Diario Vasco

«Musika-eskoletako tristuraren kontrako liburua»

Oroitzapen asko bildu ditu Tapiak liburuan. Umetakoak ere
Oroitzapen asko bildu ditu Tapiak liburuan. Umetakoak ere
  • Joseba Tapia trikitilariak didaktikari buruzko liburua plazaratu du, autobiografiatzat ere har daitekeena

Joseba Tapia trikitilariak 'Larreko eskolatik. Trikitixarekin gozatzeko apunteak' liburua publikatu du. Musika-tresna honen inguruan ari diren ikasle, irakasle eta gurasoei begira idatzitakoa da, baina balio du bestelako musika-eskoletan ari direnentzat ere. «Musikaren irakaskuntzan inguruan tristura nabaritzen dugu. Irakasleek esaten dute ikasle askok utzi egiten diotela. Bai, tristura ematen digu, eta horregatik idatzi dut liburu hau. Pentsatzen dut ez ote genukeen berrikusi behar irakaskuntza kontu hau», adierazi du musikariak.

Liburuaren azala. Diseinuaz Juanba Berasategi arduratu da.

Liburuaren azala. Diseinuaz Juanba Berasategi arduratu da.

Bi eratara irakur daiteke liburu hau: proposamen didaktiko batzuen bilduma moduan eta Tapiaren beraren oroitzapen-liburu gisa. Izan ere, bere ibilbidean izandako zalantza, arazo eta ilusioen berri ematen baitu orrialdeetan zehar; eta, gainera, autobiografia tankerako pasarte horiek kolore aldetik bereizita datoz, kolore grisez emanda daude.

Argazki ugari dakartza liburuak, testu motx askoren bilduma da, eta diseinu ausarta dauka. Hain zuzen ere, eskarmentu handiko pertsona bat arduratu da diseinuaz: Juanba Berasategi.

Nolabait esateko, musikaren irakaskuntza-eredu alternatibo bat proposatzen du Tapiak, eta emaitza aurkezteko unean Maite Arroitajauregi 'Mursego' izan du aldamenean. Bi musikariok bat baitatoz proposamen berritzaile horretan. Hala ere, bien artean badago alde handi bat: Mursego aspaldi hasi zen musikaren irakaskuntzan, duela hamabost urte, eta horretan darrai; Tapiak, hasiera batean eman zituen eskola batzuk, baina urte asko dira laga ziola.

Hona hemen Tapiaren proposamen batzuk: «Kontserbatorioek interpreteak sortu nahi dituzte, paperean dagoen hura bere horretan joko duena, guk uste dugu sormena landu behar dela eta belarria oso garrantzitsua dela»; «Gaur egun, umeek, sei urte dituztela, tresna aukeratu behar dute, eta hori presio handia da»; «Batzuek esango dute solfeoari gerra egin nahi diodala, eta ez da horrela, nik kritikatzen dudana da solfeoari ikaragarrizko garrantzia ematen dion irakaslea, eta gainera ikusi dut zenbakien sistemak askotan ondo funtzionatu duela»; «Musikari izatea ez da nahikoa irakasle izateko, bokazioa behar da eta ikasleei ez diegu gure erritmoa eskatu behar».

Liburuak CD bat dakar berekin, non entzuten baitira Tapiak ikasle batzuekin egindako ariketak. Tirikitrauki musika-denda izan da argitaratzailea eta 15euroan dago salgai ohiko liburu-dendetan.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate