Diario Vasco

Gure arbasoen banderak

Gipuzkoa eta Nafarroako erreketeak Francoren eta Borgoñako Gurutzearen aurrean desfilatzen, Madrilen, 1939 urtean.
Gipuzkoa eta Nafarroako erreketeak Francoren eta Borgoñako Gurutzearen aurrean desfilatzen, Madrilen, 1939 urtean.
  • Eskandalu eta ika-mika ederra sortu zituen Pablo Iglesiasek ostegunean Borgoñako Gurutzea Madrilgo Kongresuan aipatu zuenean. Gure galdera: ikurriña baino lehen, gurean zer?

1596 urtea. Urtarrila. 25a. 'Actas de la Tierra Llana' izeneko dokumentuan honakoa irakurtzen da: 'Jaurerri honetako banderarik aurkitu ez dugunez, bilatzeko agindu hau sinatzen dut nik. Aurkitzeko ezinbestekoak diren egin beharrak egin daitezela, eta hurrengo bilkurarako prest eta gure aurrean izan dadila Bizkaiko armak dituen bandera'. Egun ez dakigu aurkitu zuten ala ez. Bai, ordea, XVII. mendean Bizkaiko itsasontziek Borgoñako Gurutzeak (zuriak) alde batetik bestera zeharkatzen zuen itsas bandera gorria zeramatela zabalik. Hori baieztatzen du 1695ean William Downmanek idatziriko 'Manual' itsas eskuliburuak. Bandera horren berri ematen dute ere Lensaren marrazkiek eta XVII mendean Richterrek eta Moronik Bilbon bertan margoturiko akuarelek.

Bilboko Konsulatuaren agindupean itsasoratzen ziren barkuek, ordea, aldrebes zituzten banderaren koloreak: gorria zen Borgoñako Koroaren ikurra eta zuria oihala. Harrigarria bada ere, garai hartako Ingalaterrako nabigazio izkribuetan Biscay izeneko herrialdeko banderatzat hartzen dute Borgoñako Gurutze gorria zuen oihal urdin iluna. Bitartean, Donostiako portutik abiatzen ziren itsasontziek lauki urdin argiagoa zuten ozeanoan erakusten zuten ohial zurian.

Kuriosoa da halaber 'El intercambio de las princesas en el río Bidasoa' izeneko koadroan zer agertzen den. Istorioa eta Historia ederki dakizkigu: Faisaien uhartean (Konpantzia ere deitzen dute Bidasoako irlatxoan) 1615eko azaroaren 9an. Espainiako FelipeIV.arekin ezkondu behar zuen Isabel Borbondarra eta Frantziako Louis XIVgarrenaren emaztea izango zen Austriako Ana hartu zituzten errege bakoitzaren enbaxadoreek.

Baina zer ikusirik badu horrek gure aiten eta arbasoen banderekin? Handia, izan ere. Koadro horretan ikusten den legez, Bizkaikoak, deitu arren, Gipuzkoakoak ziren Tertzioek ematen diote eskolta Espainiako gorteiatzeari. Tertzio horiek hiru bandera propio daramatzate; urdin ilunak, Borgoñako Gurutze gorriarekin.

Le Régiment du Labourd eta Foru Aldundiak. Garai gorabeheratsu haietan, baina pixkat beranduago (1694ean) Iparraldean Lapurdiko Erregimentua sortu zuten. Berdea zen haren banderaren atzealdea. Zuria zuen gurutzea, eta hegalak horibeltzak. Franziako eta Nafarroako erregearen alde egin zuen beti borroka erregimentu hark.

Pasa ziren urteak. Sortu ziren iraultzak. Mende berriak iritsi ziren,eta banderak aldatu. 1895ean, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 'Conferencias Políticas' deituriko asanbladan elkartu ziren. Eta horren kausaz bandera bat sortu zuten. Gorria pintatu zuten atzealdea eta aurrean hiru esku elkarturik bordatu 'Irurac bat' lelopean…

Helduak ziren iada ere Sarrionandiak 'Moroak gara behelaino artean?' berean deskribatzen eta aztertzen dituen garaiak. Afrikako Gerrara joan ziren 3.000 gipuzkoar. Espainako bandera zeramaten baina aipaturiko hiru esku horiek bordatu zituzten bertan, brigada bakoitzari zegokion banderatxo armarriarekin. Gipuzkoakoa gorria zen bezala, zuria zen Bizkaikoa. Urdina berriz Arabakoa.

Victor Hugo, Parisen hunkiturik. El Noticiero Bilbainok kontatzen duen legez, 1881eko otsailaren 27an manifestazio erraldoia izan zen Parisen Notre Dameko Konkortuaren istorioa idatzi zuen idazlea omentzeko. 300 zutoihal eta bandera baino gehiago ikusi ziren kaleetan barrena. Bilboko egunkariaren esanetan, Euskal Herrikoak biziki txunditu zuen behin batean Pasaian ostatu eta aterpe hartu zuen autorea: zerrenda bertikal zurigorriak zituen eta angulu bakoitzean, urre koloreko izarrak. Erdian, lau gerlariren eskuak eta Laurak-Bat armarria.

1894ean uztailaren 14ean, Euzkeldun Batzokijan Sabino Aranak irudikaturiko ikurriña jasotzen da estrainekoz. Egun hartan, Bizkaiko bandera baino ez zen.

La Borgoñona (Gaztelako Juana eta Felipe ederraren zutoihala berez), bitartean, piskanaka-piskanaka bihurtu zen Don Carlos Espainiako erregegaiaren jarratzaile karlisten, txapel zuri haien ikurra, baina munduko erregimentu, batailoi, futbol talde eta itsasontzi frankok oraindik daukate seinale. Eta Arrano beltza, zer? Sancho VII. Indartsuaren isla eta ezaugarritzat zuten bere mendekoek aspaldi hartan.

(Artikulu hau Juan Jose Gonzalezen 'Las banderas olvidadas de los vascos' izkribuaren eta Óscar Álvarez Gilaren 'Antes de la ikurriña' ikerketaren hariari sendo tiraka sortua izan da).

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate