Diario Vasco

Paper-mutur batean kabitzen diren kontakizunak

Aukeratu, sakatu botoia, eta hortxe duzu testua.
Aukeratu, sakatu botoia, eta hortxe duzu testua. / UNANUE
  • Herritarren testuak zein idazle ezagunek idatziak Kultur Dealers ekimenaren baitan jarri diren makinetan ez ezik etxetik ere eskura daitezke

Txanponik ez da sartu behar. Aukeratu behar da zer irakurri nahi den, eta zein hizkuntzatan, botoia sakatu eta itxaron. Luze gabe, bidaia-txartel bat izango balitz bezala, paper-mutur bat irtengo da makina urdinaren sabeletik. Mikrokontakizun bat edo pentsamendu bat. Idaztea gogoko duen herritar batena, edo idazle ezagunen batek sortua. Afizionatuei fikzioaren eremua eskaini zaie; idazleei, berriz, pentsamenduarena. Lau hizkuntza daude aukeran: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa.

Eskura dauden fikziozko kontakizun laburrak horretarako jarri zen epean bidalitako 380 lanen artean hautatu dira. Pentsamendua izeneko aukeraren barruan, berriz, jada argitaratuak izan diren testuak bildu dituzte. Aforismoak, pentsamenduko pieza laburrak, filosofia eta abar izango dira. Liburu-saltzaileen gremioak, liburu-denden lankidetzarekin, testu horien hautaketa egin du. Atal honetan 70 testu aukeratu dituzte. Gaiak eta egileak anitzak dira, filosofiakoak, autolaguntza, nobelak, entsaiuak, historiakoak... Euskarazko atala ez da oso ugaria, aipagarria delarik Aita Santuaren Laudatu Si' entziklikari atera dioten etekina. Harkaitz Cano, Uxue Alberdi edota Jasone Osororen lanetatik hartutako zatiak ere badaude. Denak, esan bezala, paper-mutur batean kabitzen direnak.

Aurreneko fase honek hilabete eta erdiko iraupena du. Abendura arte luzatuko da, beraz. Makinak, momentuz, jende mugimendu handia duten tokietan jarri dituzte. Bost dira, eta horietako hiru Donostian daude (EHUko Carlos Santamaria Zentroan, Donostia Ospitalean eta autobus geltokian), eta gainerako biak Zumarragako kiroldegian eta Irungo Bidasoa Ospitalean.

Gipuzkoako beste toki batzuetatik ere balia daiteke, ordea, aukera, ekimenaren web guneko Kontakizunak atalak eskaintzen duen bilaketarako aukera erabiliz. Edukiak sare sozialen bitartez partekatzeko aukera era ematen du guneak.

«Kultura Departamentuan, arlo guztietako sortzaileengan ipini dugu arreta, eta lana erraztu nahi diegu, eta ikusgaitasuna eman. Asko dira gure lurraldeko sortzaileak, eta orain arte izan duten baino laguntza handiagoa behar dute. Ekimen honen bidez, espiritu sortzailea sustatu nahi izan dugu, profesionalena ez ezik, baita pertsona guztiena ere», adierazi zuen aurkezpenean Denis Itxaso Kulturako foru diputatuak..

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate