Diario Vasco

Oskarbik disko berri batekin ospatu ditu bere 50 urteak

Osbarki taldeko kideak, disko berriaren aurkezpenean.
Osbarki taldeko kideak, disko berriaren aurkezpenean. / LUSA
  • Bost kantu Oskarbiren laborategikoak dira, beste bostak herrikoi moldatuak

Oskarbi taldeak 'Mendira naiz' diskoa plazaratu du. Era honetantxe ospatu du bere 50. urteurrena. 1966ko azaroan hasi baitzen kantuan Lezo-Pasaia aldeko talde hau. Azkenaldian jendaurrean kantuan hasiak dira berriz ere, eta dagoeneko lotuak dituzte hitzordu batzuk disko berriko aleak eskaintzeko. Azaroaren 13an Urretxuko parroki elizan ariko dira, 18an Pasaiako elizan, abenduaren 4an Durangoko azokako Ahotsenean eta 18an Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Hau emanaldi berezia izango da, guztira hogei lagun pasako baitira oholtzatik, beste garaietan jardundako batzuk ere azalduko dira eta.

Orain hamar laguneko taldea da Oskarbi: sei kantari eta lau musikari. Talde polifonikoa zen lehen, eta orain ere halakoxea da. Diskoaren aurkezpenera bost kantari agertu dira: Beronik Ondikola, Bakartxo Maritxalar, Iñaki Maritxalar, Maite Aizkorreta eta Jose Luis Treku.

«Hasierako haria mantendu dugu. Eta zein den haria? Bi norabidetan lan egitea, batetik geuk kantu batzuk sortzea, bestetik herri-kanta batzuk geureganatu eta geure erara moldatzea», adierazi du Jose Luis Trekuk. Oraingo diskoan «bost kantu gureak dira, eta beste bostak herrikoiak. Disko korala da, eta musika-tresna gehiagokoa». Taldea sortu eta berehala, bertako kide batzuk Arantzazura joan ziren eta han Oteiza ezagutu zuten. Apostoluekin ari baitzen lanean. Ondo hartu zituen artistak eta taldearentzat anagrama egin zien, oraingo diskoan ere ageri dena.

Diskoan bada Oteizaren letra daukan kantu bat, 'Hiru gauean'. Hark gaztelaniaz egin zuen, eta Luis Romerok euskaratu egin zigun. Aspaldi geneukan musikatuta, baina lehen aldia da diskoratzen duguna», dio Trekuk.

Bitoriano Gandiagarekin ere 60ko hamarkadan hasi zuten harremana izaten, eta disko honetan bada haren testu bat, 'Bai bai baina gero ez'. «Letra zorrotza dauka. Garai batean kantatzen genuen, eta orain grabatu egin dugu».

Diskoko ale berrienak, aurten konposatu eta osatutakoak, hiru dira: 'Mendira naiz', 'Marinela' eta 'Txalaparta'. 'Mendira naiz' delakoak Jose Luis Trekuren letra dauka eta mendizale baten poza agertzen du. 'Marinela'-n, berriz, hemeretzigarren mendean gazterik hildako Jean Bautiste Kamusarriren olerkia da oinarria. Eta 'Txalaparta' pieza bitxia da, kantaera txalapartaren erritmora egokitu baitute, hitzak nahastu egin dituztelarik. «Garai batean ere nahi izan genuen kantu hau grabatu, eta orain kapaz izan gara». Horiez gain, bada 'Xoxuak burua' kantu herrikoi ezagunaren bertsio bat; eta 'Zazpi urte', hau ere Nafarroa Beherekoa...

Zuzeneko aurkezpenak

Oskarbi taldea 1966ko azaroan hasi zen kantuan, eta ibilbide luzean ehunka kantaldi eta kontzertu eman dituzte. Ez Dok Amairuko partaide izan ziren (1967-1971), 1968an Eibarko sari nagusia irabazi zuten, 1971an Portugaleten estreinatutako Baga biga Higa Sentikarian parte hartu zuten Ez Dok Amairurekin, 1975ean Madrileko Ateneoan emandako kantaldi gogoangarria, 1976an Donostiako Belodromoan 24 ordu euskaraz kantaldi erraldoian aritu ziren, 1978an Bilboko La Casillan Joan Manuel Serratekin emandako kantaldia, 2000ko hamarkadan Quebec, Argentina eta Uruguaien kantaldiak eman zituzten, azken hamarkadan 50 kantaldi eman dituzte eta abar...

Ibilbide hori ospatzeko, memoria freskatzeko eta disko berria aurkezteko hainbat kontzertu dituzte programatuta. Hurrengoa Urretxuko San Martin de Tours elizan emango dute, urriaren 23an. Ondoren etorriko dira Pasai San Pedro (azaroak 18, ostirala, 20:00etan), Durangoko Azokako Ahotsenea (Abenduak 4, igandea, 14:00etan) eta urtebetze festa kutsua izango duen Donostiako kontzertu handia, 'Oskarbi taldea 50 urte kantari'. Abenduaren 18an egingo da, igandez, 19:00etan Victoria Eugenia antzokian. Lehen zatian taldearen 1966-1983 bitarteko ibilbidea errepasatuko dute, eta bigarrenean 1990an abiatu zen bigarren aldiko kantak izango dira nagusi, 'Mendira naiz' diskokoak barne.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate