Diario Vasco

'Tirabirak' dokumental interaktiboa sarean jarri dute

: Libe Mimenza, Bea Narbaiza eta Edorta Arana, proiektuen bultzatzaileak.
: Libe Mimenza, Bea Narbaiza eta Edorta Arana, proiektuen bultzatzaileak. / LAURA LÓPEZ(UPV/EHU)
  • Bineten artxibo digital osoa, sortze-prozesua, albisteak, hausnarketak eta egileekin eginiko elkarrizketak eskaintzen ditu

'TIRABIRAK/Tiras que aflojan' transmedia proiektu bezala sortu zen, hala gauzatu da eta eman berri du orain arteko azken urratsa: webdoka, dokumental interaktiboa, sarean jarri da jadanik. «Euskal gatazka binetetan nola islatu izan den, eta, beraz, gure historia garaikidearen errepaso kritikoa egitea da gure asmoa», azaldu du Edorta Aranak, UPV/EHUko ikertzaileak. Gainera, proiektuaren baitan, abenduan liburu transmedia bat argitaratuko da.

UPV/EHUko EMAN ikerketa taldeak, EITBk eta Donostia-San Sebastián 2016 Europako Kultur Hiriburutzak bultzatu dute proiektua Bakearen Itsasargiaren baloreei jarraiki, hain zuzen, bakea, errespetua eta bizikidetza. Zentzu horretan, TIRABIRAK proiektuaren erronka hau da: euskal gatazkari eta bere ondorioei buruzko ikuspegi zabal, anitz eta integratzailea eskaintzea marrazkilarien lanen bidez.

1977 eta 2016 bitartean argitaratutako euskal gatazkari buruzko tirak ikusgai jartzen ditu proiektu horrek, baita beste eduki batzuk ere. Hortaz, ikuslearen nahien eta interesetarako egokitua, webdokean ikus daitezke 21 elkarrizketa, 1.200 binetako artxibo digital osoa edota historia garaikidearen gertakari garrantzitsuenak erakusten dituen ardatz kronologikoa. Era berean, marrazkilarien sortze-prozesua ezagutzeko nahiz bineta esanguratsuenetan murgiltzeko bisitaldia birtuala egiteko aukera eskaintzen du,

Proiektuaren bultzatzaileek dokumental interaktiboa egitea aukeratu dute «modu berri bat delako euskal gatazkara hurbiltzeko eta ikus-entzunezko edukiak, testuinguruko informazioa, irudiak, binetak eta beste hainbat eduki erakusteko. Horrela ikusleari aukera ematen zaio edukietara hurbiltzeko, berak nahi duen moduan eta nahi duen luzeran», azaldu du Edorta Aranak, EMAN ikerketa taldekideak.

Hurrena, liburua

Urte eta erdiko lanaren ostean, webdoka ikusgai da. Dokumental interaktibo horrek osatu egiten du izen bereko proiektua, eta bat egiten du ekimen honekin: erakusketa ibiltaria, udako ikastaroa, bideoak, telebista saioak, hitzaldiak eta argitaratuko duten liburua. Izan ere, 'TIRABIRAK/tiras que aflojan' transmedia liburua Durangoko Azokan egongo da.

Liburuak paperera ekarriko ditu erakusketako bineta esanguratsuenak, elkarrizketetan ateratako ideia interesgarrienak eta UPV/EHUko Udako Ikastaroan aurkeztutako ponentzien testu egokitua, laburra eta zuzena. Baina, batez ere, binetak izango ditu: Zaldiero, Tasio, Ripa eta Peridisenak, besteak beste.

Baina lan horrek beste berezitasun bat edukiko du, hau da lotura zuzenak izango ditu 'TIRABIRAK/Tiras que aflojan' proiektuaren beste atalekin. Horretarako, liburuko hainbat edukik QR kodeak izango dituzte, eta haien bidez web-orritik jaitsi izango ditu eduki batzuk irakurleak. «Esaterako, Forgesen elkarrizketaren laburpena irakurtzen ari denak, nahiko balu, Forgesen elkarrizketa osoa ikusi ahal izango du telefono mugikorrean. Modu berean, QR kodeak erabilita, udako ikastaroetako eduki osoa irakur daiteke», Aranaren esanetan.

'TIRABIRAK/Tiras que aflojan' proiektuaren egileek lanean jarraitzen dute, eta hurrengo urratsak hauek izango dira: telebistarako dokumental bat egitea eta dokumenta interaktiboa ingelesera itzultzea. Bitartean, webdoka prest dago, eta laster plazaratuko da liburua.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate