Diario Vasco

Helduentzako tailerrak egingo dira lehen aldiz Durangoko Azokan

Kabi@n egingo da Wikipedia maratoia.
Kabi@n egingo da Wikipedia maratoia. / LUSA
  • Euskara ikasten ari diren edo oinarrizko maila dutenei zuzentzen zaizkie saioak, eta parte hartu nahi izanez gero azaroaren 15a baino lehen eman behar da izena

Durangoko Azokak era guztietako bisitari zuzentuako hamaika jarduera izango ditu aurten ere: mahainguruak, kontzertuak, antzezlanak, proiekzioak, solasaldiak... Aurtengo nobedadeetako bat Ikasle Egunaren eskutik helduko da, abenduaren 2an, Azokako lehenengo egunean.

Egun horretako goizean, urtero legez, milaka eta milaka ikasle izango ditugu Landakoko erakusleihoak ezagutzen eta antolatutako jardueretan parte hartzen. Nobedadea arratsaldez helduko da. Lehenengo aldiz, euskara ikasten ari diren helduek tailerretan parte hartzeko aukera izango dute: euskaltegietako ikasleek, berbalagun taldeek, irakurketa klubek... Modu honetan, Azokan modu aktiboan parte hartzeko aukera izango dute.

Jarduera hauetan parte hartu gura duten euskaltegi edo gainontzeko taldeek izena eman beharko dute aldez aurretik, ikasleak@durangokoazoka.eus e-posta helbideari mezu bat idatzita, euren datuak idatziz (izen-abizenak, helbidea, telefono-zenbakia, e-posta eta taldearen ikasle kopurua). Izena emateko epea azaroaren 15ean amaituko da.

Durangoko Azokak antolatu dituen tailerrak honakoak dira:

- Durangoko 'Listoriatura' ezagutzeko bisita gidatua, Areto Nagusiak antolatuta. Irakurketa taldeei begira egindako bisita gidatu honek istorio txikiz osatutako ibilbidea egingo du Durangoko Alde Zaharretik, hiri honegaz lotura izan duten idazle eta euskaltzaleen berri emonez. Tarteka irakurketak burutuko dira. Bisita 16:00etan hasi eta 18:00etan amaituko da.

- Kabi@k antolatutako Wikipedia Maratoia. Kulturarekin harremana duten artikuluak baliatuz, partehartzaileek wikipediaren funtzionamendua ezagutuko dute eta bertan editatzen ikasiko dute. Ikastaro honetan gutxienezko euskara maila izatea beharrezkoa izango da, eta honako taldeei begira antolatu da: esperientzia-geletako ikasleak, historia-zaleak eta abar. Tailerra 16:00etan hasiko da, eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteagaz antolatuta dago.

- Hip-hop tailerra Endika Albellarekin Ahotsenean, berbalagun taldeei, euskaltegietako ikasleei eta oro har euskara erabiltzeko gogoa duten ikasleei begira. 121 Crew taldeko kide ohiak azalduko du testuak nola idatzi behar diren DJ baten erritmora moldatzeko. Tailerra 17:00etan hasiko da.

- Bikoizketa tailerra Irudienean, zine-klub eta berbalagun taldeei begira. Telebistan ohikoak diren telesail eta filmetako pasarteak nola bikoizten diren ikasiko dute parte hartzaileek, bikoizle profesionalen eskutik. Bikoizketa gauzatzeko prozesua ezagutuko dute lan originalak ikusi eta beren ahotsa grabatzen dutelarik: irakurketa, entsegua, pertsonaiaren ahotsa bilatzea, interpretazioa eta abar. Saio bi egongo dira: 16:30etatik 18:00etara eta 18:30etik 20:00ak arte (talde bakoitzean asko jota 20 laguneko taldeak egongo dira).

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate