Diario Vasco

Larre eta Hernandorena omenduko dituzte Xalbador Egunean

Iaz zendu zen Emile Larre euskaltzaina.
Iaz zendu zen Emile Larre euskaltzaina. / DV
  • Igande honetarako Urepelen prestatu duten egitarau zabalaren barruan, bertsolaritzaren bi sustatzaile horien inguruko mintzaldia eskainiko du Joxemari Iriondok

2004 urteaz geroztik, Xalbador Eguna antolatzen du Urepelen, 1976an zendu zen bertsolari handiaren jaioterrian, Deiadarra taldeak, aurretik ere Xalbadorren omenez egiten ziren urteroko ekitaldien segida hartuz. Asteburu honetan egingo da aurtengoa, urriaren 22 eta 23an, eta Fernando Aire zena gogoratzeaz gain beste bertsolaritzaren eta euskararen bi sustatzaile handi omenduko dituzte, Emile Larre eta Teodoro Hernandorena. Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta EiTBren laguntzaz eta Euskaltzaindiaren babesarekin antolatzen den eguna, berez, igandean helduko da, baina atariko aparta izango du larunbat honetan, urriak 22, Kepa Junkeraren eskutik. 21:00ean 'Maletak' diskoa aurkeztuko du musikari bilbotarrak Urepelen, inguruan Sorginak dituela.

Egun osoko egitaraua prestatu dute Urepenen iganderako, goiz hasita, 9:00etarako Xalbadorren etxola bisitatzeko txangoa antolatu baita. Ondoren, meza nagusia eta aipatu omenaldia, bi omenduak ondo ezagutu zituen Joxemari Iriondoren eskutik, berak emango baitu haien bizitzen eta lanen berri. Bazkalordura arte dantzariak eta herri kirolak izango dira, eta bazkalostean, berriz, bertsolariak eta erromeria. Bertsotan aritzeko Amets Arzallus, Xebastian Lizaso, Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe eta Jose Luis Gorrotxategi izango dituzte.

Omenduei dagokienez, Emile Larre herrialdekide zuen Xalbadorrek, eta belaunaldi berekoa, 1926an jaio baitzen Nafarroa Behereko Baigorrin, Xalbador munduratu eta sei urtera. Hark ez bezala, baina, bizitza luzea izan zuen iazko maiatzean hil zen Larrek. Larre, 'Sokorri' ezizenez, apaiza, euskaltzaina, bertsolaria, idazlea eta alor askotako eragilea izan zen. Xarriton, Iratzeder, Hiriart-Urruti eta beste zenbaitekin batera, Ipar Euskal Herriko apaizen artean eta, oro har, herrietan, euskara zabaltzeari ekin zion, horretarako eskura zeuzkaten tresna denak erabiliz. Larreren kasuan, besteak beste, hainbat aldizkaritan idatzi zuen, eta 'Herria' aldizkariko zuzendaria izan zen 33 urtez. Bertsolaritzaren sustatzailea ere izan zen, Monzon, Hernandorena eta Larzabalekin batera. Bertso eder ugari ere idatzi zituen.

Hernandorena, 1990ko argazkian.

Hernandorena, 1990ko argazkian. / USOZ

Teodoro Hernandorena, berriz, dentista izan zen. 1989an Zizurkilen jaioa eta 1994an Donibane Lohizunen zendua, kalean ikasi zuen euskara, euskaltzaletasuna Zaragozan piztu zitzaion, ikasle zela, eta Basurtuko Ospitalean lanean hasi zenean murgildu zen giro abertzalean, EGIko kide bilakatuz. EAJren baitako lan politikoa eta kultur sustapena uztartu zituen gerraurreko urteetan. Denetarik egin zuen euskara zabaltzeko, eta aritu zen musikagintzan, irratigintzan, zinemagintzan... Gerra amaitzean Ipar Euskal Herrira joan zen bizitzera, euskararen eta euskal kulturaren aldeko lanean amore eman gabe.

Beste ekimen batzuen artean, gerraurrean ezagutu zituen Hego Euskal Herrian egin ziren bertsolari txapelketak gogoan, Iparraldera eraman nahi izan zituen. Hala, Larre, Monzon, Labegerie edota Larzabal lagun zituela bereziki saiatu zen Ipar Euskal Herrian bertsolaritza sustatzen. Aurrena lokalizatu zituzten bertsolariak, beste batzuen artean Mattin eta Xalbador, eta ondoren ekin zioten tokapeta eta txapelketan antolatzeari, bertsolaritza Pariseraino eramatea lortu zutelarik.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate