Diario Vasco

Hasi du atzera kontua Durangoko Azokaren 51. edizioak

Christine Etchevers eta Nerea Mujika, bien artean kartela dutela.
Christine Etchevers eta Nerea Mujika, bien artean kartela dutela. / MORQUECHO
  • ‘Bizitzekoa DA!’ izango da aurtengo lelo nagusia, Azokaren «esperientzia aberasgarria» bizitzeko gonbidapena

Durangoko Azokak 51. edizioaren kartelaren eta ildo nagusien aurkezpenarekin hasi du 51. edizioaren atzera kontua. Durangoko Arte eta Historia Museoan egindako prentsaurrekoan gogoratu dutenez, ohikoa baino lehenago helduko da kulturaren plaza, abenduaren 2tik 6ra.

Bost egunez egingo den Azokak beste berezitasun batzuk ere izango ditu: Ikasle Egunak aparteko indarra izango du, eta lehen aldiz helduentzako tailerrak egingo dira. Lelo nagusia ere aurkeztu dute. ‘Bizitzekoa DA!’ izango da leloa, eta horren bitartez mota guztietako publikoari Azokaren «esperientzia aberasgarria» bizitzeko gonbidapena luzatu nahi diote. Kartelean ere islatu da 51. Edizioaren izaera. Aurreneko aldiz Ipar Euskal Herriko artista batek eguna da, Christine Etchevers margolariak. Izan ere, aparteko tartea izango du aurten Iparraldeak, hamar urte betetzen baitira EKEk eta Gerediagak hitzarmena sinatu zutenetik.

Gerediagako presidente Nerea Mujikarekin batera, prentsaurrekoan Azoka babesten duten erakunde publiko nagusietako ordezkariek parte hartu dute: Cristina Uriarte (Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua), Ana de Castro (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaria) eta Aitziber Irigoras (Durangoko alkatea). Halaber, Azokako guneen arduradunez gain, babesle pribatu nagusietako ordezkariak ere bertan egon dira: Ixone Zubieta eta Onintze Ituiño (BBK), Jose Antonio Yela (Eroski) eta Izartza Zorrozua (Euskaltel).

Aurtengo edizioaren lelo nagusia, esan bezala, Azoka bizitzearen esperientziarekin lotuta dago: 'Bizitzekoa DA!'. «Gazteei, nagusiei, haurrei, euskaldun berriei, zaharrei, euskal hiztunak ez direnei ere etortzeko eta Azoka bizitzeko eskatu nahi diegu», azaldu du Gerediaga Elkarteko presidenteak leloaren helburuak zehazterakoan.

Gonbidapena

«Gaurko aurkezpenak gonbidapen bat izan nahi du. Gonbidapena Azokara urtero zatoztenontzat, berriro ere guregana etortzeko. Zuei esker baita Azoka arrakastatsua, zuei esker jarraitzen dugulako hobetzen, edo saiatzen behintzat. Eta Azokara inoiz gerturatu ez zaretenoi ere, gonbidapena. Etorri. Ezagutu. Azokara etortzea merezi du. Gozatuko duzue. Egun pasa etorriko zaretenak, zuen idoloak ezagutzera, aspaldiko lagunak ikustera, opariak erostera, parrandan… Azokak zuentzat guztiontzat du plana. Azoka bizitzekoa baita».

Cristina Uriarte sailburua pozik agertu da Azokako antolatzaileekin batera «ibilbide zoragarri» honetan parte hartzeaz. «XXI. mendeko erronka berrietara egokitzen asmatu duzue, eta gero eta herritar gehiagorengana heltzen ari zarete». Ana de Castrok ere Azokarekiko konpromisoa azpimarratu nahi izan du: «Berresten dugu gure apustua euskara eta euskal kulturaren alde. Izan gaitezen denok ondo etorriak kulturaren plazara!». Aitziber Irigorasek ere gonbidapen zabala egin die Euskal Herriko txoko ezberdinetatik datozen kulturzale guztiei: «Guregana etorri eta Azokan parte hartu!».

«Berotasuna eta pasioa»

51. edizio honen kartela ere aurkeztu da gaurko prentsaurrekoan. Gerediagako kide Txelu Angoitiak iragarri duenez, aurtengo egilea Christine Etchevers margolaria da, Azokako kartela egin duen Ipar Euskal Herriko lehenengo artista. Etchevers Baionan jaio zen 1953. urtean eta Kanbon bizi da gaur egun. Bere karreraren hasieran margolaritza figuratiboa landu zuen, baina gero, arte abstraktua landu du batez ere, kultura zaharren sinbolo edo grafismoan oinarrituz.

Ipar Euskal Herriko margolari esanguratsuenetako bat da. Horren erakusle dira jaso dituen sari guztiak, edo parte hartu duen erakusketa guztien zerrenda: Europako Arte Akademiaren saria, Toulouse-Hispania Saloiko domina, Europako Arte Akademiaren Imagination kopa… eta abar. Prentsaurrekoa Durangoko Arte eta Historia Museoan egin izana ez da kasualitatea. Izan ere, espazio honek aurten Azokan parte hartuko du, Christine Etcheversen lanen erakusketa antolatuz.

Etchevers pozik agertu da Azokako kartela egin izanagatik: «Niretzako ere ohore handia da gaur zuekin egotea, eta Ipar Euskal Herriko lehenengo egilea izatea. Lan honetan Durangoko berotasuna eta pasioa islatzen saiatu naiz. Hori baita niretzat Azoka: dinamismoa, bizitasuna, beroa. Kartelean elementu anitz agertzen dira: liburu eta diskoak antzematen dira, pertsona bat agertzen da liburu baten azalean, beste pertsona bat liburutik ihes egiten, iraganetik eta ametsetatik ihes egiten… Letrak eta alfabetoa ere kartelaren parte dira, kolorea ematen diote, eta kartelari osotasuna ematen diote».

Horrez gain, Etchevers Ipar Euskal Herriko artista izatea ere esanguratsua da. Izan ere, aurten hamar urte betetzen dira Gerediagak eta EKE Euskal Kultur Erakundeak hitzarmena sinatu zutenetik, eta urteurren hau ospatu guran, Ipar Euskal Herriko eskaintzak leku berezia izango du Azokan. Nerea Mujikak eman du horren berri: «Ipar Euskal Herriko sorkuntzak Azokak duen presentzia bermatzea izan du helburu hamarkada honetako lankidetzak. Urteurrena borobiltzeko, Ipar Euskal Herriko eskaintza inoiz baino zabalagoa izango da aurten, eta 30 ekitalditik gora izango ditugu teknologiari, zinemari, zabalkundeari, literaturari, musikari zein arte eszenikoei lotuta. Formatuak ere denetarikoak izango dira: hitzaldiak, mahai-inguruak zein ikuskizunak«.

6.000tik gora izen-emate

Aurtengo Azoka ohikoa baino lehenago helduko da, eta horren arrazoi nagusietako bat Ikasle Eguna izango da. Ikasle Eguna Azokako lehenengo egunean ospatzen da, eta laneguna izan behar du, ikastetxeetatik Azokara etortzeko aukera izan dezaten. Hori dela eta, kulturaren plaza abenduaren 2an hasiko da, ostirala. Gogotsu dator gainera: inoiz baino izen-emate gehiago jaso dira bertan parte hartzeko, 6.000tik gora. Ikasle Egunak, aurten, nobedadeak ekarriko ditu. Ohiko goizeko jarduerez gain, arratsaldez ere nagusientzako jarduerak izango ditu, deialdi berezia eginez euskara ikasten ari direnei.

Belaunaldi berriak erakartzen jarraitzea da Azokaren erronka garrantzitsuenetako bat. «Belaunaldi berrietako euskaldunak kulturgintzaren ardatzean ipintzea da gure lan lerroetako bat, zaletasunean, sorkuntzan eta eragiletzan parte izan daitezen; parte hartu eta parte eman dezaten. Horren harira ekin genion gazteei Azokan parte hartzeko aukera ematen zieten ekimenei indar berezia emateari». Edozelan ere, Mujikak gogoratu duenez, Azokak itxura gaztea du: «51 urte izan arren, itxura gaztea du. Hala aditzera ematen du Deustuko Unibertsitateak egin berri duen ikerketak: azokako bisitariaren bataz bestekoa 37 urtekoa da, eta hirutik bat 16-29 urte artekoa da».

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate