaterik eza. Ez du korrontearen kontra sekula egingo, korrontearekin batera joango da beti. Ez dauka borondaterik ezta izorratzeko ere. Bizi garen gizarteko kide asko marmokak gara. Ez gara gai izango korronte propioak sortzeko, beste norbaitzuk sortutako korronteen arabera mugituko gara. Nik arreta jarri nahi dut bere burua medusatzat ez daukan horrengan, kontzientzia hori har dezan. Gutxiengo bat izango da beti korronteak sortuko dituena, non gainontzekoak bilduko diren edo ez diren bilduko. Medusa izatea ere zilegi da, alegia, baina kontziente izanda.

Horrek eskatzen du, ezer baino lehen, korrontearen aurka egitea.

Hori da, eta korrontearen kontra egiteko lehenengo eta behin norberaren korronteak sortu behar dira, gero gainontzekoei aurre egiteko. Edo ez, eroaten uztea ere aukera bat da. Nik uste dut ‘abioi moduan’ funtzionatzen dugula gure egunerokoan, nahiz eta uste izan kritikoak eta aktiboak garela. Ezartzen dizkiguten marjinak hain dira txikiak non gure askatasun mailak oso urriak diren. Medusa ez izateak hori dakar, nork bere izatearen indartzea.

Izenburuari heltzen badiogu, lotan gaudela begiak zabaltzea. Nork zabalduko dizkigu begiak, zeuk?

Ez! Nik ez dut inondik inora apropiatu nahi inori ezer esateko arrogantzia hori, ezta gutxiago ere. ‘Dizkizut’-eko ‘nik’ hori ez naiz ni, ez da Mikel. Irakurlea da, hartzen duena, eta hartzen duen horrekin irekitzen dizkio begiak bere buruari, edo beste norbaiti.

Zuk zer eskaintzen diozu orduan, tresna?

Hori da. Begiratzetik ikusterako trantsizio hori egiteko, kontzientzia hori garatzeko, kanal asko daude, eta nik beste bat proposatzen dut: poesia. Aldarrikatzen dut poesiaren ikuspegi subertsiboa, ezinbestean behartzen dituelako irakurlea eta idazlea denbora propioa kudeatzera. Munduak aurrera jarraituko du, baina nik badaukat aukera edo beharra, eta eskubidea, tarte bat hartzeko neure buruarentzat, eta ikusteko ea ni benetan egoki nagoen hor kokatuta, ea nik daramadan nire bizitzaren lema. Alde horretatik da subertsiboa poesiak eskaintzen duen norberaren denbora kudeatzeko gaitasuna, eramaten zaituelako ikuspegi kritika lantzera. Hori, berez, potentzialki arriskutsua da, horren atzetik aldaketa etor daiteke-eta.

Zuri zer ekarri dizu poesiak?

Nire denboren kudaketan eta barne-hausnarketan lagundu dit, eta uste dudanez nire barne-hausnarketak ez direla oso desberdinak zuk izango dituzun horietatik, pentsatzen dut egokia dela poesia pertsonengan inbertitzeko. Kolektiboaren defendatzaile sutsua naiz, baina ez dago kolektiborik ez badago pertsonarik, kolektiboaren ezaugarriak joango direlako pertsona horien bulkadaren arabera. Gure herri honetan zenbat aldiz egiten den hitz herriari buruz, jakin gabe askotan zertaz ari garen hitz egiten. Herri bat pertsonek osatzen dute, eta ezinbestean pertsonei buruz hitz egin behar da. Buru kritikoak behar direla uste dut gizarte aurrerakoi bat egiteko.

Irakurlearentzako 'pertxak'

Begiak irekita, egunerokotasunari lotutako errealitate jakin batzuei erreparatu diezu. Hurbila da alde horretatik zure poesia.

Nork bere buruarekin dituen elkarrizketa luze eta hipersakon horiek aspertu egiten naute. Horrek ez du esan nahi kategoria literario handikoak ez direnik, baina ni saiatzen naiz etengabe hartzailea kontuan hartzen, idazten dudalako eraldatzeko nahiak bultzatuta, eraldaketa prozesuaren ikuspegi subertsibotxo horren baitan, eta norbanakoarengana iristeko ahaleginarekin. Hori bada helburua, nire idazteko moldea izan behar da soila, ez erraza baina bai soila, irudi komunetan oinarritua, denok nahiko erraz identifikatzeko moduko irudietan. Poemak irakurlearen interpretazioei irekita utzita betiere, ni ez naizelako nor esateko inori zer egin behar duen. Pertxa batzuk eskaintzen dizkiot, non nork bere burua, nahi badu, zintzilikatuko duen. Hori da nire helburu xumea. Badakit neure neurria zein den eta oso pozik nago gainera neurri horrekin, horrela ez baitut inoren belarriak goxatu beharrik.

Hitz huts, hutsal eta gastatuz gainezka daude garai hauek. Izan daitezke garai onak poesiarentzat?

Sarritan diogu dena esanda dagoela, ez garela fio, bueltan gatozela..., baina uste dut hori ere badela babesa, begiratzetik ikustera pasatu nahi ez izatea. Gainera, hor nahi gaituzte. Esaten denaren zati handi bat interesgabea da, baina hori ere bada ‘abioi moduan’ ibiltzea. Zentzu horretan, poesiak izan dezake lehen baino sarrera gehiago...

Poetek, printzipioz, ez diguzue ezer ‘saltzen’. Alde horretatik, beste solaskide batzuk baino fidagarriagoak zarete?

Fidagarriagoak garen edo ez garen ez dakit, baina ez daukagu ezer ‘saltzeko’, ez dugulako ezer irabazteko, ezta galtzeko ere. Askatasun puntu hori askotan zama izan daiteke, poesia den genero ertsi eta bakartiagatik. Ez du dirurik ematen, arretarik ere ez, genero txikitxua da, baina uste dut elementu inportantea dela, eta hori aldarrikatzen dut.

Pena irakurle gehiago ez izatea...

Askotan esaten dugu hori, baina geuk ere ez dugu asko laguntzen, eta askotan zubiak eraiki beharrean dinamitatu egiten ditugu. Mota guztietako poesia egin behar da, baina horren zatitxo bat behintzat eman behar zaio zubiak eraikitzeari, eta zubiek eskatzen dute poesia mota jakin bat, helburu jakin batzuei erantzungo diena.

Poesia sozialetik hurbil dago poesiaz duzun ikuspegia?

Bai, eta nire historia ere bai. Poema batean aipatzen dut oroitzea dela denbora gelditzeko era azkarra, baina oroitzea ez da berriro bizitzea, beste zerbait da. Nire poemek badute ikutu bat poesia sozial horretatik, baina ez ezer berbizi nahi dudalako, ez ezer oroitzen edo erreibindikatzen dudalako iraganetik, baizik eta gaur, gero, bihar goizean, ikusten dudalako badirela hainbat injustizia eta hainbat kontu ez nituzkeenak hala ikusi nahi. Ez nago hitz egiten iraganaz, nago hitz egiten egunaz eta etorkizunaz. Zentzu horretan, nire poesian gai sozialak albo batera uztea desegokia izango litzateke. Egunerokoaz ari baldin banaiz, egunero ikusten dudan horretan badaude konponente sozial potentea duten errealiteak.

Memoriaren inguruan bat etortzea horren zaila zaigun honetan, lagungarria izan daiteke poesia?

Ez dut uste iristen denik hori izatera. Gai horretan, poesiarako asko falta zaigu. Orbanak oraindik supuratzen ari dira neurri handi batean, eta hurbilagoko gauza tangibleez aritzen da jendea. Oroitzapenak, nork ditu bereak, eta denak dira errespetagarriak, baina ezin ditugu berriro bizi, bideratu egin behar ditugu ahal den modurik egokienean, eskubide parametroetan, denontzako nahikotasun parametroetan... Zikatriz horiek tapatzeko tirita ez dut uste denik, oraingoz, poesia.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate