Diario Vasco

Erne: pailazoak!

Amesgaiztorako hobea ametsetarako baino.
Amesgaiztorako hobea ametsetarako baino. / FOTOLIA
  • Hurbil dauzkagu santu, deabru, banpiro, zonbi, hildako eta minez diren arima guztiak omentzeko egunak. Hurbil dira halaber pailazo hiltzaileen hordak

Donostiako Beldurrezko Asteari ekingo diogu laisterrean. Egia, aurten Asiako terroreari egiten dio gur (ez galdu, arren, otoi, mesedez, faborez Godzillaren bertsio berri, mamitsu, arras zientifikoa, engaiamendu politiko eta sozial handikoa; ez galdu arren, otoi, mesedez 156 minutu irauten duen Hego Koreako 'Intziria', non etsai kentzaileak dantzan eta kantuz egiten duten euren eginbeharrekoa). Baina, aldi berean ez dio muzin, arbuio egiten egun plazan zein pantailetan, egunkarietako hitz handietan ilunabarreko irratsaioetan bezala errege, jaun, jabe eta parekorik ez duen pertsonaiari: Pailazoari. Izan erne, ibili kontuz: '31' izenburuko filmean, Rob Zombiek sinatuan, trumilka, arrapaladan, tropelean datoz-eta orain beldurrezko modaren puntaren puntan diren armadun klownak.

Esan dezagun egia: sekulan ez gara bene-benetan fidatu klunekin. Beti mesfidantzaz begiratu izan ditugu. Askotan eragin digute negarra gure hiri eta herrietara zetozen zirku ziztrin horietakoen pistetan.

Bai, ados: Txirri, Mirri eta Txirbiton. Bai, akort: Pirrix, Porrotx eta Marimotots. Bai, nola ez? Gari, Montxo eta Joxelontxo… Bai, ofizialki majoak ziren, atseginak, dibertigarriak, umeekin beti... jolasean? Baina ez esan zuriz margoturiko aurpegi horien barruan, atzean, bestekalde ilunean zeozer misteriotsua ezkutatzen zutela ez duzuela sekulan pentsatu edo… somatu.

Bai, bai, bai: sudur gorri horiek. Pelukak. Zapata handiak Bai majoak. Emaiozu muxu Porrotxi, emaiozu pa Mirriri esaten zizun amak edo aitak. Eta zuk ezetz. Eta zuk alde, ospa, ihes egin zure gurasoen besoetatik. Ihes egin eta ezkutatu. Eta ama eta aita kezkaturik. Zeharo. Kasik haurtzaindegiko psikoloarengana eraman zintuzten behin...

Orain duzu porogatu oker zirela, ezen orain munduan zehar badabiltza pailazo hiltzaileak, pailazo hilgarriak, pailazo beldurgarriak. Be-ne-ta-ko-ak. Bagenekien guk Txirriren barrenetan Joker bat zegoela. Egun, munduak baieztatu du.

Erne ibili, zaudete atezuan, agertzear dira eta. Laister izango da haien garaia. Berehala ikusiko ditugu izkinetan. Eta ez. Ez da elezahar urbano horietako bat. Ala bai. Batek daki, Deabruak daki. Baina legenda urbano egiazkoa Wisconsin osoa ikaratu duten paialazo txano eta labandunak izan dira. Virginan eta Marylanden ikusi izan dituzte. Bai, pailazoak. Bai, irritsu direla ematen du. Baina, ez, begiratu ondo (ahal baduzu, bederen…) eta ikusiko duzu aurpegian margoturiko hori ez dela irriñoa, herio imintzoa baizik.

Floridan ibili dira paseoan jendea jardinetatik uxatuz. Bostoneko poliziak batzuk atxilotzen ahalegindu ziren. Eta ezin izan zuten… Magia egiten, magia beltzean ere iaioak dira.

Ibili erne: santu,hildako, minez dauden arimekin zein Halloween ospatzeko mozorrotuko diren iñozo guztiekin izango baitira nahasturik killer clowns horiek. Britainia Handiko Plymouthen kaleak birrindu zituzten. Blackbournen ere antzeman izan dituzte bizpahiru Augusto pistoladun…

Eta guk txikitatik bagenekien. Susmoa bagenuen. Zirkua beti izan da ilunabarreko lekua non zorigaiztoko izakiek aterpe, babesleku aurkitu izan duten. Guk bagenekien. Ederki asko. Eta ez bakarrik Rob Zombieren pelikula guztiak ezagutzen ditugulako. Ez horixe. Bagenekien The Tiger Lillies taldea entzun genuelako behin Berlinen E.A. Duponten 'Varieté' filmari musika jarriz. Zuzenean. Bagenekien, Tod Browningen 'Freaks' delako beldur, izu, ikara eta espantuzko urtaro honetan behin eta berriro ikusten dugun zeluloidezko harribitxia.

Gurasoek esaten ziguten pailazoa atsegina zela. Orain dugu porogatu engainatu zirela.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate