Diario Vasco

Elena Odriozola, Andersen sarietarako hautagai

Elena Odriozola, bere estudioan.
Elena Odriozola, bere estudioan. / JOSEMARI LÓPEZ
  • Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak ilustrazio alorrean aurkeztutako euskal hautagaia izan da aukeratua

Haur eta Gazte Liburuen Espainiako Elkarteak (OEPLI) Elena Odriozola ilustratzaile donostiarra aukeratu du IBBYk (International Board on Books for Young People) emango dituen 2018ko Hans Christian Andersen Sarietarako hautagai. Haur Literaturako 'Nobel Sari txikiak' bezala ezagunak diren sari hauek bi urtean behin ematen dira 1956tik.

OEPLIrena da sari hauetara Espainiako Estatutik hautagaiak aurkezteko ardura, IBBYren Espainiako atala den heinean: hautagai bat idazleen atalean, beste bat ilustratzaileen alorrean. Oraingoan, Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak ilustrazio alorrean aurkeztutako euskal hautagaia (Elena Odriozola) izan da aukeratua. OEPLI, Estatuko lau hizkuntzetako Haur Literatura Elkarteek osatzen dute, eta beraz, horietako bat da Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkartea. Horregatik bi urtean behin euskal idazle eta ilustratzaileak proposatzen ditu Andersen Sarietarako.

OEPLIk bezala, IBBY osatzen duten beste atalek euren hautagaiak aurkeztuko dituzte sarirako, eta ondoren, Haur eta Gazte Literaturako hainbat adituk osatutako nazioarteko epaimahai batek Hans Christian Andersen Sariko irabazleak aukeratuko ditu. Irabazleak 2018an IBBYk egingo duen Biltzarrean emango dira ezagutzera.

Andersen Saria mundu mailan Haur eta Gazte Literaturan ematen den Sari garrantzitsuenetakoa da. Saria eskuratu duten ilustratzaileen artean daude, besteak beste, Maurice Sendak amerikarra, Anthony Browne eta Quentin Blake britainiarrak, Roberto Innocenti italiarra edo Jutta Bauer alemaniarra. Eta idazleen artean, Christine Nöstlinger austriarra, Gianni Rodari italiarra edota Astrid Lindgren suediarra.

Elena Odriozolak (Donostia, 1967) sari ugari eskuratu ditu orain arte. Besteak beste, 2015eko Espainiako Ilustrazio Sari Nazioanala irabazi zuen eta urte berean, Bratislavako Ilustratzaileen Biurtekoaren 'Urrezko Sagarra' jaso zuen 'Frankenstein' (Mary Shelley/Elena Odriozola. Nordika Libros, 2013) lanarekin. Birritan jaso du baita ere Ilustrazio Euskadi Saria.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate